Mostrando entradas con la etiqueta txoria. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta txoria. Mostrar todas las entradas

2013-09-05

Elaiak


Irailarekin eskolara hasteko edo bueltatzeko ordua heldu da. Goizean goizik nagi batzuk atera eta habia beroa utzi behar da eskolara edo Institutura joateko.
Enarak ere horretan ari dira. Haientzat ere bizitzako eskola gogorra da. Aita-amek ekarriko mokadu gozoez ondo elikatu eta haien animo eta bultzadaz lagundurik lehen hegaldietan saiatu behar dira, berehala, habia utzi berri, urruneko lurraldeetara abiatzeko. Datorren udaberrian, kukuaren kantuaz batera, hemen izango ditugu berriz, iratzargailua bezain zintzo.
Zer den naturaren ahala! Zein liluragarri egiten zaigun haren indar geldiezina! Geu ere elaien eta astoen pareko izango ginake haien pareko garela onartuko bagenu. Batzuek, ordea, naturarekin bat egin beharrean, hau etsaia bailitzan, menderatu egin nahi dute haren gainetik jarri nahirik, edo natura loturetatik, lotura naturaletik, askatu beharra sentitzen dute, agian eskolan edo etxean ikasi duten etika edo morala derrigorrean aplikatuz. Erromulok ere harrokeria eta hantustea besterik ez du eta bere burua handitzat dauka, angloarabiartzat edo dauka bere burua, antza, asto umil eta soil bat besterik ez denean.


2010-05-09

Morgako bira

Asteburuetan Morgari bira pare bat egiten diogu, bat larunbatean eta bestea, igandean. Beti izaten da bira ezberdina, buelta bakoitzean eguraldia ezberdina izaten baita, eguzkia, haizea eta batez ere, ingurune naturala.
Bidaiaren erdi aldean edo geldialditxo bat egiten dugu urak aldatzeko eta une hori, urez ezeze, naturak eskaintzen dituen beste elikagaiez ere gozatzeko aprobetxatzen dugu, zentzumen guztiak baliatuz.
Leku hori erabiltzen dugu urak berrizteko eta burua ere apur bat berpizteko. Isiltasun zaratatsuak horretan asko laguntzen du.

2010-02-08

urretxindorra

Astelehen goiza, goibel goi ta behe, burutazioen laino artean zoaz Institutura, lanera. Ikastetxea begiztatzen duzunerako urretxindorraren kantu alaiak berpizten zaitu eta irrifarre bat marrazten dizu aurpegian.
Bai, aurten ere, ia etsita geundenean, agertu da iazko urretxindorra gure ikastetxe ingurura. Kandelario eguna edo izango zen lehenengoz entzun genuen eguna. Goiza argitu orduko ari zen, ez dakit zein ordutan hasita, bere melodia ozen eta zolia lau haizetara zabaltzen. Neguaren gordinenean, goizero daukagu inguratzen den edonori harrera alaia egiten. Bere txorrotxioa ez da erretolika hutsa, harmoniaz beteriko kontzertua da, errepertorio zabala duena. Harrigarria da nola hiri barruan naturarekin lotzen zaituen.
Gure urretxindorra txori modernoa da, hiritartu egin delako eta gaueko bizitza duelako gustuko. Gainera hiritartu denetik ahotsa ozenagoa, bortitzagoa egin zaio, bere kantua hiriko zarata-hotsen gainetik entzunarazi behar duelako.
Bere leinukoen ohitura zaharrak hautsi ditu eta Bilbon geratu da, Afrikara emigratu barik. Adituek diotenez, txori klase hau ez da apirilaren erdi ingurura arte ekuatoretar Afrikatik itzultzen. Udazkenean, berriz, iraila heltzen denerako, atzera doa hegoalderantz.
Gure urretxindorra, ez. Gurea berton gelditu da, nire etxea hauxe da esanez bezala, hementxe daukat bizitokia, Urretxindorra ikastolaren bueltan. Muxikako Urretxindorraren ohoretan egin dezake berton gelditzearen hautua. Hala egin zuen iaz eta hala egin du aurtengo neguan ere, gure zorionerako. Arrazoia izan liteke Bilbo tropikaldu izana edo, nork jakin, gure txoria zuhurra izaki, Maroko aldean aurki daitezkeen aztore beldurgarriak saihestu nahi izatea.
Edozein modutan, urretxindorrari, gure txori erresiñulari, kantaririk bikainenari, eskertu behar diogu gure goizak alaitzeagatik, gure neguak argitzeagatik, gure bihotzak berpizteagatik.


















 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago