2016-04-09

Izan Hadi Ur  

Begira hago, euriari begira aterpetik. Uraren doinu monotonoak inguratzen hau, geldo, luzaroan. Sabaian zalaparta bustia eten gabe ari duk erritmo biziari eutsiz eta erauntsiaren atsedenaldi bat heldutakoan, oraindik ere, iturri hotsak zoruan sortutako putzuraino zirauk. Teilaren sabel gorri borobiletik barrena ur jarioa astrapalaka zoak. Zaparradaren baretzeaz bat putzuan euri tantek, orain pausuan, uhin borobil ozen bilakatzen ditek goitik beherako abiada.
Begira iezaiok tanto lodi horri, nola luzatzen den teilaren hegalpetik askatu nahirik. Azkenik euri tantaren buztana soltatzen duk sabel gorritik eta izaki borobil gardena libro zihoak bere buruaren jabe. Aske eta gazte, ez duk jabetzen grabitateak fatidikoki ezartzen dion patuaz, bost metro eta pikuko hegaldiak dirauen arteko izana daukala, edo bostehun eta hogei zentimetrokoak, edo bost mila eta berrehun milimetrokoak, edo … Nahi adina luzatu arren, tangada jaioberriaren azkena ziur gerturatuko duk potxingoko urarekin bat egin arte, tanta aske burujabea izateari utziz.

Ziklo borobil bikainean heldu duk hodeietatik datorren ale dizdizaria. Eta haietara itsasotik lurrunduta igoa duk lehenago. Itsasoa duk, berriz, azkenik, tanta xumearen jomuga, ibilbidea osatuz.

Bitartean, egun arre euritsu honetan ere, kolore guztiak zurrupatzen ditik tantoaren azal borobilduak, hodei sabel erraustuen artetik ageri den zertzelada urdina eta ahulduta eta zeharka datozen izpi bakanak. Alboko landako berde eta horiak eta teilaren gorria ere, denak nahasian islatzen dituk ur perla txikian.


Hire burua urmaelera eroriz doan tanta dizdizari irudikatzen duk, sabel gorriak erditu hinduenetik urak berdinduko hauen orenera. Lege fisiko eta kimikoek mugatzen haute heure denboraren izate osoan. Ura haiz ehuneko 70ean. Gainerako 30a ere, egunen batean erre hazatenean, uretan disolbatuko duk aurrerago edo atzerago, itsaso zabalean nahiz lur bedeinkatupean. 

Jaiotze aurretiko bizitzan urez inguraturik hengoen, likido amniotikoan. Likido hau itsas uraren ia berdina omen duk. 
Ez haiz desagertuko, orain itsaso, orain hodei, orain erreka izango haiz gurpil amaigabean. Be water my friend. Izan hadi ur.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago