2013-12-14

Agur ta banoa ...

Aurtengo, 2013ko, abenduaren 13an 60 urte betetzean agur esateko unea heldu da. Erretiroa hartzeko eguna etorri da eta banoa.
Garai zahar bati agur esatean zerbait eteten den sentipena nabaritzen da eta mingarri egiten. Baina datorren berriari aurre egiteak alaitasuna ematen du, batez ere jakinik laneko betebeharrik ez dagoela. Datorren berria, hala ere, zahartzaroa beraren hasiera izanik nola eman aurpegia halako jaun serioari? Oraingoz gogoz eta pozik! Datorrena datorrela, aurre egingo zaio!
Ikasleekiko azken eskolarako despedida moduko bat prestatu diet izen honekin: Maisu baten ibilerak

Eta hona lankideekin TXURRASKO jatetxean agurreko bazkarian kantatzeko habanerak:



1
Azkenez ailegatu da
espero nuen eguna,
gehiegi luzatzen zaigu
luzez itxaron duguna.
Erretiroko garaia
ez zait egingo astuna,
biharko planak baditut
baldin badut osasuna:
kindle-ean irakurri,
pasiatzeko laguna,
astozantza ta baratza
eguneroko jarduna,
mendia eta kantua
denoi gustatzen zaiguna.
Zein erakargarria den
bizitzeko askatasuna

 2
Zuen geroa zertan den
noakizue azaltzen,
ez da izango erreza
basatiak menderatzen.
Hasi teknologiaren
aukerak aprobetxatzen,
Wiki, Edmodo ta Prezi
zuhurtziaz manejatzen
eta eraikuntza berrian
zibergelak antolatzen, 
jarri zuen hologramak
ikasgaiak esplikatzen;
zuek artean nirekin
Miribilan kafea hartzen
eta trebeak direnak
Pantikosan eskiatzen.

 3
Ingles departamentuan
pakea ia ezina,
ene herentziagatik
nolako joko zikina!
Hondakinak disputatzen
itzelezko ahalegina,
bi bultzaka ta tiraka
hirugarrenak berdina.
Kafe katilu bikaina
hamaika puska egina,
hirurek nahi dute mahaia
argi eta atsegina.
Baina ezin diet utzi
hau dute gauza jakina
ene presentzia bizi
elegante eta fina.

 4
Deitu izan didazue
puta-kume ta kabroia
eta neurri bateraino
baduzue arrazoia;
sentitzen dut daukadala
kontzentzia pixka bat lohia
eta ongi merezita
dut jasotako jipoia.
Baina sentitzen dut baita
gaur neu naizela heroia.
Berdin izango dit euri
tximista ala trumoia,
ez naiz izango gehiago
despertadoreen morroia,
tamalez oso-osorik
jango duzue marroia.

5

Hezkuntza izaten denez
gizarte oso batena
erantzukizun handia
da zuek daukazuena.
Ez etsi zuen lanean
badaukazue ahalmena
nahiz ta urrezko letrez ez
agertu zuen izena.
Txinaurrien lan eskerga
da kargarik astunena
merezimendu handi ta
gutxitan eskertzen dena.
Bete zalantzarik gabe
kontzentziak dioena,
profesionaltasuna
 beti da bide zuzena.

6
Erretiro egunean
daukat atsegin itzela
zuen erruz tximeletaz
beterik daukat sabela.
Desio nuen zuekin
partekatzea honela,
jaia izan zitekeen
ezinezkoa bestela.
Bero igarri dut denon
begiradaren epela
lehertzear izateraino
nere barneko kupela.
Poztutzen nau sentitzeak
opari onena bezela
gaur sentitzen dudan poza
zuena ere badela.



 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago