2010-02-08

urretxindorra

Astelehen goiza, goibel goi ta behe, burutazioen laino artean zoaz Institutura, lanera. Ikastetxea begiztatzen duzunerako urretxindorraren kantu alaiak berpizten zaitu eta irrifarre bat marrazten dizu aurpegian.
Bai, aurten ere, ia etsita geundenean, agertu da iazko urretxindorra gure ikastetxe ingurura. Kandelario eguna edo izango zen lehenengoz entzun genuen eguna. Goiza argitu orduko ari zen, ez dakit zein ordutan hasita, bere melodia ozen eta zolia lau haizetara zabaltzen. Neguaren gordinenean, goizero daukagu inguratzen den edonori harrera alaia egiten. Bere txorrotxioa ez da erretolika hutsa, harmoniaz beteriko kontzertua da, errepertorio zabala duena. Harrigarria da nola hiri barruan naturarekin lotzen zaituen.
Gure urretxindorra txori modernoa da, hiritartu egin delako eta gaueko bizitza duelako gustuko. Gainera hiritartu denetik ahotsa ozenagoa, bortitzagoa egin zaio, bere kantua hiriko zarata-hotsen gainetik entzunarazi behar duelako.
Bere leinukoen ohitura zaharrak hautsi ditu eta Bilbon geratu da, Afrikara emigratu barik. Adituek diotenez, txori klase hau ez da apirilaren erdi ingurura arte ekuatoretar Afrikatik itzultzen. Udazkenean, berriz, iraila heltzen denerako, atzera doa hegoalderantz.
Gure urretxindorra, ez. Gurea berton gelditu da, nire etxea hauxe da esanez bezala, hementxe daukat bizitokia, Urretxindorra ikastolaren bueltan. Muxikako Urretxindorraren ohoretan egin dezake berton gelditzearen hautua. Hala egin zuen iaz eta hala egin du aurtengo neguan ere, gure zorionerako. Arrazoia izan liteke Bilbo tropikaldu izana edo, nork jakin, gure txoria zuhurra izaki, Maroko aldean aurki daitezkeen aztore beldurgarriak saihestu nahi izatea.
Edozein modutan, urretxindorrari, gure txori erresiñulari, kantaririk bikainenari, eskertu behar diogu gure goizak alaitzeagatik, gure neguak argitzeagatik, gure bihotzak berpizteagatik.


















No hay comentarios:

Publicar un comentario

 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago