2010-05-17

Graduazioa


Larunbatean, maiatzak 15ean, 11:30etan, UPV/EHUko Letren Fakultateko Areto Nagusian Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazio ikasleen diplomak banatzeko ekitaldia ospatu zen lehenengo urtez. Pasa den ikasturtean 180 ikasle titulatu izan ziren bi espezialitate hauetan, 112 Filologian eta 68 Itzulpengintza eta Interpretazioan. Guztiak izan ziren deituak ekitaldian parte hartzeko haien adiskide eta familiekin batera.
Haietako bat, beste guztien aita izan zitekeena, neu izan ninduzuen eta horrekin burutu nuen aspaldidanik zerrendan neukan proiektuetako bat, gazteagotan egin beharrekoa. Baina inoiz ez da berandu eta hobe aurrerantzean ere proiektu berriak badauzkagu begien aurrean, zerumugan.
Zer lortzen dudan horrekin?
Lehenengoz, esandakoa, pendienteen zerrendatik gauza bat kentzea. Horrek berez ematen du poztasuna. Baina, batez ere, asko ikastea, horixe eskuratu dut, asko horretatik derrepentean hainbat erdi ahaztuta geratzen bada ere. Beti geratzen da, baina, halako posotxo bat putzuaren barrenean, batez ere hizkuntzalaritzan.
Ea zer datorren zerrendan hurrengo ...

2010-05-13

euskara geure lurraldea dugu






Maiatzaren Bata zela eta egun hartan, larunbatean, dokumental oso interesgarria eskaini zuten ETB2an, gaueko 10etatik aurrera edo. Bizkaiko industrializazio prozesuaz izan zen, baina batez ere langile xumeenen ikuspegitik begiratuta, zein nolako bizitza pairatu zuten eta abar.
Saioaren 3. partean Ramiro Pinilla agertu zen bere testigantza emanez eta luzaroan nenbilen hark esandako gai bati bueltak emanez. Hori zela eta kontsulta bat egin nion gure lankidea den Juan Karlos Romerari, bere iritzia eskatuz.
Ramirok kontatzen zuen garaiko etorkin haiei "maqueto" deitzen zietela eta mespretxatu egiten zituztela euskaldunak ez zirelako eta gainera kristau onak ere ez zirelako. PNVren sorrera arrazistarekin lotu zuen fenomeno hura eta Ramirori nabaritu nion gorrotozko zertzeladatxoren bat euskaldunen aurka.
Galdera zuzenera jota, guk barkamena eskatu behar ote dugun planteatzen nion Juan Karlosi eta neure buruari, euskaldunak izan eta gaiztakeria hura egiteagatik.
Iritzia ere ematen nion galderari erantzunez, bide batez, barkamena eskatzea faltsukeria eta zentzugabekeria zela esanez, alegia, katolikoek erakutsitako ustelkeria zela, baldin ez bada norberarengandik ateratzen eta helburu "politiko" batez egiten bada.
Hala ere, guk, euskaldunok, adierazpen argi bat egin beharko genukeela gehitzen nion, orduko gaizki egina errekonozituz. Honekin ezin zela inola ondorioztatu euskarari uko egin behar zaionik.
Ez nekien arrazoi argirik azaltzen horrela pentsatzeko, baina susmatzen nuen Pinillarengan egon zitekeela halako bekaitza edo gorrotoa euskararen aurka.
Juan Karlosek Bernardo Atxagari egindako elkarrizketa bat pasatu zidan, EuskoNews-en argitaratukoa eta nola edo hala nire zalantza edo kezkei erantzun nahi ziena. Modu aproposean egitea lortu zuena, bestalde.
Aldizkari horretan Velez de Mendizabalek egindako elkarrizketaren laburpen bat besterik ez zetorren, baina bazekarren elkarrizketa Interneten osorik ikusi eta entzun ahal izateko erreferentzia bat.
Atxagaren begirada eta pentsaera ikus daiteke web orrialdearen behe eta eskuin aldean datorren elkarrizketa honetan. Arlo ezberdinak ukitu eta jorratzen ditu, politika, gizartea, literatura eta abar, baina euskarari buruzko ikuspegia nabarmenduko nuke, solasaldiaren azkenean topa daitekeena. Luzea izan arren mamitsua da solasaldi osoa. Alferrik da ezer azaltzen ibiltzea, Atxagaren ahotsean entzun daitekeenean.

2010-05-09

Morgako bira

Asteburuetan Morgari bira pare bat egiten diogu, bat larunbatean eta bestea, igandean. Beti izaten da bira ezberdina, buelta bakoitzean eguraldia ezberdina izaten baita, eguzkia, haizea eta batez ere, ingurune naturala.
Bidaiaren erdi aldean edo geldialditxo bat egiten dugu urak aldatzeko eta une hori, urez ezeze, naturak eskaintzen dituen beste elikagaiez ere gozatzeko aprobetxatzen dugu, zentzumen guztiak baliatuz.
Leku hori erabiltzen dugu urak berrizteko eta burua ere apur bat berpizteko. Isiltasun zaratatsuak horretan asko laguntzen du.

2010-05-07

Aurrerapenari ukoa?

La mina. Historia de una montaña sagrada izeneko bideoa ikusi beharrekoa da munduan zer gertatzen ari den (zer gertatu den beti) apur bat ganetik ikusteko.
Zer aurrerapen itxaron daiteke aintzinako munduan lurperatuta bizi nahi dutenengandik?
Munduak aurrera egin behar badu, aurrerapen ekonomiko, kultural eta soziala garatu nahi baldin badira, bigarren mailako gauzatxoei uko egin beharko diegu, halabeharrez.
Horra hor, atzeratuta bizi den tribu indiar bat. Haiek ez dute aluminiorik behar izango, baina zer egingo genuke hegazkinik gabe, edari freskagarririk gabe, ... mundu zibilizatuan?
Eta kontuz, ez diote legearen arrazoiari errespeturik adierazten. Lotsagabe erakusten dituzte euren armak, arma xumeak, bai, baina hilgarriak. Ez al da hori terrorismoa?
Noski, haiek ez dira aurrerapenaren onurak objektibotasunez antzemateko gai, eta ez digute , beraz, legearen indarra gordintasun osoz erabiltzea, beste erremediorik uzten.
Normaltasunean murgiltzen direnean, orduan eskertuko digute euren ezjakintasunetik atera izana.
 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago