2014-08-13

Negu Hurbila

MIKEL LABOAren ahotan dator XABIER LETEren poema (kantuan.net-etik hartua)
:
1.- Ez nau izutzen negu hurbilak
uda betezko beroan
dakidalako irauten duela
orainak ere geroan
nolabaitezko kate geldian
unez uneko lerroan
guztia present bihurtu arte
nor izanaren erroan.

2.- Ez nau beldurtzen egun sentian
arnas zuridun izotzak
nun dirudien bizirik gabe
natura zabal hilotzak
eguzki eder joan guztien
argia baitu bihotzak
eta begien milla ernegai
iraganaren oroitzak

3.- Ez nau larritzen azken orduan
arnasa galdu beharrak
bide xumea hesituarren
amildegiaren larrak
ardo berriak onduko ditu
mahastietan aihen zarrak
gure oraina arrazoiturik
beste batzuren biarrak.

4.- Ez nau illuntzen baratzatikan
azken loreak biltzeak
muga guztien arrazoi billa
arnas gabe ibiltzeak
arratsaldeko argi betera
zentzu denak umiltzeak
amets beteko loa baitakar
behin betirako hiltzeak.


Bai, bazuen izutzen neguak, beldurtzen zuen izotzak , arnasa galtzeak larritzen zuen, iluntzen zuen behin betirako hiltzeak gure Xabier Lete.
Ikara guztiok eraginda idatzi zituen, hain zuzen, honen poema hunkigarriak. Lirikotasunak arintzen zizkion herstualdi itogarriak, amildegiaren zorabioak. 
Arrazoiz eta fedez, bietara egiten zien aurre kezka existentzialei eta muga guztien arrazoien bila ibili ondoren, bihotzaz eta buruaz. iraganeko eta etorkizuneko arrazoiaren argiak arintzen zion bihotza.  
Bazekien, baina fedearen indarraz zekien, existentziaren erroan ez dela denborarik , guztia present dagoela oraina eta geroa lotzen dituen kate geldian.
Bizitza eta heriotza, biak bat egiten ditu bere arrazoizko fedean, izotzezko irudikatzen duen hilotzak natura zabal dirudi eta betirako hiltzea atseginezko loa bilakatzen du Letek.
Xabier izan zen ahien zaharrak ardo berria emango du, haren oroitzak mila begi erneko ditu guregan.

 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago