Tolosako Sakramentinoak, gaur Laskorain Ikastola |
Baina nola heldu zinen hain urruneko leku hartara, ez al
zegoen beste ikastetxerik etxetik hurrago? Horrela galdetzen zizuten batek
baino gehiagok logika osoaz. Eta entzun nahi zuenari gogotik kontatzen zenien
zure lehengusu bat, baina ez zen zure lehengusua, zure amarena baizik, ez zuen
axola, zure lehengusu Eugenio apaiz egiteko Arratiako Areatzako sakramentinoen
komentuan zegoela estudiatzen, lehenago Tolosan ikasia zela eta harengatik nahi
zenuela zuk ere bide bera egin. Beragatik zeundela zeu ere han, ikastetxean.
Harik eta zu baino nagusitxoagoa zen norbaitek erantzun zizun bera ere bere
amarengatik izan ez balitz ez zela han egongo eta geroztik ez zenion halako
erretolikarik inori eman. Ziurtasun handiaz esaten zenien gurasoei baietz,
hara joan nahi zenuela, baita uztaileko aprobak pasatu eta gero ere. Betidanik
zinen esperientzia eta gauza berrien aproba zalea, Bilbotik Morgara bizitzera
joateko plana berotasun handiz hartu zenuenean bezala, sei urteko zinela, edota
Andramariko eskolan ikas urte bi egin
ostean irrikan zeundenean Bilbora “Ingreso”a
egitera joateko. Joan ere joan zineten zure arreba zaharrena Arantza eta biok
Luisa eta Bego lehengusinen pisura. Baina ez ziren zuen lehengusinak, zuen
amarenak baizik, ez zuen axola, Luisarenera joan zineten Ollerieta aldera,
hango akademian ikasketak egitera, eraikuntza berean solairu bat gorago zegoen akademian estudioak egitera. Kasu bitxia zuena, Arantza eta biona, estudiatzera
joateko etxeko atetik irten eta eskaileran behera jaitsi beharrean, mundu
guztiak ohi duen moduan, etxeko atetik irten eta solairu bat gorago igotzen zineten, hain zuzen ere hiru urte lehenago zeuen etxea izandako pisura, jada Otxaran
akademia bilakatura.
Pisu hartan bizi zinela aho zabalik entzuten zenien
kontatzen Luisari eta honen lehengusina biri nola Eugenio bisitatzera joaten
ziren eta zein dotore zeuden Eugenio eta bere ikaskideak eta zein arrakasta
zuten nesken aurrean eta zein guapoak ziren denak. Eta zuk gehiago kontatzeko
eta ea zer egin behar zen zeu ere hara joateko. Gauza handia zen familian apaiz
edo moja bat izatea, ohikoa zen bezala, zeure familian beste inora joan gabe,
izeko Juanita ia aldarean zegoen heroina baitzen. Zera da zuk ez dakizuna, hura
guztia aurretiaz bilbatutako trikimailua izan zitekeela, denoi ongi
zetorkizuena, gurasoen etxean koadrila handia zegoelako, Luisa ezin zitekeelako
luzaroan zuen karguan egon eta zeu ere pozik agertzen zinelako barneko eskola
batean sartzeko. Halako plana hausnartu eta antolatzeko oso gai zen zure ama,
inor izatekotan. Nolanahi gertatuta ere, hala gauzatu zen zure Tolosarako
ibilbidea.
Eta behin sartuz gero, tranpa zulo hartatik ateratzea oso
zaila zen, ez bazen lotsa eta porrotezko sentipen bizi batekin. Goitik ezarritako
planari eskerrak ematea beste irtenbiderik ez zegoen eta gogorrean indarrez
eutsi. Goikoak doanik emandako bokazioari nola egin muzin? Ideia horiek zure
adimen txikian ongi iltzatzeko sobera ziren egunean egunean elizan eta kaperan
emandako orduak eta orduak, dela meza, dela funtzioa, meditazioa, adorazioa,
errosarioa eta beste antzeko batzuen bitartez.
Elizako ordu luze eta ugarietan zeure burua misioetako heroi gisa irudikatzen zenuen Afrikako bazter zoragarriren batean. Gainera, zeure misio lagun laster jaiotzeko zen anaia txikia ikusten zenuen, Inazio izango zena, baina azkenean Magdalena Sofia suertatu zena, Sofi, arreba txikia, 1965eko azaroaren 15ean jaio zena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario