Ez
dut sorginkerietan sinesten, baina ez dagoenik ere ez dut esango. Duela lauzpabost
hilabete esku-irakurle edo argi-bolan etorkizuna iragartzen duten sorgin
horietako batengana joan izan banintz honelakoa izango zen bion arteko solasa:
Sorkunde
Sorgina(SS).- Ez dizut beldurrik sartu
nahi, baina hemen zurrunbilo handia ikusten dizut, oso gertaera garrantzitsuak
datozkizu, bizitza erabat irauliko dizkizutenak. Ber-berton sentitzen ditut,
oso gertukoak dituzu, ez dakit nire bola honek honenbeste presio jasan ahal
izango duen.
Patxiko
Rementeria(PR).- Bai, nire erretiroarena
izango da. Erretiroa hartuko dut datorren hilean. Ikusten duzun ekaitz edo dena
delakoa ez da halabeharrez ezer txarrik izan behar, ala bai? Nik jubilo handiz
hartuko dut, behintzat.
SS.-
Ez, oso aldaketa errokoak dituzu, baina ona
ala txarra zer den zeuk baloratu beharko duzu. Lurrikara bat bezalakoa da hau,
ez da aldaketa soil bat, zuregan soilik ez ezik ingurukoengan ere eragingo
baitu. Jubilatu egingo zarela diozu, baina ez dut ikusten garbi. Jubilatuko
dena zure bizikidea da, zure emaztea.
PR.-
Oso kapaza da niri aurrea hartzearren.
Harena ez dakit posible izango den, baina nirea ziurra da, beste berririk ez
dut espero.
SS.-
Zure
erretiroa gutxienekoa da. Dena hankaz gora ikusten dizut etorkizunean.
PR.-
Ikara sartzen didazu. Ze aldaketa
konkretu ikusten duzu?
SS.-
Komunikazio eta garraioen sailean
berriztapena datorkizu, argi eta koloreen erabateko aldaketa, garraiatzeko eta
komunikatzeko modua aldatu egingo duzu. Kotxea aldatzekotan zara?
PR.-
Ez, inola ere ez. Nire autoa oso ongi
portatzen da eta ez dut beste baten premiarik.
Gerora, noski, gerora jakiten baita zer zen argizko
bolan adierazi zena, hain estimatua nuen autoak betirako stopa egin zuen eta
nik baino aste bete lehenago hartu zuen erretiroa. Kotxe berria, Fiat Bravo gorri bat hartu nuen Basurde
Izukaitza 3747 Cerdito Valiente
izen matrikulatua duena.
SS.-
Era digitalean guztiz murgilduko zara epe
labur-laburrean eta komunikazio sarea esponentzialki hedatuko duzu.
Arrazoia zuen balizko sorginak. Egun gutxi batzuen
bueltan telefoniako konpainiara kontratua berrikustera joan eta hileko ohiko ordainketa
jaisteaz gain doako telefono mugikor moderno baten jabe atera nintzen, wassapa eta
guztizko esmarfon horietako batekin. Hala ere, honela esan nion andre iragarleari:
PR.-
Ez naiz, ba, ni modernokerien oso zalea,
inozokeria hutsak iruditzen zaizkit, denbora alferrik galarazten dutenak.
Derrigorrezkoa ez bada, behintzat …
SS.-
Ikusten dudana besterik ez dizut
aitortzen. Honen interpretazioa ordenagailu berri bat hartuko duzula izan
daiteke. Badaukazu etxean ordenagailurik?
PR.-
Bai, behar dudanerako nahikoa eta lar.
Sorginkeria bategatik edo,
ordenagailua ere data berberetan hondatu egin zitzaidan eta patuak berri bar
eros nezan bultzatzen ninduen. Hala ere, honetan errebelatu egin nintzen Olinpoan
hariak trabestuz nirekin jolasean zebilen jainko txikiren baten kontran eta
lehengo zaharra konpontzea lortu nuen. Alabaina, lau hilabetez ordenagailu
barik iraun behar izan nuen.
SS.-
Bolaren alde honetan irudikatzen da argi
biziena, zure eguneroko zereginetan datorkizu iraulketa sakonena. Zure
eginbeharrak orain arte gazteekin burutzen bazenituen, aurrerantzean …
gazteagoekin egingo dituzu.
PR.- Zer? Nola? Erretiroaren aldaketa da hori
seguruenik. Umeekin lan egiteari utziko diot. Nola da posible ondoren
txikiagoekin jardutea. Ez da izango aitona egingo nautela?
SS.-
Ez, familiatik at dago argi distiratsu
hau. Aitona izatearena itxaron dezakezu, baina hobeto esertzen bazara, luze
joko du eta. Bidaia luze batekin dauka zerikusia.
PR.- Hau bai, ezustea! Ez naiz, bada, berriz Kaliforniara
joango ume txikiei eskolak ematera!
SS.-
Ez, denborazko bidaia da, salto luzea
egingo bazenu bezala.
PR.-
Martetar ume koadrila batek abduzituko
nau agian. Ez nuke halakorik probatu nahi.
SS.-
Ez, denboran atzera egingo duzu, zeu ume
txikia zinenekora edo. Komunikazioko argiarekin nahasten da, honekin zerikusi
handia izan dezake.
Sorkunde sorginak ikusi bide zuena
Altzaga ikastolako ikasle ohiekin harremanetan jarri izana izan zen,
zalantzarik gabe. Bat-batean hiru promozioko ikasle ohiekin komunikatzen hasi
nintzen. 1968an jaiotakoekin bazkari batean izan nintzen urrian eta denboraren
tunelean atzerantz bidaiatzea zer den esperimentatu nuen. Zein bidaia atsegina!
Garai zahar hura berriro bizitzea izan zen.
PR.-
Behintzat umeei eskolak ematen ez nauzu,
bada, ikusiko?
SS.-
Ba
bai! Bost urteko bati irakasten ari izango zatzaizkiola ikusten dut. Eskola
partikularrak emango dituzu.
PR.-
Zenbat hanka ditu bost urteko horrek?
SS.-
Normalak, lau. Lau? Lau!!
PR.-
Badakit nor den. Hori Erromulo da. Eskola
partikularrak ematen hasi natzaio, bai. Gurdi bat ere erosi diot eta traje
berria aginduko diot larrugile bati harentzat. Zer gehiago iragartzen didazu?
Osasuna ondo? Eta maitasuna ere bai?
SS.- Familiaren atalean ugaldu egingo zaretela
ematen du.
PR.-
Zeeeer?
SS.- Bai, bai. Orain artekoa bikoiztu edo
gehiago. Itxaron, esango dizut zehatzago. Orain arte bi ikusten ditut …
PR.-
Bai, noski, emaztea eta biok geratzen gara
etxean, semeek habia utzia dute, batek duela zortzi bat urte eta besteak orain
dela urte bete edo.
SS.- Bai, baina, laster hiru izango zarete. Ez,
lau! ... Ez, bost!
PR.-
Geldiro, geldiro. Zer esaten ari zara?
Nire emaztea ez dago Parisera joateko moduan eta legediak ez du uzten gure
adinekoek umerik adopzioan hartzerik.
SS.- Ez dakit ziur nortzuk diren etorriko zaizkizuenak,
baina lasai egon, ez dira ume txikiak. Joan etorrian dabiltza, ez dira luzaroan
geldituko, denak ez, behintzat. Etxean aldaketa handiak dauzkazue. Gelak
buelta-bueltaka ikusten ditut. Ez! Ez bakarrik gelak, etxeak ere bira eta bira
ari dira, dantzan. Bizilekuz aldatzeko asmoa duzue ala?
Orain ongi interpreta dezaket
sorginak adierazikoa, orduan zoratzekoa bazirudien ere. Amaginarreba, amama
Petri, bere etxea utzi beharrean izan zen, ez bere erruz, baina. Krisiaren
ondorioetako bat, beste bat. Gurera etorri zen eta hemen da orain. Haren etxeko
hondakinak banatzen izan genuen lana ondorenean. Bere gela dotorea geure egin
genuen eta Morgako etxera eraman. Han gela aldaketa bat egin genuen altzariak bestela
ez baitziren sartzen.
Familiakoen joan-etorriak ere erraz ulertzen dira orain.
Harri aldi baterako sortetxera itzuli zen hark ere bizileku aldaketa egin
baitu. Eta koinatuari ere antzekoa gertatu zaio, hau batzuetan bazkaltzera
baino etortzen ez bada ere. Mugimendu ugari ezustean. Orain dakit hau guztiau.
PR.-
Ez daukagu halako asmorik. Oso pozik
gaude gure etxean.
SS.- Familian oraindik aldaketa gehiago dago.
Norbaitek daukan lana utzi eta beste bat hartuko du eta lan gehiago egiteko
izango da, goizean goiz jagi beharko baitu.
PR.-
Hori Kerman da. Ospitaleko lana utziko du,
beraz?
SS.- Ez dakit, ez dut ezagutzen, izan liteke.
Laster jende askori zuzenean zerbitzatzen ikusten dut.
Zein ongi ikusten zuen sorginak halakoak!
Kerman Ziripoten dago orain lan egiten. Honetan ere asmatu! Sinestekoa da ala
ez?
PR.- Berrikuntza asko agintzen didazu. Besterik
ikusten duzu?
SS.- Bai, hemen espresio artistikoaren munduan adierazpen
batzuk ikusten dizkizut. Pintura edo musika ikastaroak egingo dituzu gutxi
barru eta buru-belarri ari izango zara horretan.
PR.- Ah, bai! Hori ere badakit zer den. Jatorki
abesbatzan eman berri dut izena eta abesten ere emango dut aisialdia. Belarria
eta eztarria findu beharko ditut.
SS.- Hori izan da dena. Lan handiak eman
dizkidazun arren, oso zehatz irakurri ahal izan dizut etorkizuna. Tamalez
garesti samar aterako zaizu.
PR.-
Ez dio ardura. Dirua baino ez da

No hay comentarios:
Publicar un comentario