2010-08-23

Mendian, lahar artean



Basoa garbitzera zoazenean oztopo askorekin egingo duzu topo eta etsai askori egin beharko diozu eraso. Aurkari nagusia, baina, laharra edo sasia izango duzu.
Sasia Ekialdeko filosofiaz hazten da, setatia da, ez du inoiz etsiko. Astiro, baina gelditu gabe egiten du bere lana, haztearen eta inguruetara hadatzearen zeregina. Erraz menderatzen duzula iruditzen zaizu, baina bera ez da nekatzen. Zu, bai, ordea. Nekea datorkizunean ez diozu kolpea lehenago bezain zehatz eta irmo jotzen eta sasia erdi barrezka hasten zaizu. Zenbat eta kantsatuago zauden, orduan eta kolpe gehiago jo behar diozu lurraren gainera ekartzeko. Une horretan dago pozik sasia, badakielako irabazten hasi zaizula. Orduan entzuten duzu bere barre gaiztoa eta oreka galtzen hasten zara.
Oreka zentzu bietan galtzen duzu. Indar handiagoa galtzen duzu alferrik, ez zabiltzalako hasieran bezain fresko eta fin eta gehiegitan trabatzen zarelako. Zure pazientzia, bestalde, agortuz doa indarrarekin batera, eta ezin duzu jasan sasiaren barre maltzurra.
Seguruenik biraoka hasita zaude ordurako eta horrekin zeure burua berotu, besterik ez duzu egiten. Sasia jada adarra jotzen ari zaizu. Bere momentua da. Orain ausartzen da arantza bat edo besterekin zure aurpegia ferekatzen. Lehenengo belarrietan edo erasotzen dizu eta hori eraman dezakezu. Baina atal bigunagoak topatzen dizkizunean, ezpainetan ziztatzen dizunean edo, batere lotsarik gabe, sudur zuloetatik barrura sartu eta hor bere eztenaz ziztatzen dizunean konturatzen zara negar malkoak ateratzen dizkizula, minaren minez. Atzera egin eta basoa uzteko momentua heldu zaizu, argi dago, baina atala amaitu arte ezin duzu alde egin, zeure ohorearen kontra lihoake hori. Beraz, burruka basatian murgiltzen zara, gero eta sakonago. Sasia hanken inguruan kiribiltzen zaizu eta muturrez aurrera erortzen zara, behin eta berriz. Etxera heltzen zarenerako hauts eginda zaude, ezin duzu zirkinik ere egin. Ostera, sasia dagoeneko hasita dago bere hazkuntza lanean, galdutako lekua berreskuratzearren. Eta ez du etsiko, ez da inoiz kantsatuko. Urte bete barru baso berera zoazenean sasitza bera aurkituko duzu, are indartsuago eta gorago igota.
Sasia edo laharra herioaren irudia duzu, badakizu azkenean garaitu egingo zaizula, ez dio ardura zenbat aldiz azpiratzen duzun. Etxerik dotoreena, lorategi ederrenaz inguratua egonda ere, sasiaren mende eroriko da labur edo luze, egunen batean. Sasiak ez dauka presarik, batere ez, pazientzia soberan dauka eta helduko zaio bere garaia. Urrunetik etorri behar badu ere, helduko da eta etxea inguratuko du ia igarri gabean. Ormetan gora egin, zuloetan barna sartu eta teilapeetatik sartuko ditu hatz fin zuriak. Ez dizu errespetatuko ez etxe, ez gaztetu, ez jauregi. Dena egingo du bere, dena irentsiko du.
Sasiak badauka, hala ere, bere aurpegi zuriagoa. Sasiak masusta ederrak ematen dizkizu. Sasia basoen sortzaile eta eraikitzaile bikaina da. Egunen batean, mendietako pinadiak beren kasa utziko bagenitu, sasiz jantziko lirateke eta sasi horiek berez ernetakoko haritz landareak babestuko lituzkete zuhaitz eder hasi zitezen arte. Betiko basoa berrezarriko luke.
Sasia, beraz, bizitzaren parte bezala onartu behar duzu eta bere edertasun garratza miresten ikasi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago