2013-12-14

Agur ta banoa ...

Aurtengo, 2013ko, abenduaren 13an 60 urte betetzean agur esateko unea heldu da. Erretiroa hartzeko eguna etorri da eta banoa.
Garai zahar bati agur esatean zerbait eteten den sentipena nabaritzen da eta mingarri egiten. Baina datorren berriari aurre egiteak alaitasuna ematen du, batez ere jakinik laneko betebeharrik ez dagoela. Datorren berria, hala ere, zahartzaroa beraren hasiera izanik nola eman aurpegia halako jaun serioari? Oraingoz gogoz eta pozik! Datorrena datorrela, aurre egingo zaio!
Ikasleekiko azken eskolarako despedida moduko bat prestatu diet izen honekin: Maisu baten ibilerak

Eta hona lankideekin TXURRASKO jatetxean agurreko bazkarian kantatzeko habanerak:



1
Azkenez ailegatu da
espero nuen eguna,
gehiegi luzatzen zaigu
luzez itxaron duguna.
Erretiroko garaia
ez zait egingo astuna,
biharko planak baditut
baldin badut osasuna:
kindle-ean irakurri,
pasiatzeko laguna,
astozantza ta baratza
eguneroko jarduna,
mendia eta kantua
denoi gustatzen zaiguna.
Zein erakargarria den
bizitzeko askatasuna

 2
Zuen geroa zertan den
noakizue azaltzen,
ez da izango erreza
basatiak menderatzen.
Hasi teknologiaren
aukerak aprobetxatzen,
Wiki, Edmodo ta Prezi
zuhurtziaz manejatzen
eta eraikuntza berrian
zibergelak antolatzen, 
jarri zuen hologramak
ikasgaiak esplikatzen;
zuek artean nirekin
Miribilan kafea hartzen
eta trebeak direnak
Pantikosan eskiatzen.

 3
Ingles departamentuan
pakea ia ezina,
ene herentziagatik
nolako joko zikina!
Hondakinak disputatzen
itzelezko ahalegina,
bi bultzaka ta tiraka
hirugarrenak berdina.
Kafe katilu bikaina
hamaika puska egina,
hirurek nahi dute mahaia
argi eta atsegina.
Baina ezin diet utzi
hau dute gauza jakina
ene presentzia bizi
elegante eta fina.

 4
Deitu izan didazue
puta-kume ta kabroia
eta neurri bateraino
baduzue arrazoia;
sentitzen dut daukadala
kontzentzia pixka bat lohia
eta ongi merezita
dut jasotako jipoia.
Baina sentitzen dut baita
gaur neu naizela heroia.
Berdin izango dit euri
tximista ala trumoia,
ez naiz izango gehiago
despertadoreen morroia,
tamalez oso-osorik
jango duzue marroia.

5

Hezkuntza izaten denez
gizarte oso batena
erantzukizun handia
da zuek daukazuena.
Ez etsi zuen lanean
badaukazue ahalmena
nahiz ta urrezko letrez ez
agertu zuen izena.
Txinaurrien lan eskerga
da kargarik astunena
merezimendu handi ta
gutxitan eskertzen dena.
Bete zalantzarik gabe
kontzentziak dioena,
profesionaltasuna
 beti da bide zuzena.

6
Erretiro egunean
daukat atsegin itzela
zuen erruz tximeletaz
beterik daukat sabela.
Desio nuen zuekin
partekatzea honela,
jaia izan zitekeen
ezinezkoa bestela.
Bero igarri dut denon
begiradaren epela
lehertzear izateraino
nere barneko kupela.
Poztutzen nau sentitzeak
opari onena bezela
gaur sentitzen dudan poza
zuena ere badela.



2013-09-19

Petrala


Usaimenak eta usainek denboran eta espazioan urrunera eramaten gaituzte instant batean. Hitz batzuek ere ahalmen horixe daukate. PETRALA hitzak aitona Gabinoren irudia ekartzen dit edo neu eramaten nau harengana. "Aittitte, konteu Pernando Amezketarrarena!" Eta berak enegarrenez kontatzen zidan erbiarena edo petralarena.
Gabino Gezuraga gizon irakurria zen gaztetan eta horrexegatik herrian, Muxikan, udaleko kargu bat ere izan zuen, idazkariarena edo. Pernandoren ipuinak liburu batean irakurrita zituen eta haietako hainbat kontatzen zizkidan ume txikia nintzelarik. Ni ez nintzen sekula aspertzen haren ipuinekin, hainbat eta hainbatetan entzun nizkion arren. Etxeko atari aurrean esertzen zenerako han nengoen ni, berriz ere erbiarena eta beste batzuk eskatu eta entzuteko prest. Liburu hori galdua edo izango zuen ordurako, nik ez nion sekula ikusi, behintzat. Pernando Amezketarra. Bere ateraldi ta gertaerak izenekoa izango zen seguruenik, 1925ean Gregorio Mujikak argitaratua. Web orri honetan topatu dut eta petralarena 53 zenbakiduna da: klasikoak.armiarma.com : 

53 SARTU BITEZ!... 
Pernando bazetorren Tolosatik etxera, bere asto beltxa aurrean zuala. Olarainera iristean, bi damatxo arkitu zituan; oek astoari begira jarri ziran, eta lokarriak min eman ez zezakion isets-ondoan zeuzkan trapu zarrak ikustean, asi ziran parrez.
         —Zu, Pernando —galdetu zioten zirikatzeagatik— astoak isats-azpian daukan oial orren kana bakoitza, zenbatean saltzen dezu?
         —Ori bera ez dago saltzeko, andratxo. Baña ori baño obeak badauzkat denda-barruan... Sartu bitez...
         Eta astoari isetsa goi-goraño jasoaz, bidea erakutsi zien.



Hala ere petrala hitza bera ez da agertzen pasadizo horretan, perifrasi batez adierazten da (lokarriak min eman ez zezakion isets-ondoan zeuzkan trapu zarrak) nahiz eta etxean guztiz hitz arrunta genuen. Hiztegietan bilatzen hasi eta, harrigarria!, guk ematen diogun adierarik ez dagoela ikusi dut, bai beste batzuk, ordea. Ikus ADOREZ hiztegiak dakarrena:

 Petral: 1 izond. sinvergüenza, desvergonzado/da, insolente, descarado/da; ez daki ixilik egoten, hau bai ume petrala!: no sabe estarse callado, que niño tan sinvergüenza. 2 iz. (Eraik.) viga, correa; nola esan diezaiokezu inori 'utz begian daukaan lasto-izpia ateratzen', zuk zeurean zur-petrala daukazula?: ¿cómo puedes decir a otro 'déjame que te saque la pajita que tienes en el ojo', teniendo tú en el tuyo una viga?. 3 iz. (zaldiak) correa, ventrera, cincha. 4 orillo, borde de la ropa, bajo, borde, orillo, ruedo; Jesusen petrala ukitzeaz sendatu zitzaion odoljarioa: con tocar el orillo de Jesús se le curó la hemorragia.

2013-09-17

Pegaso

Hara, irudi hau dauka buruan Erromulok berari buruz. Zaldi angloarabiarren parekotzat dauka bere burua. Errealitate krudelak ekarriko du dagokion lekura, aurrerago edo atzerago.
Ez dakit norberaren burua handitzat eukitzeak onurarik dakarren. Ongi dago autoestimua goian izatea, baina goitik erori eta min handia hartzeko arriskua dauka horrek.
Hegoa gainean jarri zaionean bere ametsak sutu eta hegaldatu egin dira. Pegasus zaldi beltza sentitu da belardi gainetik hegaz doala edo tximeleta koloreduna, aurrean hegal bi eta atzerago Hegoa duela.
Astakirtena halakoa, petrala ez bada, gero!




















2013-09-05

Elaiak


Irailarekin eskolara hasteko edo bueltatzeko ordua heldu da. Goizean goizik nagi batzuk atera eta habia beroa utzi behar da eskolara edo Institutura joateko.
Enarak ere horretan ari dira. Haientzat ere bizitzako eskola gogorra da. Aita-amek ekarriko mokadu gozoez ondo elikatu eta haien animo eta bultzadaz lagundurik lehen hegaldietan saiatu behar dira, berehala, habia utzi berri, urruneko lurraldeetara abiatzeko. Datorren udaberrian, kukuaren kantuaz batera, hemen izango ditugu berriz, iratzargailua bezain zintzo.
Zer den naturaren ahala! Zein liluragarri egiten zaigun haren indar geldiezina! Geu ere elaien eta astoen pareko izango ginake haien pareko garela onartuko bagenu. Batzuek, ordea, naturarekin bat egin beharrean, hau etsaia bailitzan, menderatu egin nahi dute haren gainetik jarri nahirik, edo natura loturetatik, lotura naturaletik, askatu beharra sentitzen dute, agian eskolan edo etxean ikasi duten etika edo morala derrigorrean aplikatuz. Erromulok ere harrokeria eta hantustea besterik ez du eta bere burua handitzat dauka, angloarabiartzat edo dauka bere burua, antza, asto umil eta soil bat besterik ez denean.


2013-09-02

Erromuloren dialektika


Guduzelaian bakea da orain nagusi. Ez gara hemen hasiko bitarteko gertakariak zehazten, dela Aieteko Adierazpena, direla Lizarra-Garazi edo Loiolako elkarrizketak. Normaltasunera iritsi gara, Bakea eta Normaltasuna zer diren jakiterik ez badago ere. Irudietakoa normala bada, normaltasuna lortu dugu.

Erromulo bere onera etorri denean buruaz pentsatzen hasi da berriro eta erakutsi digu amagandik txikitan ikasitakoaz baduela oraindik buruan gordeta. Aparejua aurrean ikusi duelarik platoniko xamar jarri eta ustekabean bota dio Patxikori: "Ni gurdiarekin nahikoa lan eginda niagok. Orain apareju hori heuk jarri ezak eta neuk egingo diat arre atzetik" Patxiko zer erantzun ez zekiela geratu da hasieran, baina azkenean topatu du erantzuna: "Jabea beti duk jabe eta astoa beti asto". Astoa, ordea, ez da atzean gelditu: "Ezin diagu betikoan geratu aurrerakuntzarik nahi badugu. Dialektikaren legeak dioenez aurkakoen arteko liskarretik zetorrek hobekuntza, tesiaren eta antitesiaren arteko sintesi bat bilatu beharra diagu progresioa lortzeko. Txandaka egin behar duk lana hemen, ez diat beti antitesia izan nahi". Patxikok, baina zuhurki aurpegiratu dio: "Bazekiat errekako ura inoiz ez dela ur bera izaten, baina erreka beti duk erreka, nagusia nagusi eta menpekoa menpeko.
Azkenean Lindarengan topatu dute sintesia, Linda izango da aperejatua. Eta Erromulok zer egingo du?









2013-08-29

Aparejua


Linda jatorriz bermeotarra dugu. Orain Erromulo den adinekoa zenean, lau urterekin edo, ekarri zuten Bermeotik eta geroztik Morgan daramatza bizitzako urterik gehienak. Dozena erdi bat astokume beltz egin ditu bere bizitzako 17 urteetan, haien artean Erromulo. Aurkarien dialektika ondo ezagutzen du, Bermeo/Morga, itsas portua/baserriko korta, sardina/tomatea, kresala/garoa, atuna/olioa, Lekeitio/Biasteri ... Badaki Bermeon bertan ere nekazaria eta arrantzalea daudela, baserria eta kaia, biak direla herrian, antzekoa gertatzen dela Ondarroan ere. Aurkakoak ongi uztartzen iaioa da bere arbasoak arraina hara eta ardoa hona garraiatzen ibiliak zirelako agian. Gure aitona Gabino ere badakigu gaztetan ardoa Bermeora garraiatzen ibilia zela eta ziur Bermeotik bueltan zerbait ekarriko zuela, legatz handiren bat gutxienez.
Lindak ongi ulertzen du aparejuaren bikoiztasuna, badaki itsasuntzian gauza bat dela aparejua eta beste bat Morgako baserrian, izen berbera dutela arrainak harrapatzeko tramankuluak eta asto gainean jartzekoak. Jakituriaz beterik erakusten digu badakiela zer den arrantza egitea belardian eta zer arrantza egitea itsasuntzian. Ez al dauka honek paradoja baten antza? Batak aparejua, besteak arrantza!


  

2013-08-28

Edipo Errege


Mina? Zer da hori?
Erromulok agudo erantzun digu Esfingeak Edipori jarritako igarkizunaz galdetu diogunean: "Zein da ahots bakarraz lau hankaduna, bi hankaduna eta hiru hankaduna den bizidun izakia?" "Neu, neu naiz!" bota digu. "Normalean lau hankaduna izaten naiz, baina, orain bezala, oso asto nagoenean berehala zutitzen naiz hanka biren gainean eta hirugarren hanka ere bista-bistara ateratzen zait"
Erantzuna okerra da noski, baina, esan bezala, gure Erromulo ez dago inori entzuteko eta gutxiago buruaz pentsatzeko. Arra izaki, beste gorputz atal batez pentsatzen du. Apareju ederra eginda dago gure Erromulo.
Tamalez, hesia jarri diote bera eta Lindaren artean. Halakoetan praktikoa izan behar da, maite duguna eskuratzerik ez badago, eskura dagoenarekin konformatu behar!
Aparejua aipatuta, Mendik Arrietatik ekarritako aparejua probatu beharko zaio asto bat edo besteri.

2013-08-26

Edipo



Erromulo eta Edipo oso antzekoak dira. Erromulo bere amarekin maiteminduta dago. Ez daki Linda ama duenik eta asto jartzen denean ez dio axola esaten diogunagatik ez amak ematen dizkion ostikadengatik. Horrela dagoenean aita ere hilko luke erdian harrapatuko balu. Beharrik aita aspaldi aldendua den eta non dagoen ere ez dakigun.
Edipo bezala, Erromulo hanketako gaitzez ibili da egunotan, asko mugitu gabe, baina gaitzarena lanik ez egiteko aitzakia besterik ez da izan. Agerian geratu zaio trikimailua. Ama ikustean min guztiak uxatu ditu laster batean. Ikusi al dio inork koxorik. Ahaztu zaizkio azkar zaintiratu eta herrenak. Osatu dela ematen du, baina Linda osorik geratuko ote da?
 

2013-08-19

Zapata berriak

Dena zegoen prest. Erromulo berekasa errenditu eta etzan zen. Hain zegoen zapata zaharrekin nazkatuta, non lau hankak batera eskaintzen zizkigun agindutako zapata berriak jar geniezazkion. Dozena erdi bat lagun inguruan lanerako prest, bat hankari eutsiz, bestea buruari; astoa lasaitzeko abesten zionik ere bazegoen, baita honi duetoa egingo zionik ere. Huts egin zuena erreminta izan zen, ez zegoen apatxak mozteko balio zuen tresnarik. Ahalegin guztiak alferrik izan ziren eta langileei berdin berdin ordaindu behar. Bazkariarekin konformatu ziren, gaitzerdi!
Patxiko Iruraraino joan zen hurrengo egunean tresna berriak erosten eta haiekin apatxak txukun antzean utzi zizkioten Erromulori.
Zoritxarrez zerbait gertatzen zaio gure astoari. Ez dakigu hankaren baten bihurkadaren bat egin ote diogun, oin azpiak oso gaizki utzi dizkiogun, ala zoriz beste gaitzen bat pairatzen ari den. Gauza da ez duela ibili ere egin nahi, ahul eta triste antzean dagoela. Egun batzuetan zelaian bake-bakean utziko dugu, ea berez pasatzen zaion. Agian bere amarekin egonez gero haren mimoekin hobera egin dezake.

2013-08-14

Lehen karga

Zer zela uste zendun gurdian jartzea? Sillan eseri eta gitarra jotzea?
Bizitza osoan inoiz lan egitea zer den jakin gabe egon den Erromulo astagaisoari orain gurdia jarri nahi diote atzetik lotuta. Torturatzeko halako tramankulurik ez duela ezagutu nahi esan du, gurago duela zelaian belar puntaz belar punta berekasa ibiltzea. Beraz, agindutakoaren kontrakoa egiten hasi da, setati. Patxiko argudiozko erretolika luzean hasi zaio, dena ez dela garragarran eguna pasatzea, bizitzan badagoela halako betebehar morala. Azaldu dio nola Erromaren sortzailearen izena eramanik jakin behar lukeela erromatar Virgilio poetak ere hasiera batean epikureoen haizea besterik ez omen zuela hartzen, baina geroztik konturatu zela estoikoek ere bazutela arrazoia eta lana eta nekea ez zirela gizakientzako madarikazio bat, baizik zirikatzeko eta bizirik egoteko bitartekoa. Gaineratu dio Eneas erromatar heroiak ere bere semeari hala esan omen ziola:
Disce, puer, virtutem ex me verumque laborem,
fortunam ex aliis.
Ikas ezak, seme, nigandik dohain eta benetako lana,
besteengandik zoriona.
Guztia adi entzun eta gero ere, Erromulo bere hartan, gurdiranzko zirkinik egin gabe.
Azkenean, bai, ekinaren ekinaz, Patxikok lotu du astoa gurdian eta dena abiatu da primeran. Baina Erromulo ezin da ibili zapata horiekin, Erromulok zapata berriak behar ditu.

2013-08-06

Bigarren Ikasketa Praktikoa: I Am The Boss

Neuk Agintzen Dut
Hauxe da bigarren eskolaren izenburua. Erromulok alde teorikoa gainditu gabe dauka oraindik, ikusten denez. Zer esanik ez praktikoa. Baina, ez pentsa, jarrera ona dauka eta lortuko du bigarren ikasgaia menperatzea, nota onarekin, gainera.
Hobekuntzarik nabaritzen da bigarren bideoan, ez da hala? Maisuak gizakumeekin izandako esperientziak asko balio du Erromuloren heziketan, barka bezate konparaketa lau hankadunek. Gakoa haien lekuan jartzean datza, asto baten moduan pentsatzea, hain zuzen. Asto baten leku psikologikoa hartzeak astakeria bat dirudi, baina, ez, formalean, hezitzaile batek, arrakasta erdietsiko badu, astoaren lekuan jarri behar du, honen beharrak eta gurariak ondo ulertu, fideltasuna irabazi eta fidagarritasuna lortu.
Erromulori lehenengo bokalak eta gero kontsonante batzuk irakatsi behar zaizkio eroapenez. Ondoren etorriko da obeditzearena, baina hasteko zer eskatzen zaion ondo ulertu behar du.
Hurrengo urratsa gurdian lotzea izango da. Ea nola moldatzen garen


2013-08-03

Erromuloren ikasketak

LEHEN IKASKETA PRAKTIKOA: TRUST IN ME
Patxikoren ametsak idi parearekin helduko dira gailurrera, baina harainoko bideari ekiteko astoarekin emango ditu lehen urratsak. Patxikok Asturieseko Bimenes herritik ekarrita dauka asto-gurdi berdea eta orain Erromulori eskola praktikoak ematen hasi zaio. Lehenengo eskola Fida Hadi Nigaz, izenda dezakegu. Honetan Patxikok paradisu berrietara eramango du ikaslea eta bere eskutik esperientzia berri aberasgarriak erdietsi ditzakeela erakutsiko dio.
Erromulo txundituta geratu da errekastoaren murmurioarekin, liluratu egin da sorginorratzak zuhaitz hostoak josten ikustean, zurtu egin da urezko ispiluan uhinen arteko dantzan zebilen astoko xarmagarri batekin eta inolako lokarririk gabe aske sentitu da Patxikok astoarentzat sortu duen zeruan.
Erromulo jadanik prest dago bigarren eskola ikasteko.
 

2013-07-29

Lehen ikasgaiak

Maisu tituludun ezjakinak gara. Neugatik nabil.

Lurretik jan eta edaten dugu eta ez dakigu lurrak ematen digunaz ia ezer. Nik behintzat ez nekien garia, garagarra eta oloa bereizten. Zeozer ikasi dugu jadanik.
Esproncedatik Desojorako goizeko bidaiariak txorien txorrotxioak entzuten ditu, poxpolinak ere bai tarteka eta aurtengo zekale berantiarren kolore ederrez gozatzeko egokiera izan du. Uztaila honetan Ioar tontorra estalita agertu da sarri.
Lehenengo ikasgaia hau izan da, gariak garau trinkoak ditu eta burua tente,
garagarrak buru bizarduna makurtuta izan ohi du
eta oloa oso lumatsua da, garauak bakanduta dituena.
Hirurak bat

2013-06-25

Naturala

Naturala da guraso batek bere seme-alaben onura nahi izatea.
Naturala da norberak atxiki nahi eta ezin izan dituen lorpenak semeak eskuratzean norberarenak direla sentitzea.
Harrik gainditu du C1 Ingeleseko titulua, nola lehen froga hala bigarrena, ahozkoa. Nik ahozkoan bi aldiz egin nuen huts. Lan ona egin dit eta zoriontzeko moduan nago. Esan nahi dut, neu zoriondu nazakezuela, poztasun handia hartu baitut, ukabilak gora eta irrintzi alaia. Harriri ere eman zorionak, nahi baduzue. Nireak hor doaz: Zorionak, Harri!

2013-06-19

Irudikatu

Irudikatu ekainaren erdian zaudela eta ustekabean domeka goiza eguzkitsu argitu dela, kanpoan 19 gradu 8etan eta berotzeko traza.

Egizu kontu goizeko protagonista bakarrak txoriak direla, bakoitza bere armoniarekin eta zozoak kerizondoan multzoka.
Jo dezagun zure betebehar bakarra gosaria prestatu eta jatea dela (arrautza parea, zolomo errea, piper gorriak, Parmako gazta eta tea) eta ondoren pasioan ibili, irakurri eta etzanean egotea.
Egin dezagun Esproncedan zaudela, Lizarraldeko herrixka batean, Juanen etxean eta honen inguruko lorategian egunaz gozatzen.



Imajina daiteke eskenatoki hoberik?

2013-05-17

Trinik 100 urte















Gaur dela 100 urte jaio zen Trini zena Errementarin. Guk ezagutu izan dugun ia denbora osoan ez zen oso hitzontzia. Azken urteetan hasi zen, gero eta gehiago, bere bizitzako pasadizoak kontatzen, baina gai batzuk aipatu ere ez zituen egiten. Noiz izan dugu bere anaia fusilatuaren berri? Besteek kontatu edo iradokitakoaz dakigu haurtzaro latza izan zuela. Urte haietan nork ez? Berak bereziki amaren falta botako zuen, oso txikia zelarik hil baitzitzaion. Ez dakigu ezer haren haurtzaroaz. Gaztetan Bilbora joan eta han bilakatu zen sasi-baserritar, sasi-hiritar.
Umezalea ez zen inoiz izan. Ume txikiak ahalik eta urrunen. Bat edo bat gehiegi hurbiltzen bazitzaion makilatxoa astindu eta uxatzen zuen. Honetan, hala ere bazituen bere ahuleziak, bere alabaren batekin, esaterako.
Ia bizitza osoan eraman zuen sabelean barrua jaten zion arra, harik eta adinean oso aurrera joanda, ezinbestean ebakuntza egin zioten arte. Kirofanora eramateko bila etorri zitzaizkionean negar zotinka gogoratzen dugu, nola ahaztu, azken hatsa botako zuen ikaraz. Ostera, ordua benetan etorri zitzaionean, bazekienean, jada zalantzarik gabe, azken egunak zituela, irmoki erabaki zuen, bestelako emoziorik gabe, ez zuela ezer gehiago jan nahi, bazihoala betirako.
Egun berean, 1913ko maiatzaren 18an, jaio zen Bogota hirian Nicolás Gómez Dávila filosofoa. Honen pentsamendu zorrotzak "escolio" izendatu zituen idazleak berak. Halako bat da hau:  “La momentánea belleza del instante es lo único que concuerda en el universo con el afán de nuestras almas”.




2013-02-12

Kuartangoko Adolfo

Ez, ez da zezenaren izena, honen jabearena, baizik.
Adolfo Martinez de Santos du izen osoa eta Kuartangoko Gilarte herrixkan dauzka abereak (behiak, pottokak, ahuntz azpigorriak eta ardiak).
Terreña arrazakoak ditu behiak eta hauen okela ia Araba osoan zehar saltzen du isotermoarekin joanda. Suertea dauka seme biak ganaduarekin zaletu direlako. Gainera ikasketak ere lanbide horri begira egin ditu batak eta egiten ari da bestea.
 Adolfo 18 urtekoa zelarik hasi zen ezerezetik bere abeltzain ibilbide honetan. Eroskin bazeukan etorkizun bikaina, baina enpresak bere estrategia erabat aldatu zuenetik, zabalkunde eta konpetibitatearen apostua eginez, baja eskatu zuen eta bere indarrak erabat eskaini zizkion etxeko negozioari. Pekatu bezala aitortzen du Leon, Zamoran eta abarretan Eroski dendak egotearen ardura zati bat berea duela. Araceli emazteak ez zuen ondo hartu lanbide segurua utzi eta behiekin hastea. Gainera ez edozein behi, ez, terreña arrazakoak, hain justu. Arraza hau bertokoa da, betidanikoa, batez ere Gorbeia inguruetan sustraitua, baina aspalditik baztertua izan zen beste behi mota batzuekiko konparaketan oso galtzaile irteten zelako, errentagarritasunari aditurik. "Zoratuta hago! Nora hoa terreñekin!" eta halakoak entzun behar izan zituen, ez gutxitan. 30 urte inguru geroago ia erabat desagertzear zegoen arraza hau oso indartsu ageri da azoketan eta beste baserritar asko ere ohartu dira haren balioez, ezin hobekiago egokitzen delako gure ingurune malkartsuetara, gogorra izanik zaintza gutxiago behar duelako, ongi erditzen delako eta okelean duen kalitate onagatik.
Abereak erakutsi eta gero sukaldera sartu ginen eta Adolfok kafe beroa eta inauterietako tostada batzuk eskaini zizkidan, leihotik elurra mara-mara ikusi bitartean.
Gilartetik Salmantonera bidean jarri nintzen Iñaki Iarrituren idi terreño gazteak ikustera. Iñakik eta beste sei bazkidek urtero ogiaren prozesua birsortzen dute idiak uztartzetik hasi, garia moztu, alea errotara eraman, labeko lanarekin jarraitu eta ogia egin arte. Herriko abadea omen da taldearen bultzatzaile nagusiena. Egutegi ikusgarri bat ere argitaratua dute okintzaren berri erakutsiz.
Duela mende erdi edo Araban ehundaka idi uztarri zeuden, denak terreña mota honetakoak. Salmentonen ere etxe guztietan zeukaten idi uztarri bana gutxienez. Iñakik harrotasunez, pena handiz ere bai, erakusten dit etxeko aspaldiko azken idien argazkia. Begiak pizten zaizkio nolako bizitasun eta indarraz tiratzen zuten kontatzen didanean. Eta etxean nola maite zuten orain orma batean daukaten behia!

Iñakik irrifarre gaiztoaz hitz egiten du Adolforen terreñaren berreskuratze ahaleginaz. Oraingo terreñak ez omen dira aintzinakoak bezalakoak! Antzik ere ez! Aintzinako haiek bai, haiek baziren benetakoak!

2013-02-03

1971ko promozioa

Derrepentean dei bat Instira ostiralean. "Milek Landa naiz" "Mikel Landa ... Altzagakoa?" "Bai. Berandu da, baina ... bihar bazkaria daukagula txoko batean, Leioan, gure kurtsokoekin".
Eta zapatuan denboraren tunelean sartu nintzen eta buruko ganbarako aramu-sare eta hautsak astintzen hasi nintzen. Nolakoa den burua, gero! Bapatean bizipen ahaztuetatik sugarrak ateratzen hasi ziren.
Oso bilkura erromantikoa izan zen, konturatu nintzen ez gogoratu bakarrik, oso estimu handian ere banaukatela. Gainera, ilearena kenduta berdin-berdin ikusten ninduten.
Neska-mutik kuadrila hau azkenez Altzaga ikastolan ikasle izan nituenetik 27 urte pasatu dira eta badituzte jada 41 urte. Ez ziren asko faltatu, 20 bat edo baziren eta arratsaldea di-da batean pasatu zitzaigun pasadizo zaharrak kontatzen, gehienak barregarriak, batez ere ikasketa bidaian Calella de Mar-era joan ginenekoak. Aitortu zituzten orduko pekatu batzuk, nola saltatzen zuten gelako leihotik igerilekura, gaueko ibilaldiak eta abar. Oso ausartak izan ginen Puri Ormaetxea eta biok ume mokoak Arnau kabaretera eramaten. Vedette bat eskenatokitik jaitsi eta galdetu zien ea nork nahi zuen bere titiak benetakoak ala silikonazkoak ziren probatu. Aitzolek frogatu zuen benetakoak zirela.
Atzo, otsailaren 2an han nirekin izan zirenak, :
Arantza Aurre, Asier Bilbao, Olatz Bilbao, Jon Kamiruaga, Aitzol de Castro, Eunate Etxebarria, Aitor Fernandez, Asier Fernandez, Joseba Gaubeka, Josu Ibañez, Itziar Incera, Susana Jimenez, Ainhoa Juez, Mikel Landa, Leire Luzaide, Elena Nuñez, Iñaki San Juan, Jasone Ugarte Mikeldi Uribe-Etxebarria eta besteran bat 5. mailatik aurrera Altzagan egon ez zena.
Datorren urteko otsailaren lehen larunbatean daukagu jarrita hurrengo zita. Hori ere di-da batean dator
 
Creative Commons License
Gune hau Creative Commonsenlizentziapean dago