2010-08-09

Iñaki Katalana, gaiztakerietan jefe


Txabolakideei agurra idatzi zienean ez zekien azkenetariko agurra izango zuenik.
Duela 50 urte, bat gora behera, argi erakutsi zuen Iñaki Katalanak gaiztakerietan jefea zela.
Igande arratsaldea zen, errosariotik urten berri, umeok frontoi inguruan bildu ginen eta Iñakik deiadarra jo eta berehala bildu gintuen. Berak bazekiela non zeuden melokotoi eder-ederrak eta haiek harrapatzera joan behar genuela denok. Sasoi honetan izan bide zen, abuztuan, izan ere, melokotoi-muxikak handituta bai, baina oso berde zeuden oraindik eta.
Ez dakit zenbat mutiko bildu ginen, asko ginela bai, dozena batera helduko ginen, agian. Imanol eta biok izango ginen txikienetarikoak, zazpi urtetik gora ez geneukan inondik ere, agian gu baino gaztetxoagorik ere izango zen, baina. Imanolez bai gogoratzen naiz han izan zela, Imanolek ezin baitzuen nahita ere halakoetan hutsik egin. Iñaki gu baino lau bat urte zaharragoa zen.
Han abiatu ginen mutil guztiok, Iñaki buru zela, zakur basatien antzean. Lekerikan behera, errekarantza egin genuen eta laster heldu ginen Dungo Balerio eta Errufinareneko melokotoiondoetara. Lekua Duotik nahiko aparte zegoen, errekara bidean. Arbolen inguruan leize-troka batzuk zeuden, sasiz goraino jantziak. Helduaz batera gehienok arboletan gora egin genuen altxor preziatuen bila. Sarraski ederra egiten ari ginen, izan ere melokotoiak ez zeuden inola ere helduta eta bat probatu, beste bat horzkatu ... denak botatzen genituen, helduagoren baten bila. Baina han ezin genituen helduak topatu, ez zegoen heldurik eta.
Hasieran lapurretan beldurrez eta isilik bagenbiltzan ere, laster hasi ginen astrapala handia ateratzen. Fruta gozoa jatearen helburua zapuztu bazitzaigun ere, gaiztakeria itzela egiten ari ginen bizipena geneukan eta horrek sekulako zirrara ematen zigun, batez ere elkarri egindako txantxa eta iruzkinak entzutean.
Momentu batetik aurrera gertatu zena ziztu bizian pasatu zitzaidan eta ez nintzen jazotakoaz ia jabetu ere egin. Orain konta badezaket, gertaera jazo eta hurrengo egunetan Urrufiñak berak gure amari, neu aurrean nengoela, barre artean azaldu ziolako da.
Arboletan geunden txoriotako batek Txo, Urrufiña jatork hor! bota zuen. Inork ez zion kasurik egin, txantxetan ari zelakoan. Baina egia zen. Urrufina abiadan zetorren eta girristuka hasi zen: Hor noa paluegaz goitik behera! Eta halaxe zetorren etorri ere. Ondoren umeak arboletatik jausten hasi ziren plausta-plausta, fruta heldua bailiran. Nire ingurukoak salto egiten ikusi nituen eta gorengo puntan zegoena ere, Imanol, nire albotik pasatu zen aidean goitik behera. Hango zarrapastada! Neu ere lurra ikutu nuenerako abiada itsuan hasi nintzen makilakadetatik ahalik eta azkarren urruntzearren. Hain nindoan itsututa, non troka bateko sasitzara sartu bainintzen buruz behera. Urrufinak handik atera eta bide onean jarri ninduen arrapaladan segi nezan, berak mehatxuzko orruak botatzen segitzen zuen artean.
Halako pasadizoetan Iñaki jefe agertzen zen, beti handiren bat egiteko prest. Ez zion beldurrik ezeri ere eta errebeldea zen edozeren aurrean. Iñaki bizitza osoan izan da mutiko oker eta errebelde hura.
Agur eta ohore!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago