2010-08-10

Agarreko maisuak lan ona


Andra Mariko eskolan hasi nintzenean baneraman urte bi Bilbon eskolatuta eta ondo egiten nituen irakurketa eta kontuak. Horregatik, Don Jesus, Agarreko maisuak, miresmenezko irrifar batez probatu zizkidan irakurketa kartillak, bata bestearen atzetik, denak sobera irakurtzeko gai nintzela frogatuz. Azkenean lehen graduko Alvarez enziklopedia esleitu zidan. Poz handia hartuko zuen nirekin, liburuko irakurketak ezezik, bere azalpenak ere normal-normal ulertzeko gai bainintzen. Ez nintzen, beraz, hain ernegagarri ziren hainbat ume abarkadun basati ezjakinen antzekoa.
Don Jesus, Agarreko maisuak, bere bibote eta azal finarekin, ez zuen umeekin harreman pertsonalik sortzen, baina niri azaldu zidan nola Cid Campeador famatuak hil eta gero ere mairuak menderatu zituen, zaldi gainean makila bati lotu eta zutik eutsirik.
Falangeko kanpamenduetara eraman ninduen zortzi urtekoa nintzenean, gutxienezko adina hamar urtekoa zelarik. Espinosa de los Monteros herrira eraman gintuen eskolako hiru mutiko, Jon Igertuko, Migel Angel Estartako eta hirurok. Adinera heltzen ez nintzela eta inork ezer esanez gero, bere iloba nintzela esateko mezua eman zidan eta halaxe egin nuen. Kanpaldi haietako lehen egunean sarrerako bide batean, erreka ondoan, goardia egiten jarri gintuzten goizez Morgako hirurok. Gizon bat eta ume bat pasioan hurbildu ziren eta nik, neure Falangeko jantziekin harro eta ausart bota nien altoa: Alto! Por aquí no se puede pasar! Ez dakit Jon ala Angel, nor izan zen ahopeka eta barreari eutsi ezinik esan zidana Isilik ego hadi!
Espinosako kaleetan barrena desfilatzen genuen eta inoiz egokitu zitzaidan formazio osoaren aurretik banderadun izatea. Zein nolako harrotasunez neraman bandera hura!
Handik herrira itzuli ginenean serio eta harro egiten nuen Instrukzinoa Leketzebarritik pasatu eta Jose Martinek edo beste edonork agindu ahala: Firmes! Derecha, ar! Izquierda, ar! Baina gehien gustatzen zitzaidana eta gehien baloratzen zutena Cuerpo a tierra, ar! izaten zen. Ez zidaten adarra gutxi jotzen!
Egun baten astokada bete belar ekartzera joan ginen ama eta biok Lumendira. Nik eskolako kontuak nerabiltzan, antza, buruan, Bisigodoak zirela, Recaredo edo Biriato zirela eta denen gainetik espainolak, espainolak baitziren niretzat heroi paregabe eta bikainenak. Honetaz mintzatu nintzaion amari eta amak, ez dakit ziurtasun osoz ala zalantzaren batekin, neu ere espainola nintzela adierazi zidan, euskaldunok espainolak ginela, alegia. Ezin izan nion sinetsi. Ederregia zen, zoragarria. Azkenean, kostata izan bazen ere, guztiz sinetsi nuen espainola nintzela. Hura poza! Hura ezuste ederra! Seguruenik eskuarea eskuan hartu eta ezpataz mairuak menderatzeko plantak egingo nituen eta Capitán Trueno edo Don Pelayo sentituko nintzen.
Bai, zalantzarik gabe, Agarreko maisuak lan ona egin zuen nirekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago