2013-08-29

Aparejua


Linda jatorriz bermeotarra dugu. Orain Erromulo den adinekoa zenean, lau urterekin edo, ekarri zuten Bermeotik eta geroztik Morgan daramatza bizitzako urterik gehienak. Dozena erdi bat astokume beltz egin ditu bere bizitzako 17 urteetan, haien artean Erromulo. Aurkarien dialektika ondo ezagutzen du, Bermeo/Morga, itsas portua/baserriko korta, sardina/tomatea, kresala/garoa, atuna/olioa, Lekeitio/Biasteri ... Badaki Bermeon bertan ere nekazaria eta arrantzalea daudela, baserria eta kaia, biak direla herrian, antzekoa gertatzen dela Ondarroan ere. Aurkakoak ongi uztartzen iaioa da bere arbasoak arraina hara eta ardoa hona garraiatzen ibiliak zirelako agian. Gure aitona Gabino ere badakigu gaztetan ardoa Bermeora garraiatzen ibilia zela eta ziur Bermeotik bueltan zerbait ekarriko zuela, legatz handiren bat gutxienez.
Lindak ongi ulertzen du aparejuaren bikoiztasuna, badaki itsasuntzian gauza bat dela aparejua eta beste bat Morgako baserrian, izen berbera dutela arrainak harrapatzeko tramankuluak eta asto gainean jartzekoak. Jakituriaz beterik erakusten digu badakiela zer den arrantza egitea belardian eta zer arrantza egitea itsasuntzian. Ez al dauka honek paradoja baten antza? Batak aparejua, besteak arrantza!


  

2013-08-28

Edipo Errege


Mina? Zer da hori?
Erromulok agudo erantzun digu Esfingeak Edipori jarritako igarkizunaz galdetu diogunean: "Zein da ahots bakarraz lau hankaduna, bi hankaduna eta hiru hankaduna den bizidun izakia?" "Neu, neu naiz!" bota digu. "Normalean lau hankaduna izaten naiz, baina, orain bezala, oso asto nagoenean berehala zutitzen naiz hanka biren gainean eta hirugarren hanka ere bista-bistara ateratzen zait"
Erantzuna okerra da noski, baina, esan bezala, gure Erromulo ez dago inori entzuteko eta gutxiago buruaz pentsatzeko. Arra izaki, beste gorputz atal batez pentsatzen du. Apareju ederra eginda dago gure Erromulo.
Tamalez, hesia jarri diote bera eta Lindaren artean. Halakoetan praktikoa izan behar da, maite duguna eskuratzerik ez badago, eskura dagoenarekin konformatu behar!
Aparejua aipatuta, Mendik Arrietatik ekarritako aparejua probatu beharko zaio asto bat edo besteri.

2013-08-26

Edipo



Erromulo eta Edipo oso antzekoak dira. Erromulo bere amarekin maiteminduta dago. Ez daki Linda ama duenik eta asto jartzen denean ez dio axola esaten diogunagatik ez amak ematen dizkion ostikadengatik. Horrela dagoenean aita ere hilko luke erdian harrapatuko balu. Beharrik aita aspaldi aldendua den eta non dagoen ere ez dakigun.
Edipo bezala, Erromulo hanketako gaitzez ibili da egunotan, asko mugitu gabe, baina gaitzarena lanik ez egiteko aitzakia besterik ez da izan. Agerian geratu zaio trikimailua. Ama ikustean min guztiak uxatu ditu laster batean. Ikusi al dio inork koxorik. Ahaztu zaizkio azkar zaintiratu eta herrenak. Osatu dela ematen du, baina Linda osorik geratuko ote da?
 

2013-08-19

Zapata berriak

Dena zegoen prest. Erromulo berekasa errenditu eta etzan zen. Hain zegoen zapata zaharrekin nazkatuta, non lau hankak batera eskaintzen zizkigun agindutako zapata berriak jar geniezazkion. Dozena erdi bat lagun inguruan lanerako prest, bat hankari eutsiz, bestea buruari; astoa lasaitzeko abesten zionik ere bazegoen, baita honi duetoa egingo zionik ere. Huts egin zuena erreminta izan zen, ez zegoen apatxak mozteko balio zuen tresnarik. Ahalegin guztiak alferrik izan ziren eta langileei berdin berdin ordaindu behar. Bazkariarekin konformatu ziren, gaitzerdi!
Patxiko Iruraraino joan zen hurrengo egunean tresna berriak erosten eta haiekin apatxak txukun antzean utzi zizkioten Erromulori.
Zoritxarrez zerbait gertatzen zaio gure astoari. Ez dakigu hankaren baten bihurkadaren bat egin ote diogun, oin azpiak oso gaizki utzi dizkiogun, ala zoriz beste gaitzen bat pairatzen ari den. Gauza da ez duela ibili ere egin nahi, ahul eta triste antzean dagoela. Egun batzuetan zelaian bake-bakean utziko dugu, ea berez pasatzen zaion. Agian bere amarekin egonez gero haren mimoekin hobera egin dezake.

2013-08-14

Lehen karga

Zer zela uste zendun gurdian jartzea? Sillan eseri eta gitarra jotzea?
Bizitza osoan inoiz lan egitea zer den jakin gabe egon den Erromulo astagaisoari orain gurdia jarri nahi diote atzetik lotuta. Torturatzeko halako tramankulurik ez duela ezagutu nahi esan du, gurago duela zelaian belar puntaz belar punta berekasa ibiltzea. Beraz, agindutakoaren kontrakoa egiten hasi da, setati. Patxiko argudiozko erretolika luzean hasi zaio, dena ez dela garragarran eguna pasatzea, bizitzan badagoela halako betebehar morala. Azaldu dio nola Erromaren sortzailearen izena eramanik jakin behar lukeela erromatar Virgilio poetak ere hasiera batean epikureoen haizea besterik ez omen zuela hartzen, baina geroztik konturatu zela estoikoek ere bazutela arrazoia eta lana eta nekea ez zirela gizakientzako madarikazio bat, baizik zirikatzeko eta bizirik egoteko bitartekoa. Gaineratu dio Eneas erromatar heroiak ere bere semeari hala esan omen ziola:
Disce, puer, virtutem ex me verumque laborem,
fortunam ex aliis.
Ikas ezak, seme, nigandik dohain eta benetako lana,
besteengandik zoriona.
Guztia adi entzun eta gero ere, Erromulo bere hartan, gurdiranzko zirkinik egin gabe.
Azkenean, bai, ekinaren ekinaz, Patxikok lotu du astoa gurdian eta dena abiatu da primeran. Baina Erromulo ezin da ibili zapata horiekin, Erromulok zapata berriak behar ditu.

2013-08-06

Bigarren Ikasketa Praktikoa: I Am The Boss

Neuk Agintzen Dut
Hauxe da bigarren eskolaren izenburua. Erromulok alde teorikoa gainditu gabe dauka oraindik, ikusten denez. Zer esanik ez praktikoa. Baina, ez pentsa, jarrera ona dauka eta lortuko du bigarren ikasgaia menperatzea, nota onarekin, gainera.
Hobekuntzarik nabaritzen da bigarren bideoan, ez da hala? Maisuak gizakumeekin izandako esperientziak asko balio du Erromuloren heziketan, barka bezate konparaketa lau hankadunek. Gakoa haien lekuan jartzean datza, asto baten moduan pentsatzea, hain zuzen. Asto baten leku psikologikoa hartzeak astakeria bat dirudi, baina, ez, formalean, hezitzaile batek, arrakasta erdietsiko badu, astoaren lekuan jarri behar du, honen beharrak eta gurariak ondo ulertu, fideltasuna irabazi eta fidagarritasuna lortu.
Erromulori lehenengo bokalak eta gero kontsonante batzuk irakatsi behar zaizkio eroapenez. Ondoren etorriko da obeditzearena, baina hasteko zer eskatzen zaion ondo ulertu behar du.
Hurrengo urratsa gurdian lotzea izango da. Ea nola moldatzen garen


2013-08-03

Erromuloren ikasketak

LEHEN IKASKETA PRAKTIKOA: TRUST IN ME
Patxikoren ametsak idi parearekin helduko dira gailurrera, baina harainoko bideari ekiteko astoarekin emango ditu lehen urratsak. Patxikok Asturieseko Bimenes herritik ekarrita dauka asto-gurdi berdea eta orain Erromulori eskola praktikoak ematen hasi zaio. Lehenengo eskola Fida Hadi Nigaz, izenda dezakegu. Honetan Patxikok paradisu berrietara eramango du ikaslea eta bere eskutik esperientzia berri aberasgarriak erdietsi ditzakeela erakutsiko dio.
Erromulo txundituta geratu da errekastoaren murmurioarekin, liluratu egin da sorginorratzak zuhaitz hostoak josten ikustean, zurtu egin da urezko ispiluan uhinen arteko dantzan zebilen astoko xarmagarri batekin eta inolako lokarririk gabe aske sentitu da Patxikok astoarentzat sortu duen zeruan.
Erromulo jadanik prest dago bigarren eskola ikasteko.
 

 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago