Mostrando entradas con la etiqueta familia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta familia. Mostrar todas las entradas

2015-02-04

Puletik ere Gezuragara bikote bila


Puleko Leon Elorriagak (1838) seme zaharrena, Guillermo, Gezuragara bidali zuen emazte bila eta han topatu zuen Catalina. Baina etxean, Pulen, geratu zena hirugarren alaba izan zen, Anselma (1869). Leonek sei seme-alaba izan zituen, zaharrena Guillermo (1865), Patxikoren aita. Zergatik hartu zuen Puleko oinordekotza hirugarren alabak, Anselmak? Zergatik ez zen Guillermo Pulen bizi izaten geratu, etxe berri baten bila hasi beharrean? Azken galdera honen erantzuna gaurko Gezuraga baten hitzetan jaso nuen: Andra Marira joan zen taberna hurbilago izatearren. 
Anselma ere leku berberera joan zen, Gezuraga behekora eta han Simeon topatu zuen ezkongai eta Pulera eraman. Honen anaia zaharrena, Eugenio, jatorrizko baserrian geratu zen. Hurrengo belaunaldian Simeon eta Anselmaren alaba zaharrenak ere, Sabinak, Gezuragara jo zuen ezkontza garaian eta han Eugenioren semea, Gabino aurkitu zuen.
Gabino Gezuraga eta Sabina Gezuraga, erdian

Hurrengo belaunaldian Puleko Felisa Gezuraga Gezuraga (1921), gure amari, egokitu zitzaion Puletik Gezuragara joatea horretarako adinera heldu zenean. Ibili ere ibili omen zen Gabiño Gezuraga mutil lagun hartuta. Ez bere aita, Gezuragako lehengusua baizik. Baina, zorionez, tradizioari uko eginik Gezuragako mutil laguna eta Pule ere utzi egin zituen. Zertarako? Zorroza batekin ezkontzeko! Baina ez edozein Zorrozarekin, ez, Trinirekin baizik, Eskolo Zorroza Zorrozaren semearekin. Zorroza bikoiztuta izatea gutxi balitz, Eskolok ere Gezuragara jo zuen bere egunean hango Anastasia Gezuraga, Gabinoren arreba, emaztetzat hartzeko. Nola arraio lortu dugu bestela dauzkagun abizenak izatea? Hona: Zorroza, Gezuraga, Gezuraga, Gezuraga, Zorroza, ... 

2015-01-25

Zorroza eta Gezuragatarren Endogamia

Gezuraga Behekoa
Jakina da Morgan guztiok garela, urrago-urrunago, senideak. Beste herri batzuetan ere antzekoa gertatuko zen, baina Morgakoa harrigarria da. Susmatzen dut ezkontza-politika oso indarrean egon dela beti herrian. Maitasuna, erromantizismoa eta haragikeriak politika horretatik at bilatu beharko ziren agian. Ondorioz, baserritarrek antzeko statusdun etxekoekin antolatu bide zituzten seme-alaben ezkontzak etxearen jabegoari garrantzia gorena emanik eta ahal zen heinean negozioak etxean jarraitu behar zuen. Hau izan da gure patua
Gezuraga Goikoa (berria, 1865)

Zorroza eta Gezuragatarrena, hala ere, marka guztien gainetikoa da. Ze amorruz ekin izan dioten beti beraien artean nahastu beharrari! Abizen bereko ezkongairik eskura izanez gero zertarako urrunago jo? Lau mendetako asaba guztiak zenbatzen hasi ezkero gutariko edozeinek 260.000tik gora kalkula ditzakegu, bai, bai, miloi laurdenetik gora. Bada, hainbeste milatatik zorrozatarrak zorrozatarren bila hasten dira zoro moduan ezkontide bat aukeratzeko, edo bestela Gezuragaterren peskisan.
Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboan begiratzen hasi eta bataio agirietan datozen Zorroza goiztiarrenak Pedro eta Maria Çorroza neba-arrebak izan ziren, lehena 1553an eta bigarrena 1555ean bataiatuak. Haien gurasoak Yñigo eta Mariperez izan ziren. Bigarren abizenik ez zaie agertzen. Eztakigu bata edo bestea gure asabak izan ziren, baina baziren gure asabak Santorum Duo eta Mariasaez Duo y lequerica senar-emazteak. Duo biak, senarrarena eta emaztearena, Zorroza ziren. Batzuetan abizena etxearen izenarekin nahasten edo konbinatzen da eta, honela, Duo eta Duo Zorroza edo Zorroza de Duo baliokideak izan ohi dira. Berdin gertatzen da Lequerica etxearen izenarekin, hau ager daiteke soilik edo Zorroza abizenarekin konbinatuta. Horrela, Santorum eta Mariasaezen seme Pedro,  Çorraça, Çorroça (Duo) abizenekin dator erregistratuta, etxearen izena parentesi artean dela. Zorroza abizena bikoiztuta izatea gutxi balitz, gure arbaso Pedro 1629an Begoñan ezkondu zen Maria , Escurra, Gueçuragarekin.
 Haien seme Miguel, (Duo) Corroca, Escurra urte gutxi batzuen buruan  Mariperez, Balle, Arteeta izenekoarekin ezkondu zen. Biak ziren 1636ean jaioak eta zortzi seme-alaba izan zituzten: Domingo (1659), Joan (1661)  Maria (1664) Pedro (1666) Martin (1668) Maria Josepha (1671) Ana (1674) eta Bartholome (1677). 
 Alabetariko bat, Maria Josepha Zorroza Balle, Domingo Guezuraga Apraizekin ezkondu zen. Azken hau Gezuragatarren aldetik dugu arbaso. Bigarren semea, Joan Zorroza Valle (1661) Catalina Gueçuraga Oruerekin ezkondu zen1691an. Hauek gure arbasoak izan ziren eta bederatzi seme-alaba izan zituzten, adi haien izenei: Joan (1694), Joseph (1696), Joan (1699), Maria Antonia (1703), Cathalina (1705), Joseph (1708), Francisca (1711), Miguel (1715) eta Francisco (1719). Semea Francisco eta alaba Francisca izatea nahiko arrunta zen, baina deigarria da ez bat, seme pare bi izen berekoak izatea, kasu honetan Joseph eta Joan. Ohikoa zen, seme edo alaba bat erditzean edo umetan hiltzen zitzaienean honen izena hurrengo bati jartzea. Hala ere ahaide hauen kasuan ez dirudi halakorik gertatu zenik, arrazoia beste nonbaitetik ideiatu beharko da. Izan ere, txikitan hiltzearen hipotesi horri bide emango liokeen hileta agiririk ez da inon ageri.
Joan bi horietako zaharrena 1694ko gabonzar egunean jaio zen eta bestea 1699ko Inozente egunean. Aita bera zuten biek, baina ama ezberdina. Lehenaren ama Anttonia izan zen eta bestearena Cathalina, iskribuek diotenez. Cathalina beste anai-arreba guztien ama ere izan zen. Nor zen, orduan, Anttonia, abizen berberekin datorrena? Anttonia bakarra Cathalinaren ama zen, ez da beste inor agiri  izen horrekin. Dena geratzen zen etxean. Joan bietako bat, eztakigu zein, Okorikokoen arbasoa dugu, Doroteo eta honen oinordekoena.
Badago beste bitxikeria bat Joan izeneko anaia biei buruz. Ezkontza agiriei kasu egiten badiegu Lequerica Çorroza, Guesuraga, Joan Morgan ezkondu zen Duo, Apraiz, Ysabel izenekoarekin 1722ko ekainaren 10ean eta berriro irailaren 4an. Bi aldiz ezkondu ziren ala Joan anaia biak ezkondu ziren emazte berarekin? Seguruenik iskribua bikoiztuta egongo da. Beste bitxikeria bat, gauza arraroak pentsatzera eraman gaitzakeena, Çorroza, Guezuraga, Juan Morgan ezkondu zen, iskribuen arabera, 1735ko abenduaren 12an Castillo, Gangoiti, Josepha izeneko emaztearekin eta egun berean Zorroza, Guezuraga, Joseph Larrabatzuko Goikoelexean ezkondu zen Gastelucho, Ganguti, Josepharekin. Nor ezkondu zen norekin, zein Joseph zen hura? Atera ondorioak horri! Auskalo!
Duo Behekoa
Agiri zaharrenei aditurik Duon topatzen ditugu lehen zorrozatarrak. Honela, Mariperez Balleren senar Miguel (Duo) Corroca dator bataio agirian. Honek erakusten digu etxe horretakoa zela, Duokoa, edo, herrian esaten den modura esanda, Dungoa. Hauen seme Joan Duo Zorroza 1691ean Cathalina Guezuragarekin ezkondu zenean Gezuragara joan zen bizitzera. Izan ere, hauen seme-alaben bataio agirietan Zorroza Guezuraga, Guezuraga abizenez datoz jasota. Denak, gazteena salbu, hau, Francisco Çorroza Lequerica , Guesuraga
abizenez jasoko baita agirietan. Okorikokoen arbasoa zena, Joan Lequerica Çorroza Guesuraga Lekerikara ezkondu zela esan liteke. Gure arbasoa Miguel, ostera, Fikan ezkondu zen 1743an.
 
Duo Goikoa
Gaitzerdi egungo belaunaldikoak leku exotikoagoetara abiatu diren bikotekide bila, Paraguay, Ondarroa ...



2013-06-25

Naturala

Naturala da guraso batek bere seme-alaben onura nahi izatea.
Naturala da norberak atxiki nahi eta ezin izan dituen lorpenak semeak eskuratzean norberarenak direla sentitzea.
Harrik gainditu du C1 Ingeleseko titulua, nola lehen froga hala bigarrena, ahozkoa. Nik ahozkoan bi aldiz egin nuen huts. Lan ona egin dit eta zoriontzeko moduan nago. Esan nahi dut, neu zoriondu nazakezuela, poztasun handia hartu baitut, ukabilak gora eta irrintzi alaia. Harriri ere eman zorionak, nahi baduzue. Nireak hor doaz: Zorionak, Harri!

2013-05-17

Trinik 100 urte















Gaur dela 100 urte jaio zen Trini zena Errementarin. Guk ezagutu izan dugun ia denbora osoan ez zen oso hitzontzia. Azken urteetan hasi zen, gero eta gehiago, bere bizitzako pasadizoak kontatzen, baina gai batzuk aipatu ere ez zituen egiten. Noiz izan dugu bere anaia fusilatuaren berri? Besteek kontatu edo iradokitakoaz dakigu haurtzaro latza izan zuela. Urte haietan nork ez? Berak bereziki amaren falta botako zuen, oso txikia zelarik hil baitzitzaion. Ez dakigu ezer haren haurtzaroaz. Gaztetan Bilbora joan eta han bilakatu zen sasi-baserritar, sasi-hiritar.
Umezalea ez zen inoiz izan. Ume txikiak ahalik eta urrunen. Bat edo bat gehiegi hurbiltzen bazitzaion makilatxoa astindu eta uxatzen zuen. Honetan, hala ere bazituen bere ahuleziak, bere alabaren batekin, esaterako.
Ia bizitza osoan eraman zuen sabelean barrua jaten zion arra, harik eta adinean oso aurrera joanda, ezinbestean ebakuntza egin zioten arte. Kirofanora eramateko bila etorri zitzaizkionean negar zotinka gogoratzen dugu, nola ahaztu, azken hatsa botako zuen ikaraz. Ostera, ordua benetan etorri zitzaionean, bazekienean, jada zalantzarik gabe, azken egunak zituela, irmoki erabaki zuen, bestelako emoziorik gabe, ez zuela ezer gehiago jan nahi, bazihoala betirako.
Egun berean, 1913ko maiatzaren 18an, jaio zen Bogota hirian Nicolás Gómez Dávila filosofoa. Honen pentsamendu zorrotzak "escolio" izendatu zituen idazleak berak. Halako bat da hau:  “La momentánea belleza del instante es lo único que concuerda en el universo con el afán de nuestras almas”.




2012-09-20

Rocio eta Beñat ezkondu

Irailaren 15a eguna, egun gogoangarria. Data zehatza eta urtea bera ere ahaztuko dugu askok, baina ez dugu gertatua sekula ahaztuko. Egun alaia eta zoriontsua.
Zorionak Beñat eta Rocio, bide luzea daukazue elkarrekin egiteko. Hona zuei eskainitako bertso parea, habanera doinuaz kantatua:

Nor da txupatxusarekin
datorren ume argia?
Suntsitu arte ahoan
mantenduko du saria.
Nor ule kirru-horidun
mutiko maitagarria,
gabardina ta guztiko
bakero beldurgarria?
Bigarren mundu gerrako
edozein gertakaria
kontatzen hasi ta berak
jarraituko du haria.
Habanerazko doinu hau 
da Beñaten historia,
denboran laburra, baina
ekintzetan ugaria.

Motorren hotsa mingainaz
egin ezinik luzaro,
baina dislalia haiek
erraz zituen igaro.
Bizikletan sufritzea
egin zitzaion arraro.
Orduan konturatu zen
zuela arrauna gurago.
Karrera berria ere
lepoko minez akabo, 
zoritxarrez ezin joan
Zierbena baino harago.
Bere azken apeziñoa
fruta dalakoan dago:
atsegin du madaria,
paraguayoa gehiago.







2011-09-20

Teofilo

Irailaren 27an 36 urte dira Jon Paredes Manot, Txiki, fusilatu zutela, 75ean.
Irailaren 27an 75 urte dira Teofilo Zorroza Gezuraga fusilatu zutela, 36an.
Ez ziren bakarrak izan, eurekin beste lagun batzuk ere akabatu zituzten. Esku eta arma berberak ziren, zenbakiak eta 21 urteko inozentzia berdinak. Gogoan ditugu.

2010-12-27

Amabitxik 87 urte


Gaur Tia Mariak 87 urte egin ditu eta oso ondo ikusi dut, bere betiko umore onaz. Atzo bere auzokide Pedro Manuelen urtebetetzea izan zen arren ez omen zuen ikusi ere egin. Gaur Pedro zorionak ematera datorrenean, seguru etorriko baita, ez duela ezer jakin nahi esango omen dio, atzo basu bete uretara gonbidatzeko gauza izan ez bazen, gaur ezertan ez etortzeko esango omen dio. Gordeta dekotzet.
Nik hamar urteak Tolosan nengoela bete nituen. Eguna antsiz eta gogoz itxaroten nuen. Postalak hartzeak, zenbat eta gehiago hobe, oraindik ilusio handia egiten zuen. Nire aita-amabitxiengandik zurezko kaxatxo bat hartu nuen. Barruan erloju bat zekarren, izan nuen lehen erlojua. Seguruenik balio txikiko erlojua izan zen edo esku artean hainbeste ibiliaren ibiliaz hondatu egingo nuen. Ahaztuko nituen hainbat opari, bai azkenengoz jaso dudana ere, baina zurezko kaxatxoan zetorren opari hura ez dut inoiz ahaztuko.
Gaur hitza hartu diot Tia Mariari, artirina heltzen zaionean taloa jatera joango naiz eurenera.

2010-11-17

Zorionak Pello!

Zorionak, Pello!
Gure 24ak atzo goizean izan ziren. Ez zara gogoratzen zelan mahonezko praka haiek jazten nituen? Eta zela soldadutzara Valenciara joateko deialdia jaso nuen?
Ba, horixe, atzo goizean

2010-11-11

Zorionak, Maialen!!

Zeuri be badatortzu zeure San Martina. Baina zuretzat San Martin santu ona eta ongilea da.
Gozatu!!

2010-08-09

Iñaki Katalana, gaiztakerietan jefe


Txabolakideei agurra idatzi zienean ez zekien azkenetariko agurra izango zuenik.
Duela 50 urte, bat gora behera, argi erakutsi zuen Iñaki Katalanak gaiztakerietan jefea zela.
Igande arratsaldea zen, errosariotik urten berri, umeok frontoi inguruan bildu ginen eta Iñakik deiadarra jo eta berehala bildu gintuen. Berak bazekiela non zeuden melokotoi eder-ederrak eta haiek harrapatzera joan behar genuela denok. Sasoi honetan izan bide zen, abuztuan, izan ere, melokotoi-muxikak handituta bai, baina oso berde zeuden oraindik eta.
Ez dakit zenbat mutiko bildu ginen, asko ginela bai, dozena batera helduko ginen, agian. Imanol eta biok izango ginen txikienetarikoak, zazpi urtetik gora ez geneukan inondik ere, agian gu baino gaztetxoagorik ere izango zen, baina. Imanolez bai gogoratzen naiz han izan zela, Imanolek ezin baitzuen nahita ere halakoetan hutsik egin. Iñaki gu baino lau bat urte zaharragoa zen.
Han abiatu ginen mutil guztiok, Iñaki buru zela, zakur basatien antzean. Lekerikan behera, errekarantza egin genuen eta laster heldu ginen Dungo Balerio eta Errufinareneko melokotoiondoetara. Lekua Duotik nahiko aparte zegoen, errekara bidean. Arbolen inguruan leize-troka batzuk zeuden, sasiz goraino jantziak. Helduaz batera gehienok arboletan gora egin genuen altxor preziatuen bila. Sarraski ederra egiten ari ginen, izan ere melokotoiak ez zeuden inola ere helduta eta bat probatu, beste bat horzkatu ... denak botatzen genituen, helduagoren baten bila. Baina han ezin genituen helduak topatu, ez zegoen heldurik eta.
Hasieran lapurretan beldurrez eta isilik bagenbiltzan ere, laster hasi ginen astrapala handia ateratzen. Fruta gozoa jatearen helburua zapuztu bazitzaigun ere, gaiztakeria itzela egiten ari ginen bizipena geneukan eta horrek sekulako zirrara ematen zigun, batez ere elkarri egindako txantxa eta iruzkinak entzutean.
Momentu batetik aurrera gertatu zena ziztu bizian pasatu zitzaidan eta ez nintzen jazotakoaz ia jabetu ere egin. Orain konta badezaket, gertaera jazo eta hurrengo egunetan Urrufiñak berak gure amari, neu aurrean nengoela, barre artean azaldu ziolako da.
Arboletan geunden txoriotako batek Txo, Urrufiña jatork hor! bota zuen. Inork ez zion kasurik egin, txantxetan ari zelakoan. Baina egia zen. Urrufina abiadan zetorren eta girristuka hasi zen: Hor noa paluegaz goitik behera! Eta halaxe zetorren etorri ere. Ondoren umeak arboletatik jausten hasi ziren plausta-plausta, fruta heldua bailiran. Nire ingurukoak salto egiten ikusi nituen eta gorengo puntan zegoena ere, Imanol, nire albotik pasatu zen aidean goitik behera. Hango zarrapastada! Neu ere lurra ikutu nuenerako abiada itsuan hasi nintzen makilakadetatik ahalik eta azkarren urruntzearren. Hain nindoan itsututa, non troka bateko sasitzara sartu bainintzen buruz behera. Urrufinak handik atera eta bide onean jarri ninduen arrapaladan segi nezan, berak mehatxuzko orruak botatzen segitzen zuen artean.
Halako pasadizoetan Iñaki jefe agertzen zen, beti handiren bat egiteko prest. Ez zion beldurrik ezeri ere eta errebeldea zen edozeren aurrean. Iñaki bizitza osoan izan da mutiko oker eta errebelde hura.
Agur eta ohore!

2010-06-22

Zorionak, Olazti!

Zorionak eta ez bakarrik urtebetetzeagatik. Gaur egun ezin esan daiteke ziur, baina nahiko ondo kolokatu zaitugula esan dezakegu. Hurrengorako, falta zaiguna eta garrantzitsuena izango dena, zera, ea morrosko gipuzkoar bat topatzen dizugun, familia onekoa eta bera ere ondo kolokatua. Ez du inporta hainbeste familia industriala ala baserritarra den, baina berme handia ematen du kristau familia zintzoa izateak.
Hori dena eta gehiago desio dugu zuretzat.

2010-03-30

Hurrengo belaunaldia


Agertu da elai pare bat Tallerira. Haien kanta alaiek zein denbora sasoitan sartu garen ekartzen digute gogora. Laster entzungo da lehen kukua ere. Garai berriak datoz, gazteen denbora da. Beti izan da hala.
Hurrengo belaunaldiaren barruan ezin da legez Erromulo sartu, baina berak ere protagonismo apur bat merezi du, pasa den astean urte bete egin du eta.
Zorionak Erromulo!

2010-03-16

Zorionak, Marijo!!

Zorionak, Marijo! Eskerrak beste batzuk ere urteak betetzen dituzuen! Badaukagu plan bat astebururako. Bueno, plan bat edo bi. Pijo gustukoa izango dela eta pesta ederra ospatuko dugula. Hau da, hau, pigurie! Pulamentu handikoa, ganera!

2010-02-10

Agur, Jon!!


Jon Etxeandia Zorroza hil da.
Isilik geratu da.
Esateko asko zeukan eta ez diot galdetu. Nik ere baneukan zer esanik, baina ni ere isilik geratu nintzen. Kartzelan zegoela noiz edo noiz idatzi nion, baina kartaren bat amaitu gabe gorde eta ez nion bidali.Orain alferrik da damutzea.
Hotz-hotzean utzi gaituzu eta hotz utzi gaituzu.
Bata-bestearekin engranatutako gurpilak gara, etengabe biraka eta berriztuz goazenak. Zuk utzi diozu bueltak emateari, orain guk segituko dugu beste apur batean.
Agur, Jon, gero arte!
 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago