2017-05-04

Sakramentinoak II


1963ko iraileko egun batean heldu zinen aita eta amarekin Citroen 2CV hartan Tolosako Sakramentinoetara. Bidaia hark izan zuen mentura kutsurik, safari batekiko antzekotasunik, besterik ezean. Deskargako portuko errebuelta txirikordatuetan zirku bateko kamioiekin topo egin zenutelako, astiro-astiro gurutzatu eta bertako elefanteen azala ia ukitzeko moduan ikusteraino. Egun eguzkitsu eta alaia izan zen, bazkaltzen bertan gonbidatu zintuzteten eta leihoa lorategira zabalik zeukan harrera gela batean eseri ziren zurekin aita, ama, bertako apaiz sakramentino bat, Barbarin izenekoa eta Labiano zure ikaskidea. Lorategiko kaki arbola exotikoa hizketarako gai nagusi bat izan zen jatordu hartan, besteak beste.

Giro ederrean bazkaldu eta gero ikastetxeko mutiko batek eraman zintuen berarekin zeure maleta eta trasteak logelan uzteko. Segituan jaitsi zinen gurasoei agur esateko, baina ordurako aita eta ama ez zeuden utzitako lekuan, ez ziren inon ageri. Amari musua emateko gogoz geratu zinen, baina ulertu zenuen inork esan gabe ere, zeure onerako egin zutela alde, agurtzeko une garratza ekidin nahi zizutela, nahiz eta zuretzat musu ematekoa une gozoa izango zen, inolaz ere ez garratz ez mingotsa. Minduta sentitu zinen saldukeria hargatik, traizio txiki bat izan baitzen,  baina haatik pozik zeunden, alai, abentura eta berrikuntzaz beteriko bizitza berriari ekiteko.
Dena ez zen berria, alabaina, lehenago, urte berean uztaileko aste bete aprobetan egin baitzenuen Tolosako ikastetxean eta hargatik ezaguna zitzaizun etxe berria. Horrela deitzen ziren, aprobak, eta lekua eta bertako bizitza gustukoa zitzaizun ala ez probatzeko balio zuten. Aprobetako aste horretako bizitza oporretako udalekuetan izan ohi dena zen, jolasa hemen, txangoa han, dena jaia eta alaitasuna. Egun horietako animatzaile nagusiena Aita Gorriti izaten zen, oso apaiz alaia, hurbilekoa eta dibertigarria. Berak ateratzen zituen argazkiak eta berak jartzen zuen dibertsiorako bidea. Horregatik irailean ikas urtea hastera zihoanean harrituta ikusten zenuen nola zu baino nagusiagoek galdetzen zizutenean nolakoa zen Gorriti eta zuk oso majo eta jatorra zela erantzuten zenienean elkarri ukabilez ukitu eta barrez hasten zirela. Gainera, behin eta berriz ematen zizuten hautatzeko nor zen hobea, Aita Gorriti, Aita Zuzendaria ala Aita Arzallus, hau Aita Espiritual kargua zeukana. Zalantzarik gabe Gorriti hautatzen zenuen onen bezalakoa. Orduan mutiko batzuek irribarrea ezpainetan alde egiten zizuten, “laster jabetuko zarete” esanaz bezala, baina beste norbait saiatzen zen zuri eta zu bezalakoei begiak zabaltzen, esanez Aita Zuzendaria eta Aita Espirituala zirela han onak eta ez Aita Gorriti. Eta horrela izan zen, laster ezagutu zenituen Gorritiren Dr. Jekyll and Mr. Hyden aurpegi ezberdinak. 

2017-01-25

Sakramentinoak I

Hara non zure 63. urtebetetzean gutun sorta bat oparitzen dizuten, zeuk umetan ikastetxean zeundela etxera idatzirikoa. Horrez gain, beste koaderno multzo bat ere eskuratzen dizute, urte gutxi batzuetan, oraino nerabezaroa zeharkatu gabe, idatzi zenuen egunerokoa.
Gutunak 9 dituzu, 9 hilabetetan idatzikoak, 1964. irailean hasi eta 1965eko apirilera artekoak. Ahal zenuen idazketa dotoreenaz eta gaztelania txukunean idatzita daude, horrela idazten irakatsita baitzeunden.
Egunerokoen lehen data 1968ko urriaren 14koa duzu eta azkena 1972ko apirilaren 12koa, guztira 3 urte eta erdiko izkribuak, ia egunero idatzitakoak. Hauek euskaraz daude idatzita, garaian prestigio eta hedabide nagusiena zeukan gipuzkeraz. Eskura eduki zenuen edozein koadernotan daude taxututa, erabili gabeko aurreko urteetako agendetan, adibidez. Esku izkribuok zuloren batean nonbait ondo ezkutatu eta gordeta egon dira orain arte eta ustekabez atzera aldeko leiho bat zabalduta uzten dizute.
Zer egin idazki guztiokin? Zertarako baliatu? Hara ate batzuk zabalik:
Lehenik, zeu zinen ume hari idatz egiozu zerbait, esaiozu maite duzula, leihotik begira ari zatzaizkiola eta ez dagoela bakarrik, lagunduko diozula gertatzen zaion guztia ulertzen, egun gozatzen duzun egoera bare eta patxadatsu honetatik azalduko diozula, justifikatu gabe, nagusiek zergatik egiten dituzten egiten dizkiotenak, kontsolamendua izan eta lasai dadin.
Bestetik, beste 50 urte pasatakoan ziur badagoela norbait 100 urte lehenago bere arbaso zahar hark zer pasadizo nozitu zituen jakin nahi duenik eta gertaera asko harrigarri irudituko zaio agian, edo baduke haietatik zer ikasi eta zer ondorio atera bere bizitzarako ere, edo kontsolamendurako balio diezaioke hari ere. Hala bedi.
Azkenik norberarentzat ere mesedegarria litzateke nor izan den eta nondik etorri den gogoan hartu eta hartaz hausnartzea geratzen zaion bide oraindik luzea erosoago eta argiago egin dezan.

50 urtetik gora pasatu dira honako lehen gutunak Tolosatik Morgarako bidaia egin zuenetik, baina baziren horren aurretiaz beste gutun batzuk ere, dozenatik gora agian, ikastetxeko lehen urtean idatzirikoak, baina, tamalez, inork gorde ez zituenak.

 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago