2014-06-09

Traje berria


 
Arroniz herriko Emiliok traje berria atondu eta josi dio neurrian Erromulori. Ondo lotzen zaio gurdiarekin eta astoa pozik dago. Honek ez du tutik ulertzen aspaldian gertatzen zaionaz, baina nagusiak eskatu eta agintzen diona kristau baten fedez betetzen du. Gainera, eginbeharra amaitzen duenerako sari gozoa ematen dio hark. Erromulo asto baten lojikari jarraikitzen zaio bete-betean eta bere burua intelijentetzat daukana ez bada asto-lojikara ailegatzen nor da hemen intelijentea eta nor da astoa?
Emiliori besoak  oso minduta eta bi zangoak guztiz txikituta geratu zitzaizkion lantegian izan zuen istripu larri baten ondorioz. Geroztik izterrak moztuta geratu zen, baina besoekin moldatzeko moduan. Emaztegaiaren laguntzaz hau eta bestea probatzen hasi zen, baita parapentean salto egiten ere, baina azkenean betidaniko zaletasunarekin, mando, zaldi, astoekin, lotuta zegoen larrugintza ikasten hasi zen Lizarrako militar batekin eta gaur oso iaioa da bere langintzan. Ezbehar gehiago ere pairatu behar izan du gizonak, emaztegaia zuena emazte bihurtu eta gutxira zendu egin baitzitzaion minbiziaz, seme gazte birekin utziz. Aurrera egiteko adorea izan du horratio!
Ez du atsegin edozein lan, larrua bitartean egon arren, berak atsegin duena abereak gurdian lotzeko uhel eta aparejuak egitea da. Horregatik oso interesatuta dago Erromulori trajea nola geratu zaion jakiteaz. Primeran, Emilio.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago