2013-07-29

Lehen ikasgaiak

Maisu tituludun ezjakinak gara. Neugatik nabil.

Lurretik jan eta edaten dugu eta ez dakigu lurrak ematen digunaz ia ezer. Nik behintzat ez nekien garia, garagarra eta oloa bereizten. Zeozer ikasi dugu jadanik.
Esproncedatik Desojorako goizeko bidaiariak txorien txorrotxioak entzuten ditu, poxpolinak ere bai tarteka eta aurtengo zekale berantiarren kolore ederrez gozatzeko egokiera izan du. Uztaila honetan Ioar tontorra estalita agertu da sarri.
Lehenengo ikasgaia hau izan da, gariak garau trinkoak ditu eta burua tente,
garagarrak buru bizarduna makurtuta izan ohi du
eta oloa oso lumatsua da, garauak bakanduta dituena.
Hirurak bat

2013-06-25

Naturala

Naturala da guraso batek bere seme-alaben onura nahi izatea.
Naturala da norberak atxiki nahi eta ezin izan dituen lorpenak semeak eskuratzean norberarenak direla sentitzea.
Harrik gainditu du C1 Ingeleseko titulua, nola lehen froga hala bigarrena, ahozkoa. Nik ahozkoan bi aldiz egin nuen huts. Lan ona egin dit eta zoriontzeko moduan nago. Esan nahi dut, neu zoriondu nazakezuela, poztasun handia hartu baitut, ukabilak gora eta irrintzi alaia. Harriri ere eman zorionak, nahi baduzue. Nireak hor doaz: Zorionak, Harri!

2013-06-19

Irudikatu

Irudikatu ekainaren erdian zaudela eta ustekabean domeka goiza eguzkitsu argitu dela, kanpoan 19 gradu 8etan eta berotzeko traza.

Egizu kontu goizeko protagonista bakarrak txoriak direla, bakoitza bere armoniarekin eta zozoak kerizondoan multzoka.
Jo dezagun zure betebehar bakarra gosaria prestatu eta jatea dela (arrautza parea, zolomo errea, piper gorriak, Parmako gazta eta tea) eta ondoren pasioan ibili, irakurri eta etzanean egotea.
Egin dezagun Esproncedan zaudela, Lizarraldeko herrixka batean, Juanen etxean eta honen inguruko lorategian egunaz gozatzen.



Imajina daiteke eskenatoki hoberik?

2013-05-17

Trinik 100 urte















Gaur dela 100 urte jaio zen Trini zena Errementarin. Guk ezagutu izan dugun ia denbora osoan ez zen oso hitzontzia. Azken urteetan hasi zen, gero eta gehiago, bere bizitzako pasadizoak kontatzen, baina gai batzuk aipatu ere ez zituen egiten. Noiz izan dugu bere anaia fusilatuaren berri? Besteek kontatu edo iradokitakoaz dakigu haurtzaro latza izan zuela. Urte haietan nork ez? Berak bereziki amaren falta botako zuen, oso txikia zelarik hil baitzitzaion. Ez dakigu ezer haren haurtzaroaz. Gaztetan Bilbora joan eta han bilakatu zen sasi-baserritar, sasi-hiritar.
Umezalea ez zen inoiz izan. Ume txikiak ahalik eta urrunen. Bat edo bat gehiegi hurbiltzen bazitzaion makilatxoa astindu eta uxatzen zuen. Honetan, hala ere bazituen bere ahuleziak, bere alabaren batekin, esaterako.
Ia bizitza osoan eraman zuen sabelean barrua jaten zion arra, harik eta adinean oso aurrera joanda, ezinbestean ebakuntza egin zioten arte. Kirofanora eramateko bila etorri zitzaizkionean negar zotinka gogoratzen dugu, nola ahaztu, azken hatsa botako zuen ikaraz. Ostera, ordua benetan etorri zitzaionean, bazekienean, jada zalantzarik gabe, azken egunak zituela, irmoki erabaki zuen, bestelako emoziorik gabe, ez zuela ezer gehiago jan nahi, bazihoala betirako.
Egun berean, 1913ko maiatzaren 18an, jaio zen Bogota hirian Nicolás Gómez Dávila filosofoa. Honen pentsamendu zorrotzak "escolio" izendatu zituen idazleak berak. Halako bat da hau:  “La momentánea belleza del instante es lo único que concuerda en el universo con el afán de nuestras almas”.




2013-02-12

Kuartangoko Adolfo

Ez, ez da zezenaren izena, honen jabearena, baizik.
Adolfo Martinez de Santos du izen osoa eta Kuartangoko Gilarte herrixkan dauzka abereak (behiak, pottokak, ahuntz azpigorriak eta ardiak).
Terreña arrazakoak ditu behiak eta hauen okela ia Araba osoan zehar saltzen du isotermoarekin joanda. Suertea dauka seme biak ganaduarekin zaletu direlako. Gainera ikasketak ere lanbide horri begira egin ditu batak eta egiten ari da bestea.
 Adolfo 18 urtekoa zelarik hasi zen ezerezetik bere abeltzain ibilbide honetan. Eroskin bazeukan etorkizun bikaina, baina enpresak bere estrategia erabat aldatu zuenetik, zabalkunde eta konpetibitatearen apostua eginez, baja eskatu zuen eta bere indarrak erabat eskaini zizkion etxeko negozioari. Pekatu bezala aitortzen du Leon, Zamoran eta abarretan Eroski dendak egotearen ardura zati bat berea duela. Araceli emazteak ez zuen ondo hartu lanbide segurua utzi eta behiekin hastea. Gainera ez edozein behi, ez, terreña arrazakoak, hain justu. Arraza hau bertokoa da, betidanikoa, batez ere Gorbeia inguruetan sustraitua, baina aspalditik baztertua izan zen beste behi mota batzuekiko konparaketan oso galtzaile irteten zelako, errentagarritasunari aditurik. "Zoratuta hago! Nora hoa terreñekin!" eta halakoak entzun behar izan zituen, ez gutxitan. 30 urte inguru geroago ia erabat desagertzear zegoen arraza hau oso indartsu ageri da azoketan eta beste baserritar asko ere ohartu dira haren balioez, ezin hobekiago egokitzen delako gure ingurune malkartsuetara, gogorra izanik zaintza gutxiago behar duelako, ongi erditzen delako eta okelean duen kalitate onagatik.
Abereak erakutsi eta gero sukaldera sartu ginen eta Adolfok kafe beroa eta inauterietako tostada batzuk eskaini zizkidan, leihotik elurra mara-mara ikusi bitartean.
Gilartetik Salmantonera bidean jarri nintzen Iñaki Iarrituren idi terreño gazteak ikustera. Iñakik eta beste sei bazkidek urtero ogiaren prozesua birsortzen dute idiak uztartzetik hasi, garia moztu, alea errotara eraman, labeko lanarekin jarraitu eta ogia egin arte. Herriko abadea omen da taldearen bultzatzaile nagusiena. Egutegi ikusgarri bat ere argitaratua dute okintzaren berri erakutsiz.
Duela mende erdi edo Araban ehundaka idi uztarri zeuden, denak terreña mota honetakoak. Salmentonen ere etxe guztietan zeukaten idi uztarri bana gutxienez. Iñakik harrotasunez, pena handiz ere bai, erakusten dit etxeko aspaldiko azken idien argazkia. Begiak pizten zaizkio nolako bizitasun eta indarraz tiratzen zuten kontatzen didanean. Eta etxean nola maite zuten orain orma batean daukaten behia!

Iñakik irrifarre gaiztoaz hitz egiten du Adolforen terreñaren berreskuratze ahaleginaz. Oraingo terreñak ez omen dira aintzinakoak bezalakoak! Antzik ere ez! Aintzinako haiek bai, haiek baziren benetakoak!

2013-02-03

1971ko promozioa

Derrepentean dei bat Instira ostiralean. "Milek Landa naiz" "Mikel Landa ... Altzagakoa?" "Bai. Berandu da, baina ... bihar bazkaria daukagula txoko batean, Leioan, gure kurtsokoekin".
Eta zapatuan denboraren tunelean sartu nintzen eta buruko ganbarako aramu-sare eta hautsak astintzen hasi nintzen. Nolakoa den burua, gero! Bapatean bizipen ahaztuetatik sugarrak ateratzen hasi ziren.
Oso bilkura erromantikoa izan zen, konturatu nintzen ez gogoratu bakarrik, oso estimu handian ere banaukatela. Gainera, ilearena kenduta berdin-berdin ikusten ninduten.
Neska-mutik kuadrila hau azkenez Altzaga ikastolan ikasle izan nituenetik 27 urte pasatu dira eta badituzte jada 41 urte. Ez ziren asko faltatu, 20 bat edo baziren eta arratsaldea di-da batean pasatu zitzaigun pasadizo zaharrak kontatzen, gehienak barregarriak, batez ere ikasketa bidaian Calella de Mar-era joan ginenekoak. Aitortu zituzten orduko pekatu batzuk, nola saltatzen zuten gelako leihotik igerilekura, gaueko ibilaldiak eta abar. Oso ausartak izan ginen Puri Ormaetxea eta biok ume mokoak Arnau kabaretera eramaten. Vedette bat eskenatokitik jaitsi eta galdetu zien ea nork nahi zuen bere titiak benetakoak ala silikonazkoak ziren probatu. Aitzolek frogatu zuen benetakoak zirela.
Atzo, otsailaren 2an han nirekin izan zirenak, :
Arantza Aurre, Asier Bilbao, Olatz Bilbao, Jon Kamiruaga, Aitzol de Castro, Eunate Etxebarria, Aitor Fernandez, Asier Fernandez, Joseba Gaubeka, Josu Ibañez, Itziar Incera, Susana Jimenez, Ainhoa Juez, Mikel Landa, Leire Luzaide, Elena Nuñez, Iñaki San Juan, Jasone Ugarte Mikeldi Uribe-Etxebarria eta besteran bat 5. mailatik aurrera Altzagan egon ez zena.
Datorren urteko otsailaren lehen larunbatean daukagu jarrita hurrengo zita. Hori ere di-da batean dator

2012-09-20

Rocio eta Beñat ezkondu

Irailaren 15a eguna, egun gogoangarria. Data zehatza eta urtea bera ere ahaztuko dugu askok, baina ez dugu gertatua sekula ahaztuko. Egun alaia eta zoriontsua.
Zorionak Beñat eta Rocio, bide luzea daukazue elkarrekin egiteko. Hona zuei eskainitako bertso parea, habanera doinuaz kantatua:

Nor da txupatxusarekin
datorren ume argia?
Suntsitu arte ahoan
mantenduko du saria.
Nor ule kirru-horidun
mutiko maitagarria,
gabardina ta guztiko
bakero beldurgarria?
Bigarren mundu gerrako
edozein gertakaria
kontatzen hasi ta berak
jarraituko du haria.
Habanerazko doinu hau 
da Beñaten historia,
denboran laburra, baina
ekintzetan ugaria.

Motorren hotsa mingainaz
egin ezinik luzaro,
baina dislalia haiek
erraz zituen igaro.
Bizikletan sufritzea
egin zitzaion arraro.
Orduan konturatu zen
zuela arrauna gurago.
Karrera berria ere
lepoko minez akabo, 
zoritxarrez ezin joan
Zierbena baino harago.
Bere azken apeziñoa
fruta dalakoan dago:
atsegin du madaria,
paraguayoa gehiago.







2012-07-25

Aurtengo Lagun Berriak

Iazko uztailean bezala, aurtengoan ere lagun berriak egin ditut. Baina oraingoek ez daukate izen propiorik, "El Aguin" eta "Hiru Hankadun Artea" bezalakorik. Ez, aurtengoak generikoagoak izan dira, batez ere PAGOAK.
Lau egunetako txangoa egin dugu, nora eta, Bilboko bero itsaskorrari ihesi, Auritz-Burguete herrira. Haraino ere heldu da beroa; izan ere, gau batez leihoa zabal-zabal eginda egin ahal izan genuen lo hotelean. Eta lau gauetatik bitan soilik piztu behar izan zuten berogailua.
Parada egokia izan dugu irakurri eta paseatzeko. Irakurtzeko liburu bera erabili dugu esku artean, Korok gaztelaniaz ("La Caida de los Dioses") eta nik ingelesez ("The Fall of Giants"). Beste zereginari buruz, behin adin batera heltzen zarenean paseatzeko bide lehunak hobesten dituzu eta halakorik zenbat-nahi dituzu Auritz eta Orreaga aldeko basoen artean. Basoa, dena basoa, eta baso arteko bide lehun, ikusgarri eta atseginak. Basoetan nagusi, pagoa. Ez dugu topatu burua erauntsi eta lepo alboetatik adarrak botatzen dituzten pago tipiko horietakoak. Ordea, pago lerden, luze, urrunetik mehe diruditen arren enbor lodi, sendoak dituztenak ezagutu ditugu ezin konta ahala. Gozamena izan da hainbat lagun eta hain ederrak ezagutzea. Done Jakuera doazen erromesei ezker, bide politenak haiek zabaldu eta zapaldutakoak dira, bide anitz eta ikuskizun natural ugariz hornituak.
Inguruko herriek badute zer ikusi, Orreagako historia berritua, Orbaizetako historia herdoildua, Abaurregainetiko zerumugan marrazten den Pirinio urrun hunkigarriaren profila, Jaurrietako lorez betetako bakardadea eta Donibane Garaziko azoka jendetsua. Donibane bietan hautatzen hasita, nahiago eta hurbilago sentitzen dut Garazikoa Lohitzunekoa baino, agian etxekoa eta betikoa hobesten dugulako kosmopolita eta glamurrez betetakoaren aurrean.

2012-04-22

Hitzetik Hortzera 12-apirilak-21

1984a omen zen Mungiako frontoian. Neure burua orain bezala ikusten dut, ni neu. Kolorea, paradojikoki,  orain urdinagoa. Lehena, oraina ... Ni neu bat eta bera naiz.

2012-03-08

Aurten kolosala izango da!

Bai, oraingoan bai! Aurtengoan kolosala izango da lehoi zurigorriaren orrua.

Hona Benito Lertxundiren abestiak dioena:

MIROTZA

Nire herria
mirotz leinua
arraun orru
bihozkadaren ohiua.

Eguzki printzek
urrez jantzia
garaitz mina
daraman lehia-ontzia.

Denboretan
mirotzen hatsa
Kantaurian
itsatsirik den ugatsa.

Itsas deia
argiñabarrez
datorkio mirotzari
irribarrez.

Itsas gizon
kresaltsuak
poz eta minen
uretan miroztuak.

Etzara inoiz
bakarrik joango
mirotz gogoa
da zure arnasa izango.

Nire (ene) herria
mirotz leinua
arraun orru
bihotzkadaren oihua.

2011-09-20

Teofilo

Irailaren 27an 36 urte dira Jon Paredes Manot, Txiki, fusilatu zutela, 75ean.
Irailaren 27an 75 urte dira Teofilo Zorroza Gezuraga fusilatu zutela, 36an.
Ez ziren bakarrak izan, eurekin beste lagun batzuk ere akabatu zituzten. Esku eta arma berberak ziren, zenbakiak eta 21 urteko inozentzia berdinak. Gogoan ditugu.

2011-09-14

lagun berriak

Uda sasoi ona izaten da leku eta lagun berriak ezagutzeko. Aurtengoan, besteak beste, leku eder batzuk eta lagun interesgarri bi ikusi eta egin ditugu. Lizarraldeko Mendebaldea eta inguruko herri batzuk bisitatu ditugu eta paraje eta txoko erakargarriak aurkitu. Interesgarrienak sorpresaz agertu direnak izan dira, sekula entzun gabekoak. Hala, Antoñana ondoko mendi batean Hagina ezagutu dugu, horrela, letra larriz, antonomasiaz. Herrikoek, gaztelaniaz “el Aguin” izenaz ezagutzen dute. Beste edozein hagin “tejo” izango da, baina “el Aguin” bakarra da. Dagoen tokira hurbiltzeko baso ilunetatik pasatu behar da, ehundaka urte dituzten gaztainondoen albotik, eta gustu handia da handik paseatzea. Hagintzarrak baditu ehundaka urte, ez naiz mila dituenik esaten ausartzen, baina batek daki ... Gerri inguru ederra dauka.
Beste laguna bisitatzeko Mendaza nafar herria zeharkatu eta mendian gora egin behar da. Hamar-hamabost minutu oinez egin eta han aurkitzen da zelai baten erdian gure artetzarra. Mila urtetik gora kalkulatzen diote eta berezitasun handiena zera du, hiru hanka gainean mantentzen dela. Arte gizagaixoari burdinezko gerrikoa jarri behar izan diote gehiago arrakalatu ez dadin. Hunkigarria.
Hainbatetan esan ohi duguna, milaka kilometrotara dagoena hobeto ezagutzen dugu etxe ondoan daukaguna baino.
Zoragarria, Lizarraldeko Mendebaldea!

2011-06-07

Ezkarai 11



Larunbatean Begoren herrira eta etxera joan ginen eguna pasatzera. Bai ondo pasatu ere. Ezkaraitik buelta bat egin, tren geltoki zahar berriztatua ikusi eta gero mendiko etxera. Troka artean bizi da Bego Tabirekin, landaretza artean ezkutatuta. Han mahats aihen edo xirmendutan erretako saiheskiak jan genituen eta hango giro lasai eta freskoan gozatu genuen une batez. Ondoren, oasitik irten eta erlojuak, kotxe zaratak eta zibilizazioaren inperioa nagusi diren ohiko mundura itzuli ginen. Baina bitartean arnasa sakon hartu genuen argazkiotan ikus daitekenez:
https://picasaweb.google.com/104976262977970382449/Ezkarai11#

2010-12-27

Amabitxik 87 urte


Gaur Tia Mariak 87 urte egin ditu eta oso ondo ikusi dut, bere betiko umore onaz. Atzo bere auzokide Pedro Manuelen urtebetetzea izan zen arren ez omen zuen ikusi ere egin. Gaur Pedro zorionak ematera datorrenean, seguru etorriko baita, ez duela ezer jakin nahi esango omen dio, atzo basu bete uretara gonbidatzeko gauza izan ez bazen, gaur ezertan ez etortzeko esango omen dio. Gordeta dekotzet.
Nik hamar urteak Tolosan nengoela bete nituen. Eguna antsiz eta gogoz itxaroten nuen. Postalak hartzeak, zenbat eta gehiago hobe, oraindik ilusio handia egiten zuen. Nire aita-amabitxiengandik zurezko kaxatxo bat hartu nuen. Barruan erloju bat zekarren, izan nuen lehen erlojua. Seguruenik balio txikiko erlojua izan zen edo esku artean hainbeste ibiliaren ibiliaz hondatu egingo nuen. Ahaztuko nituen hainbat opari, bai azkenengoz jaso dudana ere, baina zurezko kaxatxoan zetorren opari hura ez dut inoiz ahaztuko.
Gaur hitza hartu diot Tia Mariari, artirina heltzen zaionean taloa jatera joango naiz eurenera.

2010-11-17

Zorionak Pello!

Zorionak, Pello!
Gure 24ak atzo goizean izan ziren. Ez zara gogoratzen zelan mahonezko praka haiek jazten nituen? Eta zela soldadutzara Valenciara joateko deialdia jaso nuen?
Ba, horixe, atzo goizean

2010-11-11

Zorionak, Maialen!!

Zeuri be badatortzu zeure San Martina. Baina zuretzat San Martin santu ona eta ongilea da.
Gozatu!!

2010-08-23

Mendian, lahar artean



Basoa garbitzera zoazenean oztopo askorekin egingo duzu topo eta etsai askori egin beharko diozu eraso. Aurkari nagusia, baina, laharra edo sasia izango duzu.
Sasia Ekialdeko filosofiaz hazten da, setatia da, ez du inoiz etsiko. Astiro, baina gelditu gabe egiten du bere lana, haztearen eta inguruetara hadatzearen zeregina. Erraz menderatzen duzula iruditzen zaizu, baina bera ez da nekatzen. Zu, bai, ordea. Nekea datorkizunean ez diozu kolpea lehenago bezain zehatz eta irmo jotzen eta sasia erdi barrezka hasten zaizu. Zenbat eta kantsatuago zauden, orduan eta kolpe gehiago jo behar diozu lurraren gainera ekartzeko. Une horretan dago pozik sasia, badakielako irabazten hasi zaizula. Orduan entzuten duzu bere barre gaiztoa eta oreka galtzen hasten zara.
Oreka zentzu bietan galtzen duzu. Indar handiagoa galtzen duzu alferrik, ez zabiltzalako hasieran bezain fresko eta fin eta gehiegitan trabatzen zarelako. Zure pazientzia, bestalde, agortuz doa indarrarekin batera, eta ezin duzu jasan sasiaren barre maltzurra.
Seguruenik biraoka hasita zaude ordurako eta horrekin zeure burua berotu, besterik ez duzu egiten. Sasia jada adarra jotzen ari zaizu. Bere momentua da. Orain ausartzen da arantza bat edo besterekin zure aurpegia ferekatzen. Lehenengo belarrietan edo erasotzen dizu eta hori eraman dezakezu. Baina atal bigunagoak topatzen dizkizunean, ezpainetan ziztatzen dizunean edo, batere lotsarik gabe, sudur zuloetatik barrura sartu eta hor bere eztenaz ziztatzen dizunean konturatzen zara negar malkoak ateratzen dizkizula, minaren minez. Atzera egin eta basoa uzteko momentua heldu zaizu, argi dago, baina atala amaitu arte ezin duzu alde egin, zeure ohorearen kontra lihoake hori. Beraz, burruka basatian murgiltzen zara, gero eta sakonago. Sasia hanken inguruan kiribiltzen zaizu eta muturrez aurrera erortzen zara, behin eta berriz. Etxera heltzen zarenerako hauts eginda zaude, ezin duzu zirkinik ere egin. Ostera, sasia dagoeneko hasita dago bere hazkuntza lanean, galdutako lekua berreskuratzearren. Eta ez du etsiko, ez da inoiz kantsatuko. Urte bete barru baso berera zoazenean sasitza bera aurkituko duzu, are indartsuago eta gorago igota.
Sasia edo laharra herioaren irudia duzu, badakizu azkenean garaitu egingo zaizula, ez dio ardura zenbat aldiz azpiratzen duzun. Etxerik dotoreena, lorategi ederrenaz inguratua egonda ere, sasiaren mende eroriko da labur edo luze, egunen batean. Sasiak ez dauka presarik, batere ez, pazientzia soberan dauka eta helduko zaio bere garaia. Urrunetik etorri behar badu ere, helduko da eta etxea inguratuko du ia igarri gabean. Ormetan gora egin, zuloetan barna sartu eta teilapeetatik sartuko ditu hatz fin zuriak. Ez dizu errespetatuko ez etxe, ez gaztetu, ez jauregi. Dena egingo du bere, dena irentsiko du.
Sasiak badauka, hala ere, bere aurpegi zuriagoa. Sasiak masusta ederrak ematen dizkizu. Sasia basoen sortzaile eta eraikitzaile bikaina da. Egunen batean, mendietako pinadiak beren kasa utziko bagenitu, sasiz jantziko lirateke eta sasi horiek berez ernetakoko haritz landareak babestuko lituzkete zuhaitz eder hasi zitezen arte. Betiko basoa berrezarriko luke.
Sasia, beraz, bizitzaren parte bezala onartu behar duzu eta bere edertasun garratza miresten ikasi.

2010-08-10

Agarreko maisuak lan ona


Andra Mariko eskolan hasi nintzenean baneraman urte bi Bilbon eskolatuta eta ondo egiten nituen irakurketa eta kontuak. Horregatik, Don Jesus, Agarreko maisuak, miresmenezko irrifar batez probatu zizkidan irakurketa kartillak, bata bestearen atzetik, denak sobera irakurtzeko gai nintzela frogatuz. Azkenean lehen graduko Alvarez enziklopedia esleitu zidan. Poz handia hartuko zuen nirekin, liburuko irakurketak ezezik, bere azalpenak ere normal-normal ulertzeko gai bainintzen. Ez nintzen, beraz, hain ernegagarri ziren hainbat ume abarkadun basati ezjakinen antzekoa.
Don Jesus, Agarreko maisuak, bere bibote eta azal finarekin, ez zuen umeekin harreman pertsonalik sortzen, baina niri azaldu zidan nola Cid Campeador famatuak hil eta gero ere mairuak menderatu zituen, zaldi gainean makila bati lotu eta zutik eutsirik.
Falangeko kanpamenduetara eraman ninduen zortzi urtekoa nintzenean, gutxienezko adina hamar urtekoa zelarik. Espinosa de los Monteros herrira eraman gintuen eskolako hiru mutiko, Jon Igertuko, Migel Angel Estartako eta hirurok. Adinera heltzen ez nintzela eta inork ezer esanez gero, bere iloba nintzela esateko mezua eman zidan eta halaxe egin nuen. Kanpaldi haietako lehen egunean sarrerako bide batean, erreka ondoan, goardia egiten jarri gintuzten goizez Morgako hirurok. Gizon bat eta ume bat pasioan hurbildu ziren eta nik, neure Falangeko jantziekin harro eta ausart bota nien altoa: Alto! Por aquí no se puede pasar! Ez dakit Jon ala Angel, nor izan zen ahopeka eta barreari eutsi ezinik esan zidana Isilik ego hadi!
Espinosako kaleetan barrena desfilatzen genuen eta inoiz egokitu zitzaidan formazio osoaren aurretik banderadun izatea. Zein nolako harrotasunez neraman bandera hura!
Handik herrira itzuli ginenean serio eta harro egiten nuen Instrukzinoa Leketzebarritik pasatu eta Jose Martinek edo beste edonork agindu ahala: Firmes! Derecha, ar! Izquierda, ar! Baina gehien gustatzen zitzaidana eta gehien baloratzen zutena Cuerpo a tierra, ar! izaten zen. Ez zidaten adarra gutxi jotzen!
Egun baten astokada bete belar ekartzera joan ginen ama eta biok Lumendira. Nik eskolako kontuak nerabiltzan, antza, buruan, Bisigodoak zirela, Recaredo edo Biriato zirela eta denen gainetik espainolak, espainolak baitziren niretzat heroi paregabe eta bikainenak. Honetaz mintzatu nintzaion amari eta amak, ez dakit ziurtasun osoz ala zalantzaren batekin, neu ere espainola nintzela adierazi zidan, euskaldunok espainolak ginela, alegia. Ezin izan nion sinetsi. Ederregia zen, zoragarria. Azkenean, kostata izan bazen ere, guztiz sinetsi nuen espainola nintzela. Hura poza! Hura ezuste ederra! Seguruenik eskuarea eskuan hartu eta ezpataz mairuak menderatzeko plantak egingo nituen eta Capitán Trueno edo Don Pelayo sentituko nintzen.
Bai, zalantzarik gabe, Agarreko maisuak lan ona egin zuen nirekin.

2010-08-09

Iñaki Katalana, gaiztakerietan jefe


Txabolakideei agurra idatzi zienean ez zekien azkenetariko agurra izango zuenik.
Duela 50 urte, bat gora behera, argi erakutsi zuen Iñaki Katalanak gaiztakerietan jefea zela.
Igande arratsaldea zen, errosariotik urten berri, umeok frontoi inguruan bildu ginen eta Iñakik deiadarra jo eta berehala bildu gintuen. Berak bazekiela non zeuden melokotoi eder-ederrak eta haiek harrapatzera joan behar genuela denok. Sasoi honetan izan bide zen, abuztuan, izan ere, melokotoi-muxikak handituta bai, baina oso berde zeuden oraindik eta.
Ez dakit zenbat mutiko bildu ginen, asko ginela bai, dozena batera helduko ginen, agian. Imanol eta biok izango ginen txikienetarikoak, zazpi urtetik gora ez geneukan inondik ere, agian gu baino gaztetxoagorik ere izango zen, baina. Imanolez bai gogoratzen naiz han izan zela, Imanolek ezin baitzuen nahita ere halakoetan hutsik egin. Iñaki gu baino lau bat urte zaharragoa zen.
Han abiatu ginen mutil guztiok, Iñaki buru zela, zakur basatien antzean. Lekerikan behera, errekarantza egin genuen eta laster heldu ginen Dungo Balerio eta Errufinareneko melokotoiondoetara. Lekua Duotik nahiko aparte zegoen, errekara bidean. Arbolen inguruan leize-troka batzuk zeuden, sasiz goraino jantziak. Helduaz batera gehienok arboletan gora egin genuen altxor preziatuen bila. Sarraski ederra egiten ari ginen, izan ere melokotoiak ez zeuden inola ere helduta eta bat probatu, beste bat horzkatu ... denak botatzen genituen, helduagoren baten bila. Baina han ezin genituen helduak topatu, ez zegoen heldurik eta.
Hasieran lapurretan beldurrez eta isilik bagenbiltzan ere, laster hasi ginen astrapala handia ateratzen. Fruta gozoa jatearen helburua zapuztu bazitzaigun ere, gaiztakeria itzela egiten ari ginen bizipena geneukan eta horrek sekulako zirrara ematen zigun, batez ere elkarri egindako txantxa eta iruzkinak entzutean.
Momentu batetik aurrera gertatu zena ziztu bizian pasatu zitzaidan eta ez nintzen jazotakoaz ia jabetu ere egin. Orain konta badezaket, gertaera jazo eta hurrengo egunetan Urrufiñak berak gure amari, neu aurrean nengoela, barre artean azaldu ziolako da.
Arboletan geunden txoriotako batek Txo, Urrufiña jatork hor! bota zuen. Inork ez zion kasurik egin, txantxetan ari zelakoan. Baina egia zen. Urrufina abiadan zetorren eta girristuka hasi zen: Hor noa paluegaz goitik behera! Eta halaxe zetorren etorri ere. Ondoren umeak arboletatik jausten hasi ziren plausta-plausta, fruta heldua bailiran. Nire ingurukoak salto egiten ikusi nituen eta gorengo puntan zegoena ere, Imanol, nire albotik pasatu zen aidean goitik behera. Hango zarrapastada! Neu ere lurra ikutu nuenerako abiada itsuan hasi nintzen makilakadetatik ahalik eta azkarren urruntzearren. Hain nindoan itsututa, non troka bateko sasitzara sartu bainintzen buruz behera. Urrufinak handik atera eta bide onean jarri ninduen arrapaladan segi nezan, berak mehatxuzko orruak botatzen segitzen zuen artean.
Halako pasadizoetan Iñaki jefe agertzen zen, beti handiren bat egiteko prest. Ez zion beldurrik ezeri ere eta errebeldea zen edozeren aurrean. Iñaki bizitza osoan izan da mutiko oker eta errebelde hura.
Agur eta ohore!

2010-07-06

Udako oporrak


Aurtengo oporrak Nafarroan pasatu ditut eta zoragarriak izan dira.
Has gaitezen esaten egia osoa. Krisia delako edo, egun bat, gaurko eguna pasatu dut Uztegin, Araizen, Iñaki, Esti eta Agurtzane Ibañez, Institutuko lankideekin. Iñakiren emaztea, Auxi, Uztegikoa da eta etxe eder bat daukate han ongi prestatua. Auxiren gurasoak beste baserri batean bizi dira herrian eta familiakoek arditegi bat daukate han.
Baina egun bakar batean gertaera asko jazo daitezke, fijatzen hasi ezkero. Denetarik, onak eta txarrak. Baina txarrak berehalakoan ahazten dira, zorionez, gogoramen onak soilik gordetzeko.
Adibidez, berehala ahaztuko nukeen Iñakiren etxe ondoan, geratuta geunden lekuan, 9ak puntu-puntuan labainkada bat egin eta hankaz gora, literalki, joan naizela. Ipurdi gainean sekulako kolpea hartu dut, baina ondorio handirik izan ez duenez, amen batean ahaztuko zait.
Egun batzuk pasatutakoan burutik joango zait borda baten ingurutik pasatzerakoan dozena erdi bat txakur txiki atera zaizkigula bidera eta elkar berotuz eta animatuz hasi direla zaunkaka, halako batek atzetik etorri eta kosk! iztarrean haginka egin didala. Egun batzuk pasatutakoan ez dut gogoratuko zerk eragin didan zangoko ubeldura.
Gogoan izango dugu, ostera, Araiz bailarari egin diogun birpasaketa, borda, zelai, irastortza, behor eta behien sinfoniaren erdian. Noizbehinka eta uda partean joateko paradisua da alde hori.
Betelu ere bisitatu dugu eta ikasi dugu ez dela hango ura soilik gogoangarria, ezta behin izandako balnearioa ere. Badira aintzinako, XIX mendeko, burdinola handi eta ospetsu batzuen aztarnak. Ormatzar sendo zaharrak dira behinolako sonaren seinale. Bertan egin ziren Nafarroak atera zituen azken txanponak, gerrate karlista bien arteko sasoian.
Lortuko dugu tradizioa bilakatzea udaren hasierako Uztegirako bidaia, bai horixe!
 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago