2010-02-15

Norentzat idazten du idazleak?

Norentzat idazten du idazleak?
Eako Poesia Egunean Iñigo Aranbarrik zera zioen: Lehenengo eta behin, nork bere buruarekin gustura sentitu behar du, bestela fartsa bat izango da idatziko dena. Nik neure galderei erantzun behar diet, neuk gustura sentitu behar dut, eta literaturaren bidez nire galdera horiek sozializatu egin nahi ditut.
Eider Rodriguez-ek ere antzekoa: Nork bere irakurlea eta idazlea konforme izan behar ditu lehenengo.
Eiderrek berak elkarrizketa batean ¿Para quién escribe y por qué? galderari zera erantzuten dio: No escribo para nadie. Escribo porque escribo, porque sí. Todavía no he encontrado una respuesta razonable a esa pregunta.
Jabi Zabalak bere Sarean.com-en, galderari erantzuteko gure testigantza, gure mezua uztearen beharra nabarmentzen du. Jozuli-ren ekarpena ere aipagarria da: Pentsatzen dudana hobeto antolatzen laguntzen didalako.
Nahikari Ayo getxoztarrak barrua hustutzeko idazten duela dio.
Azkenik, merezi du Mercedes Farriols artista argentinarrak zergatik idazten duen azaltzean ematen duen arrazoi zerrenda luzeari begiratzea. Azken batean nahi duelako idazten omen du.

2010-02-10

Agur, Jon!!


Jon Etxeandia Zorroza hil da.
Isilik geratu da.
Esateko asko zeukan eta ez diot galdetu. Nik ere baneukan zer esanik, baina ni ere isilik geratu nintzen. Kartzelan zegoela noiz edo noiz idatzi nion, baina kartaren bat amaitu gabe gorde eta ez nion bidali.Orain alferrik da damutzea.
Hotz-hotzean utzi gaituzu eta hotz utzi gaituzu.
Bata-bestearekin engranatutako gurpilak gara, etengabe biraka eta berriztuz goazenak. Zuk utzi diozu bueltak emateari, orain guk segituko dugu beste apur batean.
Agur, Jon, gero arte!

2010-02-08

urretxindorra

Astelehen goiza, goibel goi ta behe, burutazioen laino artean zoaz Institutura, lanera. Ikastetxea begiztatzen duzunerako urretxindorraren kantu alaiak berpizten zaitu eta irrifarre bat marrazten dizu aurpegian.
Bai, aurten ere, ia etsita geundenean, agertu da iazko urretxindorra gure ikastetxe ingurura. Kandelario eguna edo izango zen lehenengoz entzun genuen eguna. Goiza argitu orduko ari zen, ez dakit zein ordutan hasita, bere melodia ozen eta zolia lau haizetara zabaltzen. Neguaren gordinenean, goizero daukagu inguratzen den edonori harrera alaia egiten. Bere txorrotxioa ez da erretolika hutsa, harmoniaz beteriko kontzertua da, errepertorio zabala duena. Harrigarria da nola hiri barruan naturarekin lotzen zaituen.
Gure urretxindorra txori modernoa da, hiritartu egin delako eta gaueko bizitza duelako gustuko. Gainera hiritartu denetik ahotsa ozenagoa, bortitzagoa egin zaio, bere kantua hiriko zarata-hotsen gainetik entzunarazi behar duelako.
Bere leinukoen ohitura zaharrak hautsi ditu eta Bilbon geratu da, Afrikara emigratu barik. Adituek diotenez, txori klase hau ez da apirilaren erdi ingurura arte ekuatoretar Afrikatik itzultzen. Udazkenean, berriz, iraila heltzen denerako, atzera doa hegoalderantz.
Gure urretxindorra, ez. Gurea berton gelditu da, nire etxea hauxe da esanez bezala, hementxe daukat bizitokia, Urretxindorra ikastolaren bueltan. Muxikako Urretxindorraren ohoretan egin dezake berton gelditzearen hautua. Hala egin zuen iaz eta hala egin du aurtengo neguan ere, gure zorionerako. Arrazoia izan liteke Bilbo tropikaldu izana edo, nork jakin, gure txoria zuhurra izaki, Maroko aldean aurki daitezkeen aztore beldurgarriak saihestu nahi izatea.
Edozein modutan, urretxindorrari, gure txori erresiñulari, kantaririk bikainenari, eskertu behar diogu gure goizak alaitzeagatik, gure neguak argitzeagatik, gure bihotzak berpizteagatik.


















2010-02-05

Hitzen ahalmen emozionala

Hitzen ahalmen emozionalaz artikulu bat irakur daiteke Berrian, otsailaren biko artikulu batean. Merezi du hori irakurri eta buruan buelta batzuk ematea.
Deigarriena niretzat zera izan da,hitz ezkorrek norbanakoarengan eta bere organismoarengan sortzen duten eragin ezkorrak konpentsatzeko, hitz baikorrak gutxienez bost aldiz gehiago erabili beharra dagoela.
Beraz hitz zakar bakoitzeko bost besarkada edo musu eman beharko genituzke ingurumen emozionala kutsatzerik nahi ez badugu.
Irakaskuntzari aplikatuz gure neska-mutilei etengabe gogorarazi behar diegu euren hitz eta jarrerek ezpatak baino sakonkiago zauritzen dutela axolagabeki erabiltzen dutenean.
Mezuaren igorleak duen intentzioa da begiratu behar dena, ez hitza bera. Gainera, hitz horren asmoa ezkorra ez izanik ere zauri dezake mezuaren hartzaileak zauri gisa hartzen badu.
Beraz, kontuz ezpatarekin, batzuek oso zorrotza baitaukazue eta horrekin min egin dezakezue eta.

2010-02-04

Agate Deuna

Imanol Landari bere blog-etik hartu diot, eta San Adrian Institutorako moldatu, Agate deunaren letra hau:


Aintzaldu daigun Agate Deuna
bihar da ba Deun Agate,
etxe honetan zorion hutsa
betiko eu(ki)ko al dabe.

Deun Agatena batzeko gatoz
San Adrianeko ikasleak,
igaz lez hartu gagizuez ta
zabaldu zuen sakelak.

Zorion etxe hontako denoi
oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.


Ez gagoz oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz,
baina eztarriz sano gabiltzata
kanta nahi dugu gogoz.

Santa Ageda bezpera dogu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua doguna.

Orain bagoaz alde egitera
agur dautsugu gogotik;
Agate Deuna bitarte dala
ez eizue izan kalterik... IEUP!!

2010-02-03

Bilbao askatu



Badira lau urte inguru ... eta oraindik libre daude!!!

2010-02-02

san blas


Gaurko egunez …
… duela 474 urte Pedro de Mendozak Nuestra Señora del Buen Ayre, egun Buenos Aires dena, hiriari eman zion izena. Mendoza abizenak Gasteiz ondoan du jatorria, izen bereko gaztelu ederrean. Mendeetan borroka latzak izan zituzten mendozatarrek Aiala etxe ospetsuko leinukoekin Hala ere, Pedro hau Canaria irletan jaio zen. Zenbat buelta eta zenbat haizek jo duen ordutik … !
… duela 78 eta 79 urte, izugarrizko lurrikarak jasan zituzten, urte beteko aldeaz, Cuban eta Zelanda berrian, hain lurralde urrunetan.
… duela 4 urte jaio zen Aiala Etxebarria Zorroza izeneko neska bat Euskal Herrian.
ZORIONAK, AIALA!!!

San Blas eta Agate Deunaren egunei buruzko azalpen argiak dakarzkigu Oihane Iturrioz-ek bere Blog-ean. Sasoi honetan urtearen hasiera ospatzen omen da kultura batzuetan. Izan ere, hil eta desagertzear zegoen eguzkia berpizten hasten zaigu begi bistan, gurpilari buelta berri bat emanez. Denboraren gurpila ...

zapatilla berriak







Atzo zapatilla berriak erosi nituen eta egun osoan nago haiei begira. Horrelaxe nago sortu berria dudan BLOG honekin ere
 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago