2014-04-26

Kristalezko bola


Ez dut sorginkerietan sinesten, baina ez dagoenik ere ez dut esango. Duela lauzpabost hilabete esku-irakurle edo argi-bolan etorkizuna iragartzen duten sorgin horietako batengana joan izan banintz honelakoa izango zen bion arteko solasa:

Sorkunde Sorgina(SS).- Ez dizut beldurrik sartu nahi, baina hemen zurrunbilo handia ikusten dizut, oso gertaera garrantzitsuak datozkizu, bizitza erabat irauliko dizkizutenak. Ber-berton sentitzen ditut, oso gertukoak dituzu, ez dakit nire bola honek honenbeste presio jasan ahal izango duen.

Patxiko Rementeria(PR).- Bai, nire erretiroarena izango da. Erretiroa hartuko dut datorren hilean. Ikusten duzun ekaitz edo dena delakoa ez da halabeharrez ezer txarrik izan behar, ala bai? Nik jubilo handiz hartuko dut, behintzat.

SS.- Ez, oso aldaketa errokoak dituzu, baina ona ala txarra zer den zeuk baloratu beharko duzu. Lurrikara bat bezalakoa da hau, ez da aldaketa soil bat, zuregan soilik ez ezik ingurukoengan ere eragingo baitu. Jubilatu egingo zarela diozu, baina ez dut ikusten garbi. Jubilatuko dena zure bizikidea da, zure emaztea.

PR.- Oso kapaza da niri aurrea hartzearren. Harena ez dakit posible izango den, baina nirea ziurra da, beste berririk ez dut espero.

SS.-  Zure erretiroa gutxienekoa da. Dena hankaz gora ikusten dizut etorkizunean.

PR.- Ikara sartzen didazu. Ze aldaketa konkretu ikusten duzu?

SS.- Komunikazio eta garraioen sailean berriztapena datorkizu, argi eta koloreen erabateko aldaketa, garraiatzeko eta komunikatzeko modua aldatu egingo duzu. Kotxea aldatzekotan zara?

PR.- Ez, inola ere ez. Nire autoa oso ongi portatzen da eta ez dut beste baten premiarik.

Gerora, noski, gerora jakiten baita zer zen argizko bolan adierazi zena, hain estimatua nuen autoak betirako stopa egin zuen eta nik baino aste bete lehenago hartu zuen erretiroa. Kotxe berria, Fiat Bravo  gorri bat hartu nuen  Basurde Izukaitza 3747 Cerdito Valiente izen matrikulatua duena.

SS.- Era digitalean guztiz murgilduko zara epe labur-laburrean eta komunikazio sarea esponentzialki hedatuko duzu.

Arrazoia zuen balizko sorginak. Egun gutxi batzuen bueltan telefoniako konpainiara kontratua berrikustera joan eta hileko ohiko ordainketa jaisteaz gain doako telefono mugikor moderno baten jabe atera nintzen, wassapa eta guztizko esmarfon horietako batekin. Hala ere, honela esan nion andre iragarleari:   

PR.- Ez naiz, ba, ni modernokerien oso zalea, inozokeria hutsak iruditzen zaizkit, denbora alferrik galarazten dutenak. Derrigorrezkoa ez bada, behintzat …  

SS.- Ikusten dudana besterik ez dizut aitortzen. Honen interpretazioa ordenagailu berri bat hartuko duzula izan daiteke. Badaukazu etxean ordenagailurik?

PR.- Bai, behar dudanerako nahikoa eta lar.

            Sorginkeria bategatik edo, ordenagailua ere data berberetan hondatu egin zitzaidan eta patuak berri bar eros nezan bultzatzen ninduen. Hala ere, honetan errebelatu egin nintzen Olinpoan hariak trabestuz nirekin jolasean zebilen jainko txikiren baten kontran eta lehengo zaharra konpontzea lortu nuen. Alabaina, lau hilabetez ordenagailu barik iraun behar izan nuen.  

SS.- Bolaren alde honetan irudikatzen da argi biziena, zure eguneroko zereginetan datorkizu iraulketa sakonena. Zure eginbeharrak orain arte gazteekin burutzen bazenituen, aurrerantzean … gazteagoekin egingo dituzu.

PR.- Zer? Nola? Erretiroaren aldaketa da hori seguruenik. Umeekin lan egiteari utziko diot. Nola da posible ondoren txikiagoekin jardutea. Ez da izango aitona egingo nautela?

SS.- Ez, familiatik at dago argi distiratsu hau. Aitona izatearena itxaron dezakezu, baina hobeto esertzen bazara, luze joko du eta. Bidaia luze batekin dauka zerikusia.

PR.- Hau bai, ezustea! Ez naiz, bada, berriz Kaliforniara joango ume txikiei eskolak ematera!

SS.- Ez, denborazko bidaia da, salto luzea egingo bazenu bezala.

PR.- Martetar ume koadrila batek abduzituko nau agian. Ez nuke halakorik probatu nahi.

SS.- Ez, denboran atzera egingo duzu, zeu ume txikia zinenekora edo. Komunikazioko argiarekin nahasten da, honekin zerikusi handia izan dezake.

            Sorkunde sorginak ikusi bide zuena Altzaga ikastolako ikasle ohiekin harremanetan jarri izana izan zen, zalantzarik gabe. Bat-batean hiru promozioko ikasle ohiekin komunikatzen hasi nintzen. 1968an jaiotakoekin bazkari batean izan nintzen urrian eta denboraren tunelean atzerantz bidaiatzea zer den esperimentatu nuen. Zein bidaia atsegina! Garai zahar hura berriro bizitzea izan zen.


PR.- Behintzat umeei eskolak ematen ez nauzu, bada, ikusiko?

SS.-  Ba bai! Bost urteko bati irakasten ari izango zatzaizkiola ikusten dut. Eskola partikularrak emango dituzu.

PR.- Zenbat hanka ditu bost urteko horrek?

SS.- Normalak, lau. Lau? Lau!!

PR.- Badakit nor den. Hori Erromulo da. Eskola partikularrak ematen hasi natzaio, bai. Gurdi bat ere erosi diot eta traje berria aginduko diot larrugile bati harentzat. Zer gehiago iragartzen didazu? Osasuna ondo? Eta maitasuna ere bai?

SS.- Familiaren atalean ugaldu egingo zaretela ematen du.

PR.- Zeeeer?

SS.- Bai, bai. Orain artekoa bikoiztu edo gehiago. Itxaron, esango dizut zehatzago. Orain arte bi ikusten ditut …

PR.- Bai, noski, emaztea eta biok geratzen gara etxean, semeek habia utzia dute, batek duela zortzi bat urte eta besteak orain dela urte bete edo.

SS.- Bai, baina, laster hiru izango zarete. Ez, lau! ... Ez, bost!

PR.- Geldiro, geldiro. Zer esaten ari zara? Nire emaztea ez dago Parisera joateko moduan eta legediak ez du uzten gure adinekoek umerik adopzioan hartzerik.

SS.- Ez dakit ziur nortzuk diren etorriko zaizkizuenak, baina lasai egon, ez dira ume txikiak. Joan etorrian dabiltza, ez dira luzaroan geldituko, denak ez, behintzat. Etxean aldaketa handiak dauzkazue. Gelak buelta-bueltaka ikusten ditut. Ez! Ez bakarrik gelak, etxeak ere bira eta bira ari dira, dantzan. Bizilekuz aldatzeko asmoa duzue ala?

            Orain ongi interpreta dezaket sorginak adierazikoa, orduan zoratzekoa bazirudien ere. Amaginarreba, amama Petri, bere etxea utzi beharrean izan zen, ez bere erruz, baina. Krisiaren ondorioetako bat, beste bat. Gurera etorri zen eta hemen da orain. Haren etxeko hondakinak banatzen izan genuen lana ondorenean. Bere gela dotorea geure egin genuen eta Morgako etxera eraman. Han gela aldaketa bat egin genuen altzariak bestela ez baitziren sartzen.
Familiakoen joan-etorriak ere erraz ulertzen dira orain. Harri aldi baterako sortetxera itzuli zen hark ere bizileku aldaketa egin baitu. Eta koinatuari ere antzekoa gertatu zaio, hau batzuetan bazkaltzera baino etortzen ez bada ere. Mugimendu ugari ezustean. Orain dakit hau guztiau.    

PR.- Ez daukagu halako asmorik. Oso pozik gaude gure etxean.

SS.- Familian oraindik aldaketa gehiago dago. Norbaitek daukan lana utzi eta beste bat hartuko du eta lan gehiago egiteko izango da, goizean goiz jagi beharko baitu.

PR.- Hori Kerman da. Ospitaleko lana utziko du, beraz?

SS.- Ez dakit, ez dut ezagutzen, izan liteke. Laster jende askori zuzenean zerbitzatzen ikusten dut.

            Zein ongi ikusten zuen sorginak halakoak! Kerman Ziripoten dago orain lan egiten. Honetan ere asmatu! Sinestekoa da ala ez?

PR.- Berrikuntza asko agintzen didazu. Besterik ikusten duzu?

SS.- Bai, hemen espresio artistikoaren munduan adierazpen batzuk ikusten dizkizut. Pintura edo musika ikastaroak egingo dituzu gutxi barru eta buru-belarri ari izango zara horretan.

PR.- Ah, bai! Hori ere badakit zer den. Jatorki abesbatzan eman berri dut izena eta abesten ere emango dut aisialdia. Belarria eta eztarria findu beharko ditut.

SS.- Hori izan da dena. Lan handiak eman dizkidazun arren, oso zehatz irakurri ahal izan dizut etorkizuna. Tamalez garesti samar aterako zaizu.

PR.- Ez dio ardura. Dirua baino ez da

Sorginak argi-bolan ikusten zuen zurrunbilo zorabiagarria orain ari naiz bizitzen, umetako barraketan bainenbilen. Oka egiteko larririk ez daukadan bitartean …

 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago