2022-07-13

Lana edo Simon

 2019 martxoaren 19a


Simon edo Lana, Lana edo Simon maitea:

Zer moduz zaude bestaldean? Hemen gaituzu, antzezlanaren zain, egonezinik dauden ikusleen modura. Mila begi pare zureei eta zure lehen arnasari begira. Orduak, minutuak baino ez dira falta teloia zabal dadin. Ikusi dugu prest zaudela, ur azalaren larruzko gortinari uhinak ateratzen dizkiozula, baina hemengo aldean ere izango duzu jolas parke dibertigarririk geure besoetan.

Ordua da,

badator odol gorria

loratuz udaberria,

askatu amaren gerria.


Eta orduan,


suziriak izarretan,

adar hotsa gailurretan,

dilin dalan dorreetan.


Zer edo nor zaren jakin gabe ere denok daukagu bihotza bigun zugatik eta zarena zarelakoa maitasunez hartuko zaitugu,

ordots nahi ahardi

txiki edo handi

argal zein lodi,


hezur nahi mami

ihar edo guri

gozo zein gazi,


esne nahi ezti

bizkor edo nagi

otzan zein zoli,

zarena zarela, txeraz inguratuko zaitugu, maitazarrez babestuko.


2022-07-10

Ongietorria

LO

Hortxe bero umelean
zeure txoko apalean,
ezin kabituz zaude amaren
tripa sabelean.
Gozo, gozo, lo, labean,
sukalde borobilean,
gu irrikitan gaude zure zain
hemen, bestaldean.



Epel epel olatuan
zorioneko lakuan,
pozik zabiltza igeriketan
putzu ezkutuan.
Laster zauzkagu eskuan,
maite zaitugun lekuan,
ongi etorri ederra eginez
gauzkatzu kantuan.


Aideratzen zarenean
txalo larru azalean
lehen agurra jasoko duzu
ipur masailean.
Gurasoen magalean,
aingeru baten parean,
zoriontsua izango zara
gure epelean.


 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago