2022-03-04

Sakramentinoak III

Tolosako Sakramentinoak, gaur Laskorain Ikastola
Baina nola heldu zinen hain urruneko leku hartara, ez al zegoen beste ikastetxerik etxetik hurrago? Horrela galdetzen zizuten batek baino gehiagok logika osoaz. Eta entzun nahi zuenari gogotik kontatzen zenien zure lehengusu bat, baina ez zen zure lehengusua, zure amarena baizik, ez zuen axola, zure lehengusu Eugenio apaiz egiteko Arratiako Areatzako sakramentinoen komentuan zegoela estudiatzen, lehenago Tolosan ikasia zela eta harengatik nahi zenuela zuk ere bide bera egin. Beragatik zeundela zeu ere han, ikastetxean. Harik eta zu baino nagusitxoagoa zen norbaitek erantzun zizun bera ere bere amarengatik izan ez balitz ez zela han egongo eta geroztik ez zenion halako erretolikarik inori eman. Ziurtasun handiaz esaten zenien gurasoei baietz, hara joan nahi zenuela, baita uztaileko aprobak pasatu eta gero ere. Betidanik zinen esperientzia eta gauza berrien aproba zalea, Bilbotik Morgara bizitzera joateko plana berotasun handiz hartu zenuenean bezala, sei urteko zinela, edota  Andramariko eskolan ikas urte bi egin ostean irrikan zeundenean Bilbora “Ingreso”a egitera joateko. Joan ere joan zineten zure arreba zaharrena Arantza eta biok Luisa eta Bego lehengusinen pisura. Baina ez ziren zuen lehengusinak, zuen amarenak baizik, ez zuen axola, Luisarenera joan zineten Ollerieta aldera, hango akademian ikasketak egitera, eraikuntza berean solairu bat gorago zegoen akademian estudioak egitera. Kasu bitxia zuena, Arantza eta biona, estudiatzera joateko etxeko atetik irten eta eskaileran behera jaitsi beharrean, mundu guztiak ohi duen moduan, etxeko atetik irten eta solairu bat gorago igotzen zineten, hain zuzen ere hiru urte lehenago zeuen etxea izandako pisura, jada Otxaran akademia bilakatura. 
Pisu hartan bizi zinela aho zabalik entzuten zenien kontatzen Luisari eta honen lehengusina biri nola Eugenio bisitatzera joaten ziren eta zein dotore zeuden Eugenio eta bere ikaskideak eta zein arrakasta zuten nesken aurrean eta zein guapoak ziren denak. Eta zuk gehiago kontatzeko eta ea zer egin behar zen zeu ere hara joateko. Gauza handia zen familian apaiz edo moja bat izatea, ohikoa zen bezala, zeure familian beste inora joan gabe, izeko Juanita ia aldarean zegoen heroina baitzen. Zera da zuk ez dakizuna, hura guztia aurretiaz bilbatutako trikimailua izan zitekeela, denoi ongi zetorkizuena, gurasoen etxean koadrila handia zegoelako, Luisa ezin zitekeelako luzaroan zuen karguan egon eta zeu ere pozik agertzen zinelako barneko eskola batean sartzeko. Halako plana hausnartu eta antolatzeko oso gai zen zure ama, inor izatekotan. Nolanahi gertatuta ere, hala gauzatu zen zure Tolosarako ibilbidea.

Eta behin sartuz gero, tranpa zulo hartatik ateratzea oso zaila zen, ez bazen lotsa eta porrotezko sentipen bizi batekin. Goitik ezarritako planari eskerrak ematea beste irtenbiderik ez zegoen eta gogorrean indarrez eutsi. Goikoak doanik emandako bokazioari nola egin muzin? Ideia horiek zure adimen txikian ongi iltzatzeko sobera ziren egunean egunean elizan eta kaperan emandako orduak eta orduak, dela meza, dela funtzioa, meditazioa, adorazioa, errosarioa eta beste antzeko batzuen bitartez. 
Elizako ordu luze eta ugarietan zeure burua misioetako heroi gisa irudikatzen zenuen Afrikako bazter zoragarriren batean. Gainera, zeure misio lagun laster jaiotzeko zen anaia txikia ikusten zenuen, Inazio izango zena, baina azkenean Magdalena Sofia suertatu zena, Sofi, arreba txikia, 1965eko azaroaren 15ean jaio zena. 


 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago