2010-12-27

Amabitxik 87 urte


Gaur Tia Mariak 87 urte egin ditu eta oso ondo ikusi dut, bere betiko umore onaz. Atzo bere auzokide Pedro Manuelen urtebetetzea izan zen arren ez omen zuen ikusi ere egin. Gaur Pedro zorionak ematera datorrenean, seguru etorriko baita, ez duela ezer jakin nahi esango omen dio, atzo basu bete uretara gonbidatzeko gauza izan ez bazen, gaur ezertan ez etortzeko esango omen dio. Gordeta dekotzet.
Nik hamar urteak Tolosan nengoela bete nituen. Eguna antsiz eta gogoz itxaroten nuen. Postalak hartzeak, zenbat eta gehiago hobe, oraindik ilusio handia egiten zuen. Nire aita-amabitxiengandik zurezko kaxatxo bat hartu nuen. Barruan erloju bat zekarren, izan nuen lehen erlojua. Seguruenik balio txikiko erlojua izan zen edo esku artean hainbeste ibiliaren ibiliaz hondatu egingo nuen. Ahaztuko nituen hainbat opari, bai azkenengoz jaso dudana ere, baina zurezko kaxatxoan zetorren opari hura ez dut inoiz ahaztuko.
Gaur hitza hartu diot Tia Mariari, artirina heltzen zaionean taloa jatera joango naiz eurenera.

2010-11-17

Zorionak Pello!

Zorionak, Pello!
Gure 24ak atzo goizean izan ziren. Ez zara gogoratzen zelan mahonezko praka haiek jazten nituen? Eta zela soldadutzara Valenciara joateko deialdia jaso nuen?
Ba, horixe, atzo goizean

2010-11-11

Zorionak, Maialen!!

Zeuri be badatortzu zeure San Martina. Baina zuretzat San Martin santu ona eta ongilea da.
Gozatu!!

2010-08-23

Mendian, lahar artean



Basoa garbitzera zoazenean oztopo askorekin egingo duzu topo eta etsai askori egin beharko diozu eraso. Aurkari nagusia, baina, laharra edo sasia izango duzu.
Sasia Ekialdeko filosofiaz hazten da, setatia da, ez du inoiz etsiko. Astiro, baina gelditu gabe egiten du bere lana, haztearen eta inguruetara hadatzearen zeregina. Erraz menderatzen duzula iruditzen zaizu, baina bera ez da nekatzen. Zu, bai, ordea. Nekea datorkizunean ez diozu kolpea lehenago bezain zehatz eta irmo jotzen eta sasia erdi barrezka hasten zaizu. Zenbat eta kantsatuago zauden, orduan eta kolpe gehiago jo behar diozu lurraren gainera ekartzeko. Une horretan dago pozik sasia, badakielako irabazten hasi zaizula. Orduan entzuten duzu bere barre gaiztoa eta oreka galtzen hasten zara.
Oreka zentzu bietan galtzen duzu. Indar handiagoa galtzen duzu alferrik, ez zabiltzalako hasieran bezain fresko eta fin eta gehiegitan trabatzen zarelako. Zure pazientzia, bestalde, agortuz doa indarrarekin batera, eta ezin duzu jasan sasiaren barre maltzurra.
Seguruenik biraoka hasita zaude ordurako eta horrekin zeure burua berotu, besterik ez duzu egiten. Sasia jada adarra jotzen ari zaizu. Bere momentua da. Orain ausartzen da arantza bat edo besterekin zure aurpegia ferekatzen. Lehenengo belarrietan edo erasotzen dizu eta hori eraman dezakezu. Baina atal bigunagoak topatzen dizkizunean, ezpainetan ziztatzen dizunean edo, batere lotsarik gabe, sudur zuloetatik barrura sartu eta hor bere eztenaz ziztatzen dizunean konturatzen zara negar malkoak ateratzen dizkizula, minaren minez. Atzera egin eta basoa uzteko momentua heldu zaizu, argi dago, baina atala amaitu arte ezin duzu alde egin, zeure ohorearen kontra lihoake hori. Beraz, burruka basatian murgiltzen zara, gero eta sakonago. Sasia hanken inguruan kiribiltzen zaizu eta muturrez aurrera erortzen zara, behin eta berriz. Etxera heltzen zarenerako hauts eginda zaude, ezin duzu zirkinik ere egin. Ostera, sasia dagoeneko hasita dago bere hazkuntza lanean, galdutako lekua berreskuratzearren. Eta ez du etsiko, ez da inoiz kantsatuko. Urte bete barru baso berera zoazenean sasitza bera aurkituko duzu, are indartsuago eta gorago igota.
Sasia edo laharra herioaren irudia duzu, badakizu azkenean garaitu egingo zaizula, ez dio ardura zenbat aldiz azpiratzen duzun. Etxerik dotoreena, lorategi ederrenaz inguratua egonda ere, sasiaren mende eroriko da labur edo luze, egunen batean. Sasiak ez dauka presarik, batere ez, pazientzia soberan dauka eta helduko zaio bere garaia. Urrunetik etorri behar badu ere, helduko da eta etxea inguratuko du ia igarri gabean. Ormetan gora egin, zuloetan barna sartu eta teilapeetatik sartuko ditu hatz fin zuriak. Ez dizu errespetatuko ez etxe, ez gaztetu, ez jauregi. Dena egingo du bere, dena irentsiko du.
Sasiak badauka, hala ere, bere aurpegi zuriagoa. Sasiak masusta ederrak ematen dizkizu. Sasia basoen sortzaile eta eraikitzaile bikaina da. Egunen batean, mendietako pinadiak beren kasa utziko bagenitu, sasiz jantziko lirateke eta sasi horiek berez ernetakoko haritz landareak babestuko lituzkete zuhaitz eder hasi zitezen arte. Betiko basoa berrezarriko luke.
Sasia, beraz, bizitzaren parte bezala onartu behar duzu eta bere edertasun garratza miresten ikasi.

2010-08-10

Agarreko maisuak lan ona


Andra Mariko eskolan hasi nintzenean baneraman urte bi Bilbon eskolatuta eta ondo egiten nituen irakurketa eta kontuak. Horregatik, Don Jesus, Agarreko maisuak, miresmenezko irrifar batez probatu zizkidan irakurketa kartillak, bata bestearen atzetik, denak sobera irakurtzeko gai nintzela frogatuz. Azkenean lehen graduko Alvarez enziklopedia esleitu zidan. Poz handia hartuko zuen nirekin, liburuko irakurketak ezezik, bere azalpenak ere normal-normal ulertzeko gai bainintzen. Ez nintzen, beraz, hain ernegagarri ziren hainbat ume abarkadun basati ezjakinen antzekoa.
Don Jesus, Agarreko maisuak, bere bibote eta azal finarekin, ez zuen umeekin harreman pertsonalik sortzen, baina niri azaldu zidan nola Cid Campeador famatuak hil eta gero ere mairuak menderatu zituen, zaldi gainean makila bati lotu eta zutik eutsirik.
Falangeko kanpamenduetara eraman ninduen zortzi urtekoa nintzenean, gutxienezko adina hamar urtekoa zelarik. Espinosa de los Monteros herrira eraman gintuen eskolako hiru mutiko, Jon Igertuko, Migel Angel Estartako eta hirurok. Adinera heltzen ez nintzela eta inork ezer esanez gero, bere iloba nintzela esateko mezua eman zidan eta halaxe egin nuen. Kanpaldi haietako lehen egunean sarrerako bide batean, erreka ondoan, goardia egiten jarri gintuzten goizez Morgako hirurok. Gizon bat eta ume bat pasioan hurbildu ziren eta nik, neure Falangeko jantziekin harro eta ausart bota nien altoa: Alto! Por aquí no se puede pasar! Ez dakit Jon ala Angel, nor izan zen ahopeka eta barreari eutsi ezinik esan zidana Isilik ego hadi!
Espinosako kaleetan barrena desfilatzen genuen eta inoiz egokitu zitzaidan formazio osoaren aurretik banderadun izatea. Zein nolako harrotasunez neraman bandera hura!
Handik herrira itzuli ginenean serio eta harro egiten nuen Instrukzinoa Leketzebarritik pasatu eta Jose Martinek edo beste edonork agindu ahala: Firmes! Derecha, ar! Izquierda, ar! Baina gehien gustatzen zitzaidana eta gehien baloratzen zutena Cuerpo a tierra, ar! izaten zen. Ez zidaten adarra gutxi jotzen!
Egun baten astokada bete belar ekartzera joan ginen ama eta biok Lumendira. Nik eskolako kontuak nerabiltzan, antza, buruan, Bisigodoak zirela, Recaredo edo Biriato zirela eta denen gainetik espainolak, espainolak baitziren niretzat heroi paregabe eta bikainenak. Honetaz mintzatu nintzaion amari eta amak, ez dakit ziurtasun osoz ala zalantzaren batekin, neu ere espainola nintzela adierazi zidan, euskaldunok espainolak ginela, alegia. Ezin izan nion sinetsi. Ederregia zen, zoragarria. Azkenean, kostata izan bazen ere, guztiz sinetsi nuen espainola nintzela. Hura poza! Hura ezuste ederra! Seguruenik eskuarea eskuan hartu eta ezpataz mairuak menderatzeko plantak egingo nituen eta Capitán Trueno edo Don Pelayo sentituko nintzen.
Bai, zalantzarik gabe, Agarreko maisuak lan ona egin zuen nirekin.

2010-08-09

Iñaki Katalana, gaiztakerietan jefe


Txabolakideei agurra idatzi zienean ez zekien azkenetariko agurra izango zuenik.
Duela 50 urte, bat gora behera, argi erakutsi zuen Iñaki Katalanak gaiztakerietan jefea zela.
Igande arratsaldea zen, errosariotik urten berri, umeok frontoi inguruan bildu ginen eta Iñakik deiadarra jo eta berehala bildu gintuen. Berak bazekiela non zeuden melokotoi eder-ederrak eta haiek harrapatzera joan behar genuela denok. Sasoi honetan izan bide zen, abuztuan, izan ere, melokotoi-muxikak handituta bai, baina oso berde zeuden oraindik eta.
Ez dakit zenbat mutiko bildu ginen, asko ginela bai, dozena batera helduko ginen, agian. Imanol eta biok izango ginen txikienetarikoak, zazpi urtetik gora ez geneukan inondik ere, agian gu baino gaztetxoagorik ere izango zen, baina. Imanolez bai gogoratzen naiz han izan zela, Imanolek ezin baitzuen nahita ere halakoetan hutsik egin. Iñaki gu baino lau bat urte zaharragoa zen.
Han abiatu ginen mutil guztiok, Iñaki buru zela, zakur basatien antzean. Lekerikan behera, errekarantza egin genuen eta laster heldu ginen Dungo Balerio eta Errufinareneko melokotoiondoetara. Lekua Duotik nahiko aparte zegoen, errekara bidean. Arbolen inguruan leize-troka batzuk zeuden, sasiz goraino jantziak. Helduaz batera gehienok arboletan gora egin genuen altxor preziatuen bila. Sarraski ederra egiten ari ginen, izan ere melokotoiak ez zeuden inola ere helduta eta bat probatu, beste bat horzkatu ... denak botatzen genituen, helduagoren baten bila. Baina han ezin genituen helduak topatu, ez zegoen heldurik eta.
Hasieran lapurretan beldurrez eta isilik bagenbiltzan ere, laster hasi ginen astrapala handia ateratzen. Fruta gozoa jatearen helburua zapuztu bazitzaigun ere, gaiztakeria itzela egiten ari ginen bizipena geneukan eta horrek sekulako zirrara ematen zigun, batez ere elkarri egindako txantxa eta iruzkinak entzutean.
Momentu batetik aurrera gertatu zena ziztu bizian pasatu zitzaidan eta ez nintzen jazotakoaz ia jabetu ere egin. Orain konta badezaket, gertaera jazo eta hurrengo egunetan Urrufiñak berak gure amari, neu aurrean nengoela, barre artean azaldu ziolako da.
Arboletan geunden txoriotako batek Txo, Urrufiña jatork hor! bota zuen. Inork ez zion kasurik egin, txantxetan ari zelakoan. Baina egia zen. Urrufina abiadan zetorren eta girristuka hasi zen: Hor noa paluegaz goitik behera! Eta halaxe zetorren etorri ere. Ondoren umeak arboletatik jausten hasi ziren plausta-plausta, fruta heldua bailiran. Nire ingurukoak salto egiten ikusi nituen eta gorengo puntan zegoena ere, Imanol, nire albotik pasatu zen aidean goitik behera. Hango zarrapastada! Neu ere lurra ikutu nuenerako abiada itsuan hasi nintzen makilakadetatik ahalik eta azkarren urruntzearren. Hain nindoan itsututa, non troka bateko sasitzara sartu bainintzen buruz behera. Urrufinak handik atera eta bide onean jarri ninduen arrapaladan segi nezan, berak mehatxuzko orruak botatzen segitzen zuen artean.
Halako pasadizoetan Iñaki jefe agertzen zen, beti handiren bat egiteko prest. Ez zion beldurrik ezeri ere eta errebeldea zen edozeren aurrean. Iñaki bizitza osoan izan da mutiko oker eta errebelde hura.
Agur eta ohore!

2010-07-06

Udako oporrak


Aurtengo oporrak Nafarroan pasatu ditut eta zoragarriak izan dira.
Has gaitezen esaten egia osoa. Krisia delako edo, egun bat, gaurko eguna pasatu dut Uztegin, Araizen, Iñaki, Esti eta Agurtzane Ibañez, Institutuko lankideekin. Iñakiren emaztea, Auxi, Uztegikoa da eta etxe eder bat daukate han ongi prestatua. Auxiren gurasoak beste baserri batean bizi dira herrian eta familiakoek arditegi bat daukate han.
Baina egun bakar batean gertaera asko jazo daitezke, fijatzen hasi ezkero. Denetarik, onak eta txarrak. Baina txarrak berehalakoan ahazten dira, zorionez, gogoramen onak soilik gordetzeko.
Adibidez, berehala ahaztuko nukeen Iñakiren etxe ondoan, geratuta geunden lekuan, 9ak puntu-puntuan labainkada bat egin eta hankaz gora, literalki, joan naizela. Ipurdi gainean sekulako kolpea hartu dut, baina ondorio handirik izan ez duenez, amen batean ahaztuko zait.
Egun batzuk pasatutakoan burutik joango zait borda baten ingurutik pasatzerakoan dozena erdi bat txakur txiki atera zaizkigula bidera eta elkar berotuz eta animatuz hasi direla zaunkaka, halako batek atzetik etorri eta kosk! iztarrean haginka egin didala. Egun batzuk pasatutakoan ez dut gogoratuko zerk eragin didan zangoko ubeldura.
Gogoan izango dugu, ostera, Araiz bailarari egin diogun birpasaketa, borda, zelai, irastortza, behor eta behien sinfoniaren erdian. Noizbehinka eta uda partean joateko paradisua da alde hori.
Betelu ere bisitatu dugu eta ikasi dugu ez dela hango ura soilik gogoangarria, ezta behin izandako balnearioa ere. Badira aintzinako, XIX mendeko, burdinola handi eta ospetsu batzuen aztarnak. Ormatzar sendo zaharrak dira behinolako sonaren seinale. Bertan egin ziren Nafarroak atera zituen azken txanponak, gerrate karlista bien arteko sasoian.
Lortuko dugu tradizioa bilakatzea udaren hasierako Uztegirako bidaia, bai horixe!

2010-06-22

Zorionak, Olazti!

Zorionak eta ez bakarrik urtebetetzeagatik. Gaur egun ezin esan daiteke ziur, baina nahiko ondo kolokatu zaitugula esan dezakegu. Hurrengorako, falta zaiguna eta garrantzitsuena izango dena, zera, ea morrosko gipuzkoar bat topatzen dizugun, familia onekoa eta bera ere ondo kolokatua. Ez du inporta hainbeste familia industriala ala baserritarra den, baina berme handia ematen du kristau familia zintzoa izateak.
Hori dena eta gehiago desio dugu zuretzat.

2010-06-02

Maiatzak eman eta kendu


Maiatzak bizitza berria ekarri zuen. Maiatzaren 13an lankidea dugun Naiara Nuñezek ume pare bat ekarri zuen mundura, neskatilla bi, Mara eta June, bata ilehoria, beltzarana bestea. Naiarak baditu jada hiru seme-alaba.
Baina maiatzak kendu ere egin digu eta gure lankidea izan den Gotxon Aguirre eraman du oso epe laburreko gaisotasunaren ondorioz.
Maiatzak 13an eman bazigun 31n kendu egin zigun.

2010-05-17

Graduazioa


Larunbatean, maiatzak 15ean, 11:30etan, UPV/EHUko Letren Fakultateko Areto Nagusian Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazio ikasleen diplomak banatzeko ekitaldia ospatu zen lehenengo urtez. Pasa den ikasturtean 180 ikasle titulatu izan ziren bi espezialitate hauetan, 112 Filologian eta 68 Itzulpengintza eta Interpretazioan. Guztiak izan ziren deituak ekitaldian parte hartzeko haien adiskide eta familiekin batera.
Haietako bat, beste guztien aita izan zitekeena, neu izan ninduzuen eta horrekin burutu nuen aspaldidanik zerrendan neukan proiektuetako bat, gazteagotan egin beharrekoa. Baina inoiz ez da berandu eta hobe aurrerantzean ere proiektu berriak badauzkagu begien aurrean, zerumugan.
Zer lortzen dudan horrekin?
Lehenengoz, esandakoa, pendienteen zerrendatik gauza bat kentzea. Horrek berez ematen du poztasuna. Baina, batez ere, asko ikastea, horixe eskuratu dut, asko horretatik derrepentean hainbat erdi ahaztuta geratzen bada ere. Beti geratzen da, baina, halako posotxo bat putzuaren barrenean, batez ere hizkuntzalaritzan.
Ea zer datorren zerrendan hurrengo ...

2010-05-13

euskara geure lurraldea dugu






Maiatzaren Bata zela eta egun hartan, larunbatean, dokumental oso interesgarria eskaini zuten ETB2an, gaueko 10etatik aurrera edo. Bizkaiko industrializazio prozesuaz izan zen, baina batez ere langile xumeenen ikuspegitik begiratuta, zein nolako bizitza pairatu zuten eta abar.
Saioaren 3. partean Ramiro Pinilla agertu zen bere testigantza emanez eta luzaroan nenbilen hark esandako gai bati bueltak emanez. Hori zela eta kontsulta bat egin nion gure lankidea den Juan Karlos Romerari, bere iritzia eskatuz.
Ramirok kontatzen zuen garaiko etorkin haiei "maqueto" deitzen zietela eta mespretxatu egiten zituztela euskaldunak ez zirelako eta gainera kristau onak ere ez zirelako. PNVren sorrera arrazistarekin lotu zuen fenomeno hura eta Ramirori nabaritu nion gorrotozko zertzeladatxoren bat euskaldunen aurka.
Galdera zuzenera jota, guk barkamena eskatu behar ote dugun planteatzen nion Juan Karlosi eta neure buruari, euskaldunak izan eta gaiztakeria hura egiteagatik.
Iritzia ere ematen nion galderari erantzunez, bide batez, barkamena eskatzea faltsukeria eta zentzugabekeria zela esanez, alegia, katolikoek erakutsitako ustelkeria zela, baldin ez bada norberarengandik ateratzen eta helburu "politiko" batez egiten bada.
Hala ere, guk, euskaldunok, adierazpen argi bat egin beharko genukeela gehitzen nion, orduko gaizki egina errekonozituz. Honekin ezin zela inola ondorioztatu euskarari uko egin behar zaionik.
Ez nekien arrazoi argirik azaltzen horrela pentsatzeko, baina susmatzen nuen Pinillarengan egon zitekeela halako bekaitza edo gorrotoa euskararen aurka.
Juan Karlosek Bernardo Atxagari egindako elkarrizketa bat pasatu zidan, EuskoNews-en argitaratukoa eta nola edo hala nire zalantza edo kezkei erantzun nahi ziena. Modu aproposean egitea lortu zuena, bestalde.
Aldizkari horretan Velez de Mendizabalek egindako elkarrizketaren laburpen bat besterik ez zetorren, baina bazekarren elkarrizketa Interneten osorik ikusi eta entzun ahal izateko erreferentzia bat.
Atxagaren begirada eta pentsaera ikus daiteke web orrialdearen behe eta eskuin aldean datorren elkarrizketa honetan. Arlo ezberdinak ukitu eta jorratzen ditu, politika, gizartea, literatura eta abar, baina euskarari buruzko ikuspegia nabarmenduko nuke, solasaldiaren azkenean topa daitekeena. Luzea izan arren mamitsua da solasaldi osoa. Alferrik da ezer azaltzen ibiltzea, Atxagaren ahotsean entzun daitekeenean.

2010-05-09

Morgako bira

Asteburuetan Morgari bira pare bat egiten diogu, bat larunbatean eta bestea, igandean. Beti izaten da bira ezberdina, buelta bakoitzean eguraldia ezberdina izaten baita, eguzkia, haizea eta batez ere, ingurune naturala.
Bidaiaren erdi aldean edo geldialditxo bat egiten dugu urak aldatzeko eta une hori, urez ezeze, naturak eskaintzen dituen beste elikagaiez ere gozatzeko aprobetxatzen dugu, zentzumen guztiak baliatuz.
Leku hori erabiltzen dugu urak berrizteko eta burua ere apur bat berpizteko. Isiltasun zaratatsuak horretan asko laguntzen du.

2010-05-07

Aurrerapenari ukoa?

La mina. Historia de una montaña sagrada izeneko bideoa ikusi beharrekoa da munduan zer gertatzen ari den (zer gertatu den beti) apur bat ganetik ikusteko.
Zer aurrerapen itxaron daiteke aintzinako munduan lurperatuta bizi nahi dutenengandik?
Munduak aurrera egin behar badu, aurrerapen ekonomiko, kultural eta soziala garatu nahi baldin badira, bigarren mailako gauzatxoei uko egin beharko diegu, halabeharrez.
Horra hor, atzeratuta bizi den tribu indiar bat. Haiek ez dute aluminiorik behar izango, baina zer egingo genuke hegazkinik gabe, edari freskagarririk gabe, ... mundu zibilizatuan?
Eta kontuz, ez diote legearen arrazoiari errespeturik adierazten. Lotsagabe erakusten dituzte euren armak, arma xumeak, bai, baina hilgarriak. Ez al da hori terrorismoa?
Noski, haiek ez dira aurrerapenaren onurak objektibotasunez antzemateko gai, eta ez digute , beraz, legearen indarra gordintasun osoz erabiltzea, beste erremediorik uzten.
Normaltasunean murgiltzen direnean, orduan eskertuko digute euren ezjakintasunetik atera izana.

2010-04-17

Onura kolateralak

Gurean, beste gehienetan bezala, makinatxu bat mezu elektroniko sartzen da bideo ikusgarri edo argazki dotoreak dituztenak. Laster ahanzten dira ia denak, baina noizbehinka sartzen da ahanzten ez den horietako bat ere. Honakoa da halako bat. Hiru partetan dago, gazteleraz.
Badaezpadan, ahaztu bazaigu ere, bideoan oso grafikoki azaltzen zaigu gauden mundu honetan nork eta nola mugitzen dituen hariak. Korporazio potoloek dena antolatzen dute haiek gero eta aberatsago egin daitezen, planeta osoaren eta herri xeheen pentzuan, noski.
Bideo honetan deigarriena zera egin zait, kontsumitzaileok pantalla bakarra ikusten dugula kontsumo katearen prozesuan. Pantaila horretan publizitateaz eta hiperdendetara sartzean egiten dugunaz, erosteaz, beste ezertaz ez gara jabetzen. Erostearen aurreko eta ondorengo errealitatea ia ikusezina zaigu, baina ondo antolatuta daukate jaun lodikoteek.
Kontsumoaren onurak, edozein huskeria gero eta eskuragarri eta erosoago izatea, gizartearen ongizatea eta ustezko bizitza lasaia, onura kolateralak dira. Sistemak beste jomuga bat du, potoloak potoloago izatea.

2010-03-30

Hurrengo belaunaldia


Agertu da elai pare bat Tallerira. Haien kanta alaiek zein denbora sasoitan sartu garen ekartzen digute gogora. Laster entzungo da lehen kukua ere. Garai berriak datoz, gazteen denbora da. Beti izan da hala.
Hurrengo belaunaldiaren barruan ezin da legez Erromulo sartu, baina berak ere protagonismo apur bat merezi du, pasa den astean urte bete egin du eta.
Zorionak Erromulo!

2010-03-16

Zorionak, Marijo!!

Zorionak, Marijo! Eskerrak beste batzuk ere urteak betetzen dituzuen! Badaukagu plan bat astebururako. Bueno, plan bat edo bi. Pijo gustukoa izango dela eta pesta ederra ospatuko dugula. Hau da, hau, pigurie! Pulamentu handikoa, ganera!

2010-03-10

Arantza Zuto 79

Ez guk bakarrik, beste batzuek ere ospatu dituzte euren urteurrenak. Gogora ekartzeko, horra Arantza eta Zutoren despedidako eta ezkontzako argazkiak.

Orduko asko hemen gaude oraindik, ez denak, baina.

2010-03-05

Hogeita hamairugarrena

Hor daude galtzontziloak, galtzerdiak, alkandora eta jertsea, denak estreinakoz janzteko prest.

Zer ospatzen da, bada? Zer dela eta horrenbeste harrokeria?

Gure elkarganatzearen urteurrena ospatzen dugu gaur, Koro eta biona. Zenbat urte? Ez 25, ez 50. Ospatzen duguna gure batura, nahastura, lotura edo elkarganatzearen 33. urteurrena da. Gaur, hain justu, gaur delako otsailaren 33a. Ospatzen hasita, zergatik ez 33.a?

Bai, duela jada horrenbeste urte hasi zela gure engaiamendua. Inauterien bueltan izan zen, hor nonbait. Gorabeheraren batzuk gorabehera, horrenbeste.

Orain denboraren ibileraz, abiadaz eta abarrez burutazioren bat egin beharko litzateke hemen. Esan, adibidez, denbora, oraina, hari fin bat dela. Hau norbaiti irakurri diot, ez dakit nori.

Edo, espazioa gehien batean hutsa den legez, denborak ere ez daukala denborarik, hari fin hori besterik ez. Bizitza hariaren alde batean imajinazioa eta beste aldean oroitzapena dela. Zenbat eta zaharrago egin, orduan eta oroitzapen gehiago. Guk ere baditugu oroitzapen franko.

Horietaz guztietaz gogoratuko gara. El Corte Ingles-en aurrean gaude hitzordua hartuta ordu bi eta erdietatik hiruretara. Zer egingo dugun? Utzi diezaiogun bat-bateko imajinazioari erabakitzen.
Ea eguna ondo errematatzen dugun elkarreratze edo elkarroratze batekin. Lehen aldikoa gogoratu eta ospatzeko.

2010-02-15

Norentzat idazten du idazleak?

Norentzat idazten du idazleak?
Eako Poesia Egunean Iñigo Aranbarrik zera zioen: Lehenengo eta behin, nork bere buruarekin gustura sentitu behar du, bestela fartsa bat izango da idatziko dena. Nik neure galderei erantzun behar diet, neuk gustura sentitu behar dut, eta literaturaren bidez nire galdera horiek sozializatu egin nahi ditut.
Eider Rodriguez-ek ere antzekoa: Nork bere irakurlea eta idazlea konforme izan behar ditu lehenengo.
Eiderrek berak elkarrizketa batean ¿Para quién escribe y por qué? galderari zera erantzuten dio: No escribo para nadie. Escribo porque escribo, porque sí. Todavía no he encontrado una respuesta razonable a esa pregunta.
Jabi Zabalak bere Sarean.com-en, galderari erantzuteko gure testigantza, gure mezua uztearen beharra nabarmentzen du. Jozuli-ren ekarpena ere aipagarria da: Pentsatzen dudana hobeto antolatzen laguntzen didalako.
Nahikari Ayo getxoztarrak barrua hustutzeko idazten duela dio.
Azkenik, merezi du Mercedes Farriols artista argentinarrak zergatik idazten duen azaltzean ematen duen arrazoi zerrenda luzeari begiratzea. Azken batean nahi duelako idazten omen du.

2010-02-10

Agur, Jon!!


Jon Etxeandia Zorroza hil da.
Isilik geratu da.
Esateko asko zeukan eta ez diot galdetu. Nik ere baneukan zer esanik, baina ni ere isilik geratu nintzen. Kartzelan zegoela noiz edo noiz idatzi nion, baina kartaren bat amaitu gabe gorde eta ez nion bidali.Orain alferrik da damutzea.
Hotz-hotzean utzi gaituzu eta hotz utzi gaituzu.
Bata-bestearekin engranatutako gurpilak gara, etengabe biraka eta berriztuz goazenak. Zuk utzi diozu bueltak emateari, orain guk segituko dugu beste apur batean.
Agur, Jon, gero arte!

2010-02-08

urretxindorra

Astelehen goiza, goibel goi ta behe, burutazioen laino artean zoaz Institutura, lanera. Ikastetxea begiztatzen duzunerako urretxindorraren kantu alaiak berpizten zaitu eta irrifarre bat marrazten dizu aurpegian.
Bai, aurten ere, ia etsita geundenean, agertu da iazko urretxindorra gure ikastetxe ingurura. Kandelario eguna edo izango zen lehenengoz entzun genuen eguna. Goiza argitu orduko ari zen, ez dakit zein ordutan hasita, bere melodia ozen eta zolia lau haizetara zabaltzen. Neguaren gordinenean, goizero daukagu inguratzen den edonori harrera alaia egiten. Bere txorrotxioa ez da erretolika hutsa, harmoniaz beteriko kontzertua da, errepertorio zabala duena. Harrigarria da nola hiri barruan naturarekin lotzen zaituen.
Gure urretxindorra txori modernoa da, hiritartu egin delako eta gaueko bizitza duelako gustuko. Gainera hiritartu denetik ahotsa ozenagoa, bortitzagoa egin zaio, bere kantua hiriko zarata-hotsen gainetik entzunarazi behar duelako.
Bere leinukoen ohitura zaharrak hautsi ditu eta Bilbon geratu da, Afrikara emigratu barik. Adituek diotenez, txori klase hau ez da apirilaren erdi ingurura arte ekuatoretar Afrikatik itzultzen. Udazkenean, berriz, iraila heltzen denerako, atzera doa hegoalderantz.
Gure urretxindorra, ez. Gurea berton gelditu da, nire etxea hauxe da esanez bezala, hementxe daukat bizitokia, Urretxindorra ikastolaren bueltan. Muxikako Urretxindorraren ohoretan egin dezake berton gelditzearen hautua. Hala egin zuen iaz eta hala egin du aurtengo neguan ere, gure zorionerako. Arrazoia izan liteke Bilbo tropikaldu izana edo, nork jakin, gure txoria zuhurra izaki, Maroko aldean aurki daitezkeen aztore beldurgarriak saihestu nahi izatea.
Edozein modutan, urretxindorrari, gure txori erresiñulari, kantaririk bikainenari, eskertu behar diogu gure goizak alaitzeagatik, gure neguak argitzeagatik, gure bihotzak berpizteagatik.


















2010-02-05

Hitzen ahalmen emozionala

Hitzen ahalmen emozionalaz artikulu bat irakur daiteke Berrian, otsailaren biko artikulu batean. Merezi du hori irakurri eta buruan buelta batzuk ematea.
Deigarriena niretzat zera izan da,hitz ezkorrek norbanakoarengan eta bere organismoarengan sortzen duten eragin ezkorrak konpentsatzeko, hitz baikorrak gutxienez bost aldiz gehiago erabili beharra dagoela.
Beraz hitz zakar bakoitzeko bost besarkada edo musu eman beharko genituzke ingurumen emozionala kutsatzerik nahi ez badugu.
Irakaskuntzari aplikatuz gure neska-mutilei etengabe gogorarazi behar diegu euren hitz eta jarrerek ezpatak baino sakonkiago zauritzen dutela axolagabeki erabiltzen dutenean.
Mezuaren igorleak duen intentzioa da begiratu behar dena, ez hitza bera. Gainera, hitz horren asmoa ezkorra ez izanik ere zauri dezake mezuaren hartzaileak zauri gisa hartzen badu.
Beraz, kontuz ezpatarekin, batzuek oso zorrotza baitaukazue eta horrekin min egin dezakezue eta.

2010-02-04

Agate Deuna

Imanol Landari bere blog-etik hartu diot, eta San Adrian Institutorako moldatu, Agate deunaren letra hau:


Aintzaldu daigun Agate Deuna
bihar da ba Deun Agate,
etxe honetan zorion hutsa
betiko eu(ki)ko al dabe.

Deun Agatena batzeko gatoz
San Adrianeko ikasleak,
igaz lez hartu gagizuez ta
zabaldu zuen sakelak.

Zorion etxe hontako denoi
oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.


Ez gagoz oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz,
baina eztarriz sano gabiltzata
kanta nahi dugu gogoz.

Santa Ageda bezpera dogu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua doguna.

Orain bagoaz alde egitera
agur dautsugu gogotik;
Agate Deuna bitarte dala
ez eizue izan kalterik... IEUP!!

2010-02-03

Bilbao askatu



Badira lau urte inguru ... eta oraindik libre daude!!!

2010-02-02

san blas


Gaurko egunez …
… duela 474 urte Pedro de Mendozak Nuestra Señora del Buen Ayre, egun Buenos Aires dena, hiriari eman zion izena. Mendoza abizenak Gasteiz ondoan du jatorria, izen bereko gaztelu ederrean. Mendeetan borroka latzak izan zituzten mendozatarrek Aiala etxe ospetsuko leinukoekin Hala ere, Pedro hau Canaria irletan jaio zen. Zenbat buelta eta zenbat haizek jo duen ordutik … !
… duela 78 eta 79 urte, izugarrizko lurrikarak jasan zituzten, urte beteko aldeaz, Cuban eta Zelanda berrian, hain lurralde urrunetan.
… duela 4 urte jaio zen Aiala Etxebarria Zorroza izeneko neska bat Euskal Herrian.
ZORIONAK, AIALA!!!

San Blas eta Agate Deunaren egunei buruzko azalpen argiak dakarzkigu Oihane Iturrioz-ek bere Blog-ean. Sasoi honetan urtearen hasiera ospatzen omen da kultura batzuetan. Izan ere, hil eta desagertzear zegoen eguzkia berpizten hasten zaigu begi bistan, gurpilari buelta berri bat emanez. Denboraren gurpila ...

zapatilla berriak







Atzo zapatilla berriak erosi nituen eta egun osoan nago haiei begira. Horrelaxe nago sortu berria dudan BLOG honekin ere
 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago