2016-04-24


Ura Izan Hadi 
Doinua: Mendian Gora Haritza



Euria zalapartaka,
teila gaineko zarata,
uhin borobil txikiak sortuz tantak tantaz tanta.
Monotonoa duk kanta
ezin diok egin hanka,
behatu ezak arretaz horko tangada galanta.


Begira hago, begira
teilatuaren azpira,
zaparradaren ondotik euri tantaren dizdira.
Ttanttoak zatozak di-da
potxingoaren erdira,
banan-banaka osatzen ditek putzua guztira.













Teilatik askatu nahirik
tantak soina luzatzen dik,
zoriontsu duk bere burua libro ikusirik.
Ez zeukak jauzi handirik
bost metrotakoa baizik,
baina sentitzen duk hegaldian erabat bizirik.


Belar ta hosto bustiak,
berde ta hori eztiak,
bere bidaian islatzen ditik kolore guztiak.
Txoriñoen abestiak,
arta-soro ta mahastiak
sentiarazten zizkiok denak goitik eguzkiak.

 











Hodeietatik zorura
errekastoen freskura
bira osatuz gaindituko dik itsasoko muga.
Hori duk haren onura,
bizitza bere eskura
berriz lurrunduz borobiltzeko ziklo bikain hura.


Portzentaje ederrean,
hirurogeita hamarrean
ura haiz heure gorputz osoko bizi altxorrean.
Bestea derrigorrean
erre hazaten dorrean
disolbatuko duk hauts eginda poliki lurrean.

 


 Likido amniotikoa,
jaiotze aurretikoa,
itsas uraren antzekoa duk, hi han hazikoa.
Ur gurpila, betikoa,
hi haiz haren harikoa,
itsasoa duk hire jomuga, ziklo logikoa.


Zikloa behatuz adi
erraz dezakek nabari,
heure antza ez al diok hartzen euri tanta hari?
Jaio eta hil, kinka bi,
izadiaren emari.
Oihuka ezak “Be water my friend”, ura izan hadi!



















No hay comentarios:

Publicar un comentario

 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago